Irakasle maitagarria?!

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!

Kurtsoa amaitzear eta bateren bat estu eta larri ibiliko da hori dela eta. Azterketak albo batera utzita, bihotz edota desio kontuetan murgilduko gara oraingoan. Ikasturte guztietan eskolak eskolak izan direnetik IRAKASLE MAITAGARRIA.

Zenbaitetan gure irakaslea ikustean adurretan jarri izan gara? Zergatik? Matematikako klaseak hoberenak bihurtzen dituelako, ingelesekoak begiratzen gaituenean bihotza lehertzear jartzen zaigulako , euskarazkoaren titietan galtzen garelako, irakaslearen ipurdiak genitalak puzten dizkigulako...

Zenbat gora beherak gure irakasleak direla eta. Batzuk jatorrak dira, besteak gure iritzian jasanezinak, eta apur batzuk aldiz gure bizitzako azukre koskorra bihurtu ditugu. Irakaslearen ezaugarri fisikoak eta pertsonalak albo batera utzita, ikasle bakoitzaren arabera izango dira erakargarriak edo ez eta, badaude irakasle maitagarri horien artean komuneko ezaugarri batzuk.

Ikuspegi zabala kontuan hartuta, esan dezakegu ikaslearentzat irakaslearen lekua oso garrantzitsua dela, oso esanguratsua eta eragin handikoa ere.
Irakasleak boterea dauka. Bera epaile da, notak jartzen ditu, eskola orduetan bera da laguntzaile, ikasi beharreko gaiak berak irakasten dizkigu, berak baloratuko ditu gure jarrerak, gure esanak, gure portaerak ... Beraz, gure eskola egunetan bera inportantea da. Ikaslea, sarri, maisua/andereñoaren oniritzia lortzeko gauza asko egiteko prest dago: ikasi, adi egon, mesedeak egin .... askotan denontzako onuragarriak diren jarrerak.

Irakaslea gero eta hurbilago sentitzea, adinagatik, janzkeragatik, jarrera zabala eta sendoagatik, ematen digun laguntzagatik ... errazagoa izango da gustura gaudenean eta berarekiko sentimendu gozagarriak sentitzea ere. Elkar laguntzea eta ezagutzea sentimendu anitzak sortzen ditu. Nerabezaroaren ezaugarrietariko bat desioa eta maitemina piztea inanez, ez da harritzekoa horrenbeste ordu pasatzen dugun eskolako irakaslea gure gurarien jomuga bihurtzea. Askotan gure barrenean daramagun sekretua da, besteetan lau haizetara esandako kontua. Dena den, batzuetan, irakaslea ez da jabetuko ere. Beste batzuetan bai, eta gehienetan ezjakitearen egingo du.

Pertsona bat gustuko dugunean, ez da erreza izaten gure barrenak baretzea eta irakaslea izanda, are gutxiago. Gure fantasiak pizten dira, batzuetan obsesionatu ere egiten gara ... eta nahiz eta kontu zoragarriak eraiki gure irudimenean gure baitari maiteminari buruz galdetuz gero erantzuna berehala jakingo dugu: bera irakaslea da, bere bizitzarekin, nagusia da .... gu aldiz ikasleak gara, ez gaude bere bizitzan eta gehienetan adingabekoak gara. Mugak malguak izan arren, hor daude.

Zer geratzen zaigu? Ba gozatzea burua apurtu gabe eta drama bihurtu gabe. Gozatu esperientzia honek ematen dizunarekin: alaitasuna, bihotzaren taupada, fantasietara gozamena eramatea, eskola orduak ondo eta arin pasatzea, irriaren jolasa ... ze ondo!
Baina ez ahaztu inoiz zu non zauden eta non dagoen bera, batzuetan fantasien korapiloak errealitatea nahasten du eta.

Besarkada handi bana,

Agurtzane

Agurtzane Hormatza

2010, Maiatza 28
Arloa: Jo ta jo