Kanpaika jotzen lagunarekin?

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!

Zelan zabiltzate? Pasa zaizue inauteriko ostekoa?...Beno arnasa hartu, berehala Aste Santuko oporrak dauzkazue eta.

Masturbazioaren gaia askotan azaltzen da baina gero eta gutxiago neska edota mutil laguna duzuenean. Badirudi, gehienentzat lagunik ezaren sasoietarako dela. Baina askotan itxurakeria baino ez da. Banaka edo bikoteka saioak izaten dituzuenean, argi geratzen da masturbazioaren auzia zuon harremanetan azaltzen dela, zalantzak, jakin mina, gozamena, deserosotasuna ... horiek danak sortuz.

Masturbazioa plazerarekin, lasaitasunarekin, norberaren eta bestearen ezagutzarekin, barrenak hustearekin ... lotuta dagoen joko erotikoa da. Joko hau jaiotzen garenetik eta hil arte daukagun gaitasuna da. Sasoi bakoitzean eta momentu bakoitzean helburu desberdinekin eta kontzientzia gehiagorekin edo gutxiagorekin praktikatzen dugu.

Beraz, mutil edo neska laguna daukagunean, kanpaiak jotzeko grina ez da zertan aldatu behar.Grina hori inoiz ez badugu izan ere, sarritan laguna izaterakoan grina eta jakin mina nahastu egiten dira nahiz eta gehienetan nola bideratu jakin ez.

Momentu horretan galdera edota zalantza asko etortzen zaizkigu burura; hona hemen zuekin egonda batutako batzuk:

  • Lagunari masturbatzen naizela esan nahi diot.
  • Lagunari ez naizela masturbatzen esan nahi diot.
  • Ez dut ezer esango, ea berak zerbait esaten edota egiten duen.
  • Nik ez jakin arren, berak jakingo du ni zelan masturbatu ezta?
  • Lagunak ni masturbatzea nahi dut.
  • Nik laguna masturbatzea nahi dut.
  • Zelan masturbatuko dut bera ez badut inoiz egin? Jakingo al dut?
  • Bera nola masturbatzen den begiratzea nahi dut.
  • Bera ni masturbatzen naizen bitartean begira egotea nahi dut.
  • Elkarrekin gaudela bakoitzak bere burua masturbatzea nahi dut.
  • Elkarri masturbatzea nahi dut
  • ...

Lagunaren ezagutzak, norberaren ezagutzarekin gertatzen den moduan, denbora darama. Eta gauza batzuk bion artean ikasiko ditugu, batak zein besteak ez dakizkigulako zelakoak diren. Baina dakigunak erakusteko aukera daukagu ... , laguna beti ikasteko prest.

Gurariak eta errealitateak sarri ez datoz bat. Gurariak batzuetan denbora behar du gauzatzeko, bestelako gauza askorekin gertatzen zaigun moduan; buruan argi daukaguna askotan egitea kosta egiten zaigu, emozioak tartean daudelako. Beraz, ez aztoratu eta bakoitzak har dezala bere denbora bere desioak zeintzu diren eta zelan bideratu nahi dituen jakiteko. Pentsatu behar duzue, bikote batean beti bi pertsona daudela, beraz, bi prozesu, bi modu, bi erritmo ... eta bat egitea batzuetan ez dela bat ere erraza .

Masturbazioari buruz berba egitea gure barrenak askatzeko era aproposa da, lagunarekin konfiantza sakontzeko modu oso aberasgarria. Bakoitzaren desioak, beharrak , beldurrak eta lotsak agerian geratzen direlako. Gainera joko honek honelako abantailak ditu: norberaren eta ondokoaren ezagutza, plazer-garria, gaixotasunik kutsatzeko arriskurik ez eta honez gain, haurdun geratzeko posibilitaterik ez! Abantaila franko ezta?

 

Agurtzane Hormatza

2010, Otsaila 22
Arloa: Jo ta jo