Zakila neurtu beharrean?
Aupa denoi!
Hona hemen gure sex-txokoan berriro ere. Gezurra badirudi ere zakilaren tamainak ematen du buruko minik. Batzuetan ikastetxeetako edota kiroldegiko dutxetan biluzteak egonezinak sor ditzake. Askok zakila neurtzen dute ezkutuan edo lagunekin. Batzuk arduratuta dabiltza txikiegia edo handiegia izango ote den eta horrek baginan sartzeko edota plazera emateko izango duen eraginagatik.
Historiaren zehar gizonen zakila eta honen erekzioa gizontasunaren ikurra izan da. Erekzioak gizontasuna azpimarratzen zuen eta gizontasunak indarra, kontrola, boterea.... Ezaugarri hauek gizonari seguritate sentimendua ematen zioten. Beraz, eredu horretan zakilaren tamaina ezinbestekoa zen gizonak seguritatea izateko eta sentitzeko.
Presioa aspalditik datorkigu.
Egun, gorputza aztergai denean ikusten dugu tamainek zelako garrantzia daukaten. Titien, gerrien, mokorren tamainak eta mutilen sorbalden, ipurdien eta zakilen tamainak neurri batzuk dituzte. Hau da, gizarteak ezarritako tamainak bete izanez gero ederrak gara, zoriontsuak, plazer gehiago sentitzeko eta emateko gai..., hori sinesgarria izanez edonork nahiko du tamaina horiek izan, ezta?
Baina lagunok, sarritan esan badugu ere, plazera ez dago lotuta inolako tamainarekin. Gure gorputz osoa errezeptorez josita dago, denak plazera emateko eta hartzeko prest. Zakilean baita ere, beraz, berdin da zein tamainatan dagoen- errelajatuta txikia, urdurik are txikiagoa edo sutan handiagoa- .Zakila beti da gai, gorputz osoa bezala, plazeraren jolasean egoteko.
Baginaren barruan sartzeko ere, no pb! Bagina muskuluz egina dago eta horiek sartzen denaren tamaina hartzeko gai dira. Are gehiago, neskaren plazeraren iturria ez dago bagina barruan, bere gorputz azal osoan eta klitorian baino. Klitoria, dakizuenez, ez dago baginaren barrena kanpoan baino. Begiratu ondo, goialdean, ezpainen tartean dago... beraz ez da beharrezkoa ezer sartzea baginaren barruan neskok plazera sentitzeko...tamaina orduan ... bost!
Garrantzitsuena gustura egotea da daukagunarekin eta horri plazera ateratzea. Den modukoa izanda ere plazergarria da.
Horrela, nahi dugunean edota aukera dugunean errazago izango da gure plazerrak konpartitzea.