Ai ene gurasoak!

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!

Zuekin batzen naizenean gurasoekin daukazuen harremanari tarte bat eskaintzen diogu. Irratian ere hori izan dugu aztergai. Beraz nire burutazioak zuekin konpartitzea erabaki dut. Nik gurasoekin zein zuekin lana egiten dudanez, alde batetik zuon arteko antzekotasunak ikusten ditut, eta bestetik, nola eraikitzen duzuen daukazuen harreman, batzuetan zaila dena.
Zuokin nagoenean, eta gaia ateratzen dudanean, hau da, zelan kudeatzen den zuon etxeetan sexualitateari buruzko gaiak, denetariko erreakzioak aurkitzen ditut: askotan ez da ulertzen zergatik egin behar den berba horren inguruan, paso egitea, barre egitea, norberak dituen kuitak azaltzea, besteen gurasoena entzuteko egarria ... Denetarik. Behin berbetan hasiz gero hauxe da agertzen dena:

  • Askotan gurasoek nahi dutela gaia atera eta zuon ustez "txapa botatzen" dizuetela: "kondoia erabiltzeko", "zer edo zer behar baduzue eskatzeko", "ez egitekonahi ez duzuena" ...
  • Familia batzuetan, aipatu ere ez dela egiten gaia.
  • Telebistan irudi erotikoak agertzen direnean denetarikoa sumatzen duzuela: aita jesarlekutik altxatzen dela , amak kanala aldatzen duela, zuok deseroso sentitu eta logelara joaten zaretela, gurasoak adarra jotzen hasten direla, isiltasuna, etxeko txikiak galderak egiten hasten direla, erekzio bat eduki eta tapatu nahian ibiltzea ...
  • Lotsatu egiten zaretela, zuon gurasoengandik horrelako informazioa eskuratzerakoan.
  • Gurasoek jada ez dakitela askorik, "zaharrak" omen direlako.
  • Galdera larregi egiten dutela eta ihes egin nahi duzuela.
  • Gurasoek adarra jotzen dizuetela.
  • Anai edo arreba nagusiak informazioa ematen dizuetela eta ez gurasoek.
  • Etxean liburuak dituzuela zuok erantzunak bilatzeko.

Gurasoekin nagoenean, denetariko erreakzioak egoten dira ere: urduritasuna, besteena entzun gura izatea baina sarri norberarena kontatzeko zailtasunak izatea, lotsa sentitzea, zuoi buruzko informazioaren egarria, barre egitea ... Ikusten duzuenez erreakzio nahiko antzekoak dira. Jakinmina bai baina .... sakontzen noan heinean hauxe aurkitzen dut:


  • Gurasoak urduri jartzen direla. Kasu gehienetan euren familietan gai hau aipatu ere ez zuten egiten eta orain eurek zuekin hitz egin nahi dutela baina ez dakite nola.
  • Lotsa eta beldurra agertzen da. Zer, zenbat eta zelan esan gazteei.
  • Batzuetan sentitzen dute zuok ihes egiten duzuela galderak egiten edota gaia ateratzen dutenean.
  • Umorea erabiltzea.
  • Batzuek ere uste dute hori buruz eskolan egingo duzuela berba eta nahiko izango delakoan ez dute etxean egiten.
  • Sarri, jakin badakite, euren esperientziengatik zuon galdera guztiak erantzuteko gai izan zirela. Baina...gurasoek berba egin gabe eta zuok galdetu gabe ...zaila!!

Denok zabiltzate saltsa berean, ezta?

Baina, ba al dakizue familian elkarrekin zuon sexualitatea hezitzen duzuela? gurasoen harremanaren bidez ikasiko duzue bikote izateko modu bat, luzatutako mezuen bidez ikusiko duzue sexualitateari buruzko ikuspegi bat, gorputz biluziaren bizipenaren bidez zuona maitatzen hasiko zarete, euren laztanen bidez ikasiko duzue laztantzen ...

Sexuen heziketa ez da garai bateko kontua, bizitza osokoa baino. Ez ahaztu!

Agurtzane Hormatza

2009, Iraila 28
Arloa: Jo ta jo