Lehenengo aldia (I)
Aupa denoi:
Lehengo aldia aipatzen dugunean, kuriosoa da zelan denok irudikapen berdina dugun; denok ikusten dugu mutilaren zakila neskaren baginan sartzen eta jokaera horrek dakarrena. Baina mota askotako "lehenengo aldiak" daude: musua jaso, zakila laztandu, maitemindu, eztabaida izan, nobioa eduki, bihotzaren mina sentitu...
Baina ikastolaz ikastola joaten naizenean ia talde guztietan sarketarekin lotutako galderak egoten dira: ea zein den adin egokiena "egiteko", zer da egin behar dena, zelan ematen den plazerra, ea mina egiten duen, ea noiz korridu, ea lagunari gorputza gustatuko zaion, ea noiz ipini kondoia, ea zer egin apurtzen bada, ea zelan lotsa kendu...
Argi dago hau neska eta mutilen kontua dela, ez da homosexualen edo heterosexualen kontua. Azken finean beldur eta lotsa gehienek ez dute adinik ezta sexurik: minaren beldurra, gorputz biluziaren lotsa, "egin beharrak "sortutako estutasuna, eta ekintzaren ondorioen beldurra...hor daude.
Orokorrean lehen aldi guztiak, gure sexualitateari dagozkionak batez ere, beldurraz, lotsaz, zalantzaz, ilusioz, itxaropenaz, pozaz... eta gehienetan informazio korapilotsuaz, josita daude.
Beharbada zailena momentu horretara heldu baino lehen dauzkazuen ideiei, burutazioei, jarrerei,emozioei, gurariei, sentimenduei, zalantzei ... aurre egitea da . Hori dena landuz gero zuok nahi duzuen bidea jorratzea aberasgarriagoa izango da.
Dena den bakoitza mundu bat da. Bakoitzak bere erara bizi izan behar du esperientzia hori, eta nahiz eta entzun, amestu, pentsatu eta imajinatu...norberak baino ez du jakingo zelakoa izango den eta segur antzean ez du asmatuko oso ondo, lehenengo aldia delako.