Noiz egin?

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!

Seguraski aholkularitza saioetan eta ikastaroetan gehien entzuten dudan galdera hauxe da: zein da adinik egokiena egiteko? zelan dakizu prest zaudela? zein da batez bestekoa?

Denok dakigu zeri buruz diren galderak baina termino egokiak eta argiak erabiltzea oso lagungarria da. Sarketa egiteko, zakila baginan sartzeko lehen aldiari buruz gabiltza hitz egiten ezta? Kontuan hartuta beste hainbat lehen aldi daudela, eta bikote guztiak ez direla heterosexualak, gure hiztegia egokitzea ezinbestekoa da.

Hasieratik esango dizuet, galdera horren erantzunaren zain zabiltzatenoi, nik ez daukadala horretarako erantzunik. Pentsatu apur bat eta seguru nago zuok ere zera esango duzuela " nor da Agurtzane niri esateko noiz den adinik egokiena niretzako?" Ba horixe, inor ere ez! Beraz, zerbait interesgarriagoa badaukazue egiteko, lasai asko joan zaitezte. Baina horren inguruko jakin-minak eta zalantzak gura badituzue argitu, gera zaitezte, jarraitu irakurtzen, pista batzuk emango ditut eta!

Askotan entzuten baduzue ere, egia da zuon barrenak baino ez dizula esango noiz den momenturik egokiena. Familia bakoitzak esango dizue zer uste duen gai horren inguruan zuentzako egokiena dena. Lagunek euren esperientzien edota fantasien bitartez euren iritzia luzatuko dizuete. Interneten, liburuetan, telebistan eta abarretan denetariko informazioa jasoko duzue. Azkenean zuok zuen baitan solasaldi intimoetan gogoak eta beldurrak direla medio erantzunen bila ere ibiliko zarete. Eta zer esanik ez, neska edo mutil laguna baldin baduzue, berak ere bere bizipenak eta gurariak izango ditu, zuri plazaratu ala ez.


Hona hemen pista batzuk erabaki horretan laguntzeko; dena den, lagungarriak izan litezke aipatutako sarketaz aparte beste hainbat joko erotikoentzat eta noski edozein bikotekideentzat:

 

  1. Pentsa egizue ea zelako baldintzak bete behar diren horrelako egoeran baietz esateko: zelako neska edo mutilarekin, zelako harreman mota (gau bateko istorioa, harreman finko bat, laguna ... ), zelako lekua (intimoa, segurua, ...), zer gura duzue hor gertatzea ( laztanak, musuak, astiro, arin, zer egin edota esan ... ), zelan irudikatzen duzue horren osteko momentua edo hurrengo eguna eta zelakoa gura duzue izatea, zelan egokituko duzue antisorgailuena, ... Baldintzak betetzen joan heinean gertuago egongo zarete!

  2. Pentsa egizue zelan ez duzuen gura egoera hori izatea. Beraz ekiditu nahi ez duzuena  eta bidea errazago egingo duzue.

  3. Pentsa ea zelan erlaxatzen garen eta zelan sortzen dugun kitzikapena gure baitan.Gure lagunari erakusteko bideak ere bai. Berak berea jakin dezake baina gurea behar bada ez. Eta guk ere ez badakigu, pazientzia! bidaia elkarrekin egin nahi izanez gero...

  4. Gorputza begiratu; benetan sentitzen duzue garatuta eta sendotuta gura duzuena bideratzeko? Zertan ikusten duzue hori?

  5. Zeintzuk dira zuon gurariaz aparte zuon beldurrak? Beharbada beldurrak lantzea eta bideratzea ariketa polita izan daiteke pista gehiago lortzeko.

  6. Bidai honetan bi zarete, beraz, gauza bat da zure guraria baina ez ahaztu bestearen gurariak kontuan hartu beharko dituzuela askotan erritmoak oso desberdinak baitira. Bion desioak eta beldurrak bideratzea bion bidaia izango da. Orduan berba egitea lagungarria izango da.

 

Baina aukeratzen duzuena aukeratzen duzuela, barrea eta umorea hor egon dadin. Lehen aldian egiten dugunean apurbat urduri egongo gara eta ziur gauzak ez direla irtengo pentsatuta bezala. No pb!!! barre egin eta beste batean ere izango dugu aukera. Aztoratu edo goibeldu gabe. Hau gozatzeko kontua da, ez da azterketa bat eta bakoitzak bere erritmoa jarrai dezala. Gainera sarketa ez da joko bakarra, beste hainbat daude igual gozagarriagoak direnak eta gainera ez daukatenak inolako arriskurik! Horiek hurrengoan.

Besarkada handi bana

Agurtzane

Agurtzane Hormatza

2010, Otsaila 09
Arloa: Jo ta jo