Neskek mutilei galdetzen
Aupa denoi!
Azkenaldian ikastetxeetan mutilen eta nesken arteko harremanak lantzeko joko bat egiten ari gara, non batzuek zein besteek galdera sorta bat idazten dute beste sexukoei buruzko informazioa eskuratzeko. Oso lan talde polita izaten da askotan hor agertzen direlako, alde batetik benetan besteengandik jakin nahi duguna, eta bestetik elkar laguntzearen eta ikastearen grina harreman mundu korapilatsu honetan.
Gaurkoan mutilei zuzendutako nesken galdera bat hartu dut, hurrengoan mutilena azalduko dugu.
Zergatik izaten duzue horrelako prisa txortan egiteko?
Galdera zuzena . Galdera honek ikastetxe gehienetan sua pizten du. Mutilek horrelako galdera entzuterakoan askotan nesken jakin mina ikusi beharrean euren aurkako atakea ikusten edota sentitzen dute. Hau da, sentitzen dute galdera hori zalantza bat baino akusazio bat dela. Sentipen horrek euren burua oso modu anitzetan defendatzera bultzatzen du, neska askoren harridurarako. Adibidez, erantzun bortitzak ematen dituzte: "zuok ez zarete horrelako egoeran egon beraz ezin duzue jakin zer den mutil batek prisa izatea ", "nondik ateratzen duzue gezur hori?"...Edo ihesbideak bilatzen dituzte: " gu ez gara horrelakoak, beste batzuk izango dira", "horiek gizarteak bultzatutako estereotipoak dira", "zuok igualak zarete baina ez duzue esaten ".
Mutilak eta neskak lasaitzen diren heinean eta berbak barrenetako sentipenetatik abiatzen diren heinean ondorio hauetara heltzen gara:
- Mutil asko ez dira konturatzen euren jarreragatik edota esanagatik txortan egiteko presarik azaltzen dutenik.
- Neska askok mutilen esanak presio modura hartzen dituzte. Desioa azaltzea eta zer edo zer momentuan egin nahi izatea kontu desberdinak dira.
- Mutil batzuk azaltzen dute euren desioa modu gordinean uste dutelako modu bakarra dela eurek nahi dutena lortzeko edo modu errazena zelan sentitzen diren azaltzeko.
- Neska batzuk ez dakite eurentzako gogorrak diren esanei aurre egiten, paso eginez ez bada. LaguneiĀ euren benetako sentipena edo iritzia adierazi gabe.
- Batzuk, neskek zein mutilek, bai dute presa. Zergaitik? Jakinmina dutelako.
Dena dela oso zaila izaten da benetako gurariei eta beldurrei bidea ematea. Neskak zein mutilak oso egoera ahulean sentitzen gara gure barrenak ukitzen dizkigutenean. Orduan, sarri, errazago izaten da istiluak sortzea edota isilik geratzea, azkenean inork ez duena nahi lortuz: min handiarekin erantzun gabeko lekuetara iristea.