Koitoagaz ezin gozatu

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!!

Aholkularitza saioak egiten nabilenetik gero eta galdera zehatzagoak aurkitzen ditut.
Aspaldion neska ugari urreratu zaizkit euren erotikaren esperientzia azaltzen eta horri buruz galdetzeko. Hainbat neskek kontatu didate euren mutil-lagunarekin asko gozatu arren koitoarekin ez dutela horrenbeste gozatzen, are gehiago, horrela ezinezkoa dela orgasmora iristea.

Egoera honek larritzen du bikote asko. Alde batetik, mutilak uste du ez dakiela zelan goza arazi bere laguna. Bestetik, neska nahikok uste dute zer edo zer arraroa daukatela baginan edota buruan gai ez direlako modu horretan orgasmora heltzeko.
Esperientzia hau nahiko ohikoa da, ez bakarrik gazteen artean, nagusion artean ere.

Neska bakoitzak bere modu eta ñabardura pertsonalak dauzka gozatzeko. Denok modu berean gozatzen dugula pentsatu arren, neska eta mutil bakoitza mundu bat da. Horregatik oso inportantea izaten da norberak jakitea bere gozamenaren nondik norakoak. Beste batekin gorputza konpartitu nahi dugunean, besteari irakatsi eta bestelako bideak zabaldu behar ditugu bien artean.

 


 

Gorputz osoa da gai plazera sentitzeko eta emateko errezeptorez osaturik baitago, gure azalean daudenak. Errezeptore horien funtzioa plazera edota mina sentiaraztea da.Errezeptore gehienek neskaren klitorian eta mutilen glandean daude, horregatik izaten ei dira sentikorrenak, gozagarrienak ... Hau horrela izanda, baginaren barrualdea nahiz eta gozagarria izan, batzuentzako klitorian dago gozamena.

Dakizuenez klitoria baginatik kanpo dago, beraz, sarri neskak gozatzeko behar duen estimulazioa kanpotik dator. Igurtziak, laztanak, musuak ... bakoitzak bere estiloan aurkituko du gozamenaren bidea. Hau dela eta ,neska askok koitoan gustura egon arren ez dute orgasmorik lortzen. Orgasmoa nahi izanez gero norberak edo lagunak klitoria kontuan hartu beharko du, neskari gustatzen zaion moduan jolastu, koitoa baino lehenago, bitartean edota ostean.

Bestelako alorretan moduan, erotikan ere bakoitzak bere erak dauzka. Denak gustagarriak norbera gustura badago.

Ondo pasa, besarkada handi bana
Agurtzane!

Agurtzane Hormatza

2009, Urtarrila 21
Arloa: Jo ta jo