Interneten
Aupa denoi!!
Zelan zabiltzate? Gaur internet eta honek eskaintzen dizkigun aukerak aztertu nahi ditut, jada zuok informazio nahikoa daukazue ezta? Atera kontuak ordenagailuan sartu zarete hau irakurtzeko!! ... Sexologoei askotan galdetzen digute ea internetek zelan aldatu dituen gure harremanak: erakartzeko, gozatzeko, ezagutzeko ...Hona hemen honen inguruko hausnarketa.
Gero eta jende gehiagok erabiltzen du internet sexualitatea, erotika eta amoranteen arteak lantzeko. Baina oraindik bakarrik gazteak, zuok, ausartzen zarete zuon sareko "abenturak" izatera eta esatera. Gazteak tresna honekin jaio zarete, eta nabarmena da. Ausardiak eta jakin-minak bideratzen dituzte zuon sareko kontuak, sarri baliabide hau menperatu gabe eta horrek saltsa korapilatsuak sortzen dizkizue ere.
Internetek, zuon esanetan, oso erakargarriak diren aukerak ematen dizkizue: jende berria edo lagunak beste era batean ezagutzeko adibidez mutil edo neska lagunari aurrez aurre ez diozuna esan esateko,lotsa gutxiagorekin, erotikari lotutako hainbat web gune bisitatzeko, argazkiak, informazioa edo bestelakoak jasotzeko eta lagunekin konpartitzeko...
Denok jakin badakigu zein zaila den beste neska edo mutil bati norberaren sentimenduak adieraztea, benetako izaera erakustea, norberaren gogoak edota fantasiak azaltzea ... Bat-batean internetek erraztasun itzela eman du bakoitzak azkenean nahi duena esateko, eta aldi berean misterioarekin jolasteko. Gure burua ezagutzeko, gure barrenak askatzeko eta irudimena lantzeko aukera ematen digu internetek, askorentzako ispilu zabala, gutxientasun fisikoak desagertzen dira eta. Messengerra eta Chata ezinbesteko lagunak bihurtu dira
Horrelakoetan bakoitzak aurkezten du bere burua nahi duen bezala. Norberak eraikitzen duen errealitatearen mugak oso labainkorrak izaten dira, sarri gauza bat da bideratzen duguna eta beste bat jasotzen dena. Horrexegatik, ezezagunekin egiten den harremana batzuetan, estua bezain iruzurtia bihur daiteke. Orduan, interesgarria izango zen jakitea zertarako sartzen garen, nolako elkarrizketak dauzkagun, nolako harremanak josten ditugun, zelan sentitzen garen ....
Erantzunak hausnartu! eta konfiantzako norbaitekin konpartitu, lagungarria izango baitzagu non gauden jakiteko. Honez gain, norberaren sentsazioei eta emozioei adi egon eta sortzen diren sentimendu kontraesankorrak baloratu ... Irizpide horiek lagungarriak izango dira interneten bidez eraikitzen gabiltzan harremanak hobeto ulertzeko, ziur sentitzeko, gozatzeko eta sareak gu ez harrapatzeko.
Besarkada handi bana, Agurtzane