Biluzik

Agurtzane Ormatza

Aupa denoi!

Oporrak gainean eta zuotariko askok planak egiten oporretan hortik joateko, beste batzuek hemen geratzeko baina denok ere ikastolara joan gabe, ezta makala!

Atzo Naturismoari buruzko dokumental bat ikusten egon nintzen eta horrela otu zitzaidan gaurko gaia: gorputzaren biluzia.

Naturismoaren ildo nagusiak hauexek dira: gorputza garbi eta osasuntsu mantentzea, biluztea edertasunaren eta osasunaren espresio handiena baita, eta gorputza biluzik azaltzea, sexualitatearekin loturiko obsesioak ekiditeko eta naturarekin bat egiteko modurik onena bezala ikusten delako.

Beharbada zuotariko batzuek udan edo oporretan naturismoa praktikatzen duzue, jakin gabe aspaldiko filosofiaren muina. Askok seguraski ez duzue ezer ez esango honen inguruan zuen lagunei ez delako gai erreza azaltzeko ezta ulertzeko ere. Baina irakurtzen zaudeten batzuek bai entzun duzuela hondartza naturistari buruz eta gehienei jakin mina piztuko zaizue lotsa puntu bat egon arren. Bertan denetariko gorputz erreal biluziak ikusteko parada dago.


Zenbatetan gozatzen duzue ispiluak ematen dizuen irudiarekin? Zenbatetan geratzen zarete zuen gorputzari so irribarretxo bat aurpegian daukazuela? Zenbatetan miresten duzue daukazuena? Zenbatetan ezkutatu duzue gorputza etxean dutxatik irteterakoan, lagunen artean soinketa klase ondoren, hondartzetan bainu jantzia aldatzerakoan edo lagunarekin goxotan zaudetenean? Nahi duzuen baino sarriago?

 

Ikusten dugunez biluzik egotea ez da erraza, ez intimitatean ezta besteen aurrean ere.
Eta egoera bitxiak sortzen dira: errazagoa da biluzik azaltzea zuen testu ingurutik urrun , errazagoa bakarrik edo ezezagunekin lagunekin baino, errazago gorputz biluziak urrutik begiratzea norberaren gorputza biluztea baino...

Nerabezaroan eta gero ere, ez da erraza gorputzarekin bat egitea, gorputza gustatzea eta biluztasuna lotsik gabe bizitzea. Nerabetasunak ekartzen dituen aldaketen barneratzeak, egun daukagun eredu estetikoen presioak eta norberaren sexualitatea ulertzeak ez du laguntzen prozesu horretan. Askotan, urteak behar izaten dira gure gorputzean gustura bizitzeko, baina bidea egiteak merezi du. Alde batetik, auto estimuak gora egingo duelako eta horrekin bat gure ongi izatea aberastuko delako. Bestetik, gure sexualitatearen bizipena askoz ere lasaiagoa, seguruagoa eta kitzikagarriagoa izango delako.

Gorputzaren bideak anitzak dira eta bakoitzak berea egingo du...baina zelan egunero gorputzari berbaz edo keinuz laztan bat eskaintzen badiozue?

Agurtzane Ormatza

2009, Martxoa 31
Arloa: Jo ta jo