Ehun arol batez osaturiko organoa
Aupa denoi!
Sarri ikasgeletan edota aholkularitzan agertzen diren kezkak genitalen ingurukoak dira, hau da, zakilarekin edota aluarekin zer ikusirik daukate. Gaur zakilari eskainiko diogu tartetxoa, aluak beste burukomin batzuk sortzen ditu eta.
Mutil askorentzat zakilak bizitza propioa du, eta zentzu batean horrela da zeren eta erekzioak askotan ez baitaude norberaren menpe eta eszitazio sexualak beti ere ez duelako erekzioa bultzatzen. Neska askori ideia hau ezinezkoa iruditzen zaie. Zaila da zakila izatea zer den ulertzea ez daukagunontzat!
Zakila ez da hezur bat ezta muskulu bat ere; zakila ehun arol batez osaturiko organoa da. Zakilan dauden hainbat errezeptore prest daude aktibatzeko eta estimulu desberdinek aktibatzerakoan zakilaren erekzioaren mekanismoa martxan jartzen da.
1.Sistema muskularra: zakilaren muskuluak uskurtzen dira eta horiek odola sakatzen dute barruan geratzeko eta odolaren irteera ekidituz.
2.Sistema baskularra: odol -hodiak zabaltzen dira eta zakilera askoz ere odol gehiago sartzen da .
Sistema bi horien ondorioz zakila luzatu eta handitu egiten da. Baina,zerk jartzen du sistema martxan? Erekzioa bultzatzen dituzten nerbio-bulkadak anitzak dira:
- Ohikoenak estimulu sexualak dira, irudi konkretu batzuk, ametsak, soinuak, usainak, zaporeak, fantasiak....Batzuetan norberak nahita eraginda eta besteetan norberak nahi gabe.
- Bestelakoak be badaude. REM fasean - oso lo sakonean- zaudetenean zakilera doan odol-ekarpena handiagoa denez erekzioa eman daiteke.
- Zakilak berak eraginda ere bai, prepuzio-hari edota glandeak praken kontrako igurtziaren eraginez.
- Gorputzaren tenperatura aldaketak sentsazio desberdinak probokatzen ditu.
Beraz, sarri, konturatu gabe, estimulu desberdinek informazioa bidaltzen dute burmuinera eta zakilak, dakien modu bakarrean erreakzionatzen du, erekzio batekin.
Gauza guztien kontrola ez daukagu, beraz, gorputzak esaten diguna entzuten ikasi behar dugu!