Lehenengo aldia (II)

Agurtzane Ormatza

Aupa denoi,
Astion irakurri dut orain dela aste pare bat idatzitako artikulua eta pentsatu izan dut lehenengo aldiak merezi zuela bigarren aldi bat, bigarren begiradatxo bat.
Gai hau aipatzen denean zuon galdera gehienak honelaxe sailkatu ditzakegu:

  1. Komunikazioa: zelan esan prest nagoela, zelan esan ezetz, zelan esan zer dudan gustuko ala zer bai?...
  2. Mina: zergatik ematen du mina sarketak? zer egin mina ez izateko?
  3. Beldurrak eta Lotsak: biluztea, ez jakitea zer egin, txarto egitea, besteari ez gustatzea, eta gero zer...
  4. Teknikoak: zelan ipini kondoia, zelan iraun gehiago...
  5. Denbora: zein den adin egokiena? noiz dakigu garaia heldu dela...
  6. Plazerra: zelan eman edo sentitu gozamena, zer egin orgasmora iristeko, zer duen gustukoa mutil batek edo neska batek...

 


Argi dago gaur ezin izango ditudala erantzun guztiak bideratu, baina  klabe batzuk emango dizkizuet bidea errazteko:

 

  • Ez da bat ere erraza sexualitateari lotutako gaiak jorratzea. Beraz , lotsak eta beldurrak berezkoak dira. Giro lasaiak eta une goxoak aproposenak dira lagunari zer nahi dugun luzatzeko. Bakoitzak bere moduan, baina beti ere ahal den neurrian gure sentimenduak aurretik adieraziz. Adibidez: lotsatuta gaudela, beldur garela...esanez.
  • Plazerra eta mina txanpon bateko bi aldeak dira eta gehienetan bata azaltzen bada besteak indarra galtzen du. Orduan, kontuan hartu beharrekoa izango da jakitea zeintzuk diren bakoitzaren plazerraren eta lasaitasunaren bideak. Lasaitasuna ezinbestekoa izango da plazerra sentitzeko. Urduritasunak eta egonezinak gehienetan mina dakarte, gorputza uzkurtu egiten delako. Horrek oztopatzen ditu alde batetik, laztanak modu goxagarrian sentitzea eta bestetik zakilaren sarketa, besteak beste.
  • Gorputzak elkartzen diren unean, joko goxoetan une kitzikagarria bilakatzen da biek gustura badaude egiten dutenarekin. Esan edo adierazi zer daukagun gustukoa eta zer ez; komunikazioa gozamenaren bideak errazten ditu. Zaila izaten da, baina gustura egoteak merezi du!

Bide hau bizitzaren bidea bezalakoa da, bakoitzak egin behar du. Beraz norberaren erritmoak errespetatzea eta entzutea ezinbestekoa izango da. Norberak bere bideari ekingo dio, beldurrak landuz, lotsak kudeatuz eta gurariak jorratuz. Horiek argibideak emango dizkizuete zer, zelan, noiz... une oro jakiteko.

Dena dela gogoratu garrantzitsua dela umorea present egotea eta denbora hartzea behar dugunerako: berba egiteko, besarkatzeko, laztantzeko, erritmo desberdinei kasu egiteko, musukatzeko, gorputza lasai eta kitzikatuta egoteko, gorputzaren gora beherekin jolasteko...

Ez ahaztu, oraingoan ezin bada beste une batean izango da!

Agurtzane Ormatza

2009, Martxoa 24
Arloa: Jo ta jo