Juanra Madariaga Abaitua: "Geldi egoteko amnesia"

Udane Goikoetxea Bilbao

juanra1

 

Juanra Madariaga Abaitua. Poeta, mendizalea edo mendigoizalea eta nontzeberri.com atariko langile eta akuilari bilbotarra. Euskal Filologian lizentziatua eta hainbat libururen egilea.
Galdera itaun jardun genduan arteko baten. Hementxe fruitua.

 

Nor zara?

tapaturik lo egin eta hotzarengatik izerdia bota
ahal dudanetan eguzkiari erakutsi begiak
azala kendu ohean sartu baino lehen
gutxi jan, gutxi edan, gutxi arnastu
begirada ez apartatu
jesarri bizkarra kalefakzioaren kontra
armairuaren eztula negu honetako dela ziurtatu
hegalaldiari ate guztiak zabalik utzi
liburuetan dauden azpimarratutakoak errebisatu behin idatzi ez nuenaz ohartzeko
ezpainetan haginka egin
izoztu arte oinak hotzitu
eskuak igurtzi poltsikoetatik atera ostean
leku batean egon, beste batean nagoelarik
bakarrik ere energia-iturri ikaragarria naizela baieztatu
malkoen grabitateari trabarik ez jarri
tunelek irteera daukatela pentsatu, deseatu eta bolantea estutu
zeruari begiratu atetik irten eta atoan
esan ez ditugun hitzak asmatu, esan ditugunak ezabatu
prebisiblea ez izan
iragana suntsitu jada
ezpainetan haginka berriz

hauek guztiak egiten ditudanean uste dut badakidala nor naizen.

Mendia, poesia eta internet, berba bakotxaz zer dinozu.

Mendia: Erabat libre eta baketsu sentiarazten nauen espazioa. Naturaren dimentsioekiko lotura, eta era berean bizitzarekin; modus vivendi sinplea eta baina egiazkoa eskatzen didan toki bortitza. Han banaiz naizena, hein batean. Bizipen itzelak ekarri dizkidan giroa.
Poesia: Munduaren barnean kokatzeko, so egiteko, eta bere ezagupenak barneratzeko modua; denboraren neurriaz eta zaurien sakontasunez diagnostikoa egiteko bidea; zer garen, non gauden eta halako galderen erantzunen gainean hausnartzeko diziplina estetikoa. Dar-dar egiteko eta inarrosteko sentimenduen parabola. Erresistentzia modu bat. Maitatzeko modu bat.
Internet: Jainko berria. Ezin ukituzko espazio bat non gizakiaren norabide guztiak topa daitezkeen, onenak zein txarrenak. Oso gauza onak ditu, baina era berean oso gauza txarrak. Informazio-e lauso kontrolaezina.

Beste berba bat definitzekotan, zein aukeratuko zeunke?

Limoia: denboraren aroak neurtzeko erabiltzen den unitate naturala. Batzuetan eskuan eduki eta usaintzean, denboratik at zaudelako sentsazio hartzen da ukitze soilarekin. Hauek ez dute oxidazioan sinesten.

Zenbat poesia daukazu idatzita? Eta argitaratuta?

Ez zait inoiz otu izkiriaturik ditudan ene poemak zenbatzea. Batzuk, hortxe geratu dira fosilizatuta zenbait kuadernoetan eta ez dute argia inoiz ikusiko, baina beste batzuk multzoetan pilatu ditut eta hala, liburuak osatu dira. Ez dakit zenbat liburu ditudan plazaratuta. Kalitateari begirau behar zaio, kantitateak ez baitu ezer ere adierazten.

Bat idatziko?

Haragia, hezurrak, zainak, epidermis, isurkinak
Hori guztia banaiz.
Materia akastuna, dispertsoa, hegazkor.
Arima atrofiaturik, ilun, hebaina.
Lau angeludun forma, labirinto suntsitzailea.

Hori guztia banaiz.
Eta konturatu gabe bihurtzen nauzun planeta.
Bizi-une desenfokatua.

Oin bat bestearen ondoan jarri dut.
Lehen urratsa emango dut orain eta
okupatuko zaitut.


Zenbat menditan egon zara? Azkena zelako esperientzia izan da.

juanra3Bizkaiko ia guztietan, Arabako eta Gipuzkoako dezentetan, eta horrela jarraituta Pirinioetan, Alpeetan eta Andeetan ere zapaldu ditut beste zenbait tontor. Himalaian ere izan naiz ia dozena bat bider, mendi altuenetako oxigeno exkaxa arnasten.
Hangoak, bereziki, ikaragarriak dira.
Azken esperientzia Shisha Pangma mendian izan dut. Maiatzaren 17an igo ginen mendiak dituen 8.027 metrotara. Alde batean Tibeteko lautada guztia ikusten zen gailurretik eta beste aldean, Nepaleko mendi kate kaotiko elurtua.
Esperientzia gogorra izan zen. Eguraldiak ez zuen batere lagundu. 30 egunetatik 24tan egiraldi txarraren erasoa pairatu behar izan genuen eta horrek asko higatu gintuen.
Altuenetatik lau zapaldu ditut guztira, hauen artean Everest erraldoia.

Lanbidez zertan zabilz gaur egun? Eta artean, nondik nora ibili zara.

Nontzeberri.con webgunean egiten dut behar. Euskal kulturaren esparru guztiak jorratzen dituen aldizkari digitala da.
Lehenago ez naiz leku askotatik mugitu. Zenbait ikastolatan maisu ibili ostean, Deustuko Unibertsitateko Euskal Irakaslegoan izan naiz irakasle hainbat urtez; egia pila bat urtez.

Nontzeberri.com zer da?

Nontzeberri euskarazko webgune kulturala da. Webguneak hiru ardatz nagusi izan ditu betidanik: informazioa, interaktibitatea eta kreatibitatea. Eta hau guztia euskaraz. Euskarazko mundua zabaltzeko erronka hartuta dauka aspalditik Nontzeberri.com webguneak, eremu, sail, modu eta adierazpide guztietan, ahal izanez gero.
Nontzeberriren helburuak dira gazte euskaldunei kulturaz gozatzeko baliabideak eta tresna egokiak eskaintzea; interaktibitate garatzeko topalekuak sortzea eta gazteen ideiak plazaratzeko toki bihurtzea; euskaldunaren eta euskararen arteko harremana informazioaren bidez lotzea, estutzea eta sendotzea; diseinu erakargarri baten bitartez kulturari dagozkion arloak era dinamikoan, aktiboan eta kreatzailean bideratzea eta ematea. Nontzeberri webgune bizia da, izan ere, egunero hartzen du arnas berria kulturatik.

juanra2

Zer aurkituko dogu bertan?

Webguneak literatura, musika, arte, bertsolaritza, eszena eta ikus-entzunezkoei buruzko informazio puntuala, egokia sarerako eta, kasu askotan, bazterrekoa, hau da, beste inon agertu ez dena, eskaintzen du. Eta honek internauta askoren interesa piztu du eta erakarri. Kasu anitzetan lehenak izaten gara berri hori ematean, izan ere, prentsaurreko askotatik atera eta atoan albistea igotzen da gurean, primizia hori lehenetsiz.
Lehiaketak, sorkuntza espazioak, hausnarrerako bazka....

Parte-hartzea be sustatzen dozue. Haikuak, lehiaketak.juanra4

Bai, hala da. Bi asterik behin, gutxi gora behera, argazki artistiko bat sareratzen da eta  internautek poema batekin -haiku batekin, hain zuzen ere-, erantzuten diote proposamenari.  Interaktibitatean oinarritutako joko artistikoa da Argazki Haiku.
Atal honek jarrera eta jarraipen polita izaten du internauten aldetik, haiku xelebreak bidaliz.  Argazkigela ere badugu, non Euskal Herriko argazkilari askoren lanak ikus daitezkeen.
Eta zenbait lehiaketa sustatzen ditugu. Adibidez, Bilblogari. Bilboko gazte euskaldunei zuzenduriko blog lehiaketa izan da ekimen honen oinarria. Bilboko Udaleko Euskara Sailarekin elkarlanean, Nontzeberri kultura atariak Bilbo Handiko 15 eta 30 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzenduriko blog lehiaketa abiatu zuen 2009ko azken lauhilekoan. Ekimenaren helburua, euskara, gazteak eta teknologi berrien uztarketa sustatzea da, beti ere euskararen erabilera gazteen artean areagotzeko asmoz.
Eta beste aldetik Nontzefilmak ikus-entzunezko lehiaketa ere antolatzen dugu FANT-ekin batera, arrakasta ikaragarria eskuratu duena.

Euskaraz dana.

Bai, proiektua euskararen inguruan aritzeko sortu zen eta honek, hain zuzen ere, erakarri ninduen hona. Hizkuntza hegemonikotik aldentzeko lan itzela egin behar da gaur egun normalizazioaren atalean, eta guk, hein baten, gure lan xumea egiten dugu. Beti euskaraz, ez dago bestelako planteamendurik.

Zelan ikusten dozu internet bidez kultura kontuak zabaltzea?

Beharrezko ikusten dut. Gaur egungo hedabideek, kasu askotan, ez dute informazio-egarria asetzen, eta internetek, eremu askoz handiago jorratzen du aspektu horretan. Biratekari arina eta zehatza da internet horretarako, eta kultura berehalakoan topa dezakezu, esku-eskura.

Letren aldeko berbarik? Gazte askok irakurten dau Kontaizu. Zer esango zeunskie irakurzaletasunaz, idazteaz....

Literaturak badu ahalmen ikaragarria, nahi duguna biziarazteko, eta nahi dugun tokira trasladatzeko. Zirrara itzelak sortzeko gaitasuna ere badu. Hausnarketa politak luzatzen dizkigu, eta pertsona osatuagoak izan gaitezke modu horretan. Liburuetan jakinduria handia dago, ezin dugu probestu barik utzi.

juanra5Zertan zabilz gaur egun? Aparteko planik?

Nontzeberri webgunearen barruan, urteko proiektuei irteera emanez gabiltza orain. Bilblogari lehiaketa laster barru aurkeztuko dugu eta gero Nontzefilmak lehiaketa handia ere badator. Beraz jo eta zu horiekin.
Niri dagokidanean pelikula txiki baten gidoia idazten ari naiz, eta agian liburu bat izan daitekeena ere bai. Artikuluak, liburuak, ametsak,... denetarik dago tarteko. Geldi egoteko amnesia.

Udane Goikoetxea Bilbao

2010, Urria 05
Arloa: Berba Bi