Bikotekidea udan

Agurtzane Ormatza Imatz

jo54.gif

Dagoeneko denak egongo zarete oporretan murgildurik…zein gustura e? aprobetxa ezazue ba! Oraingoan natorkizue gai gazi-gozoarekin. Beharbada uda ez da garairik eta onena horrelakoak ekartzeko, ez dakit. Dena den uste dut udak ematen duela baikortasuna, indarra, gozamena…behar ditugun hainbat elikagai gaziak diren gertaerei aurre egiteko. Gainera sasoi honetan ikusi dudanagatik mugimendu asko egoten da denon emozioen eta sentipenen aldetik, beraz aproposa be bada.

Askorentzako uda izaten da momentua bikotekidearekin denbora gehiago egoteko aukera, beste batzuentzako denbora bakarra urtean berarekin egoteko eta sarri bikotekidearengandik urrun egoteko garaia. Beraz denontzako be bikotearekiko sentimenduak, loturak, burutazioak… aztertzeko momentua. Neska eta mutil askok iazkoari begiratu eta balantzea egiten du. Batzuk pozik, beste batzuk triste, haserre agian...

 


Denetarik entzungo dugu. Batzuk denbora asko daramazue bikotekide berberarekin. Eta beharbada hasieran funtzionatzen zuena orain ez du etekin berberak ematen. Gu aldatzen garen heinean, gure beharrak eta desioak baita ere bai. Beharbada be aspaldi konpondu gabeko kontuak oraindik azalean daude. Beraz aldaketei beti eman behar zaie denbora eta lekua. Askotan ez da izaten erraza, berba egin behar dugulako. Gure barnean dagoena konpartitu modu zabal batean, bakoitzak dakien moduan baina beti ere besteak gu ulertzeko moduan be. Batez ere argi daukazuenean aurrera elkarrekin jarraitu gura duzuela.

 

Txarto egotea eta adieraztea non zaudeten lagungarria izango da daukazuenari buelta bat emateko eta gura duzuen norabidean jartzeko. Ez da lan erreza, bikotea ortu bat bezalakoa da. Lehenengo belar txarrak, harriak… kendu, lurra erein, haziak ipini, aldiro ureztatu, adi egon, zaindu…Baina azkenean fruitu ederrak be ematen ditu. Baina beste batzuek askotan argi daukazu bikote harremana ez zaituztela asetzen. Ez zaudetela ondo bikotekidearekin, triste ala haserre zaudetela pozik eta gustura baino, beste pertsona bat agertu dela zuon bizitzan, ez daukazuela jadanik gogorik mutil edo neska-lagunarekin egoteko, bikotekidea gehiago dela laguna beste zer edo zer baino…Bakoitzak bere arrazoiengatik aukeratzen du bidea bere kabuz jarraitzea, harremana apurtzea… Ez da momentu erreza izaten inorentzako ere ez.

Askotan apurketa aukeratzen duena aspaldi dabil kontuarekin gogoan. Errua eta mina bidaide izaten dira barrena askatu arte, askotan geroxeago ere bai. Laguna sarri sumatzen zuen zerbait gertatzen zela baina imajinatu ere ez zuen egiten edo ezin gura zuen. Eta biak be nahiko urdurik. Zelan esan gustura egon zarenarekin, maiteminduta egon zarenarekin zuon artekoak ez daukala denbora ezta leku gehiagorik. Gogorra da. Esan behar duenarentzako eta zer esanik bez jaso behar duenarentzako. Ez dago errezeta magikorik dena borobil ateratzeko. Latza da eta ez dago bestelako kalifikatzaile. Denbora joan ala biontzako oso askatzailea izango bada be. Sarri ez dakigu zer esan edo zelan esan. Harreman asko hasi diren moduan bukatzen dira, hau da SMS batekin, posta elektroniko baten bitartez, lagun batez bitartez, telefono dei batekin…Beste batzuek esan beharrean ezer distantziak ipintzen edo bikotekidea denetariko moduekin behartzen erabakia azkenean berak hartzeko. Eta badaude aurrez aurre jarrita ahal duten moduan adierazten zer gertatzen den.

Zelan esaten dugun agur inportantea da, esaten duenarentzako eta lagunarentzako ere bai. Momentu mingotsa da baina aukerak ematen ditu batak eta besteak esateko, galdetzeko, azaltzeko, sentitzeko, ikusteko…izan beharrekoa. Sarri berdin da zenbat berba egiten dugun, zelan azaltzen dugun, zelako galderak egiten ditugun… maitasunaren mina ase-ezina delako, momentuan ezin delako ulertu maite duguna zergatik ez duen gurekin egon nahi, pentsatzen dugulako laguna konbentzitu dezakegula gu aldatu edo zer edo zer aldatu ezkero... Baina horrela bada ere batari eta besteari aukerak ematea tarte hori izateko ez da makala.

Gero bakoitzak bere moduak edukiko ditu, gehienetan eskasak eta mingarriak bientzako be. Bizitzaren pasarteak dira. Eman denbora zure buruari, uda zoragarri honetan, harremana gainditzeko, lagunekin egoteko, negar egiteko, bikotekidea albo batera uzteko, egonean egoteko, plan desberdinak egiteko, barrenak askatzeko amaitu ezina den egunkari batean , musika entzuteko, naturak ematen duen aukeraz gozatzeko, berarekin ez zenuen gauzak egiteko, lagun berriak egiteko… Hau bizitzak ematen dizun aukera bat izan daiteke zuk beste modu batean bizitzeko, zoriontsuago izango zaren modu batean…edo oso zintzoa izanez uste duzu hain zoriontsu zinela zurekin egon nahi ez zuen norbaitekin egonda?

 

 

 

Argazkiak: Lea Multimedia

Agurtzane Ormatza Imatz

2008, Abuztua 01
Arloa: Jo ta jo