Aulkia non?

Agurtzane Ormatza

Oraindik sareari so? Pozten naiz, pentsa izan dut gehienok kalean zehar ibiliko zinatela.

Ikasturtean zehar sexualitateri eta erotikari buruzko tailer batzuetan ibili naiz buru belarri, askotan moduan. Baina oraingoan nahiko desberdinak dira , ez ohikoak. Zergatik? Talde-kideak ezintasun fisiko bat duten emakumeak eta gizonak direlako. Batzuek aspalditik muineko lesio bat zeukaten, eta beste batzuek gaixotasun degeneratibo bat. Askok gurpildun aulkietan jesarrita eta beste batzuk makuluaklagun.

Gehienek nagusiak, gazte pare bat izan ezik. Gehienentzako lesioa edo gaixotasuna gaztaroan agerian. Eta euren kezkak, ardurak, lotsak, beldurrak, gurariak ... entzun ondoren artikulu hau idaztea erabaki dut. Gehienek gaztaroan hasitako prozesuan faltan sumatzen zutelako, orain ere baina orduan gehiago, gai hauen gaineko informazioa.

Askorentzako gurpildun aulkian euren burua ikusteak erabatetko aldaketa suposatu zuen euren bizitzan: harremanak , eskola egunak, kalera joatea, gurasoen dependentzia, intimitate falta ... Dena ikasi behar eta are gehiago, onartu behar momentu horretatik aurrera norberaren bizitza horrelakoa izango zela, hau da, ziur aski aulki bati lotuta egongo direla bizitza osoa. Ze zaila!! Eta itsaso korapilatsu honetan "ni gorputz trakets horretan" .

Gazteak garenean sexualitateari edota erotikari buruzko gaiak pil-pilean dabiltza eta horrelako arazo batekin topo egiterakoan gaiek hortxe jarraitzen dute baina zailagoa egiten da irtenbideak aurkitzea.

Plazera, askotan esan dugun moduan, ez da egun bateko kontua ezta urte betekoa, gure bizitzaren zehar gorpuzten doan sentsazioa, bizipena baino. Gure gorputz osoa errezeptorez josita dago, eta horien bidez batez ere sortzen da plazera gure baitan. Errezeptoreek informazioa hartzen dute eta bizkar muinetik gora bidaltzen dute burmuineraino. Beraz, lesio batek edo gaixotasun batek gugana jotzen duenerako gure gorputzak jada istorio bat dauka. Aurretik bizitakoak lagunduko digu aurrekoa eraikitzen,nola ez! gure sexualitatea eta erotika ere bai.Gure gorputzaren sentsazio batzuk galduta izan arren, beste batzuk garatu ditzakegu plazerak bere bide gozagarria egin dezan. Dena da posible!

Nork esan du ipurdi azpian aulkia behar dutenek ez daukatela sexualitaterik edo inolako erarik erotika garatzeko? Askotan hori sinestarazi digute. Eta ez da egia!! Denok gara gai plazera sortzeko, neska edota mutil laguna izateko, mina emateko, poza sentitzeko, malkoak izurtzeko, orgasmoak izateko, masturbatzeko, laztantzeko ... Gorputzeko hainbat ataletatik sentsazio gozagarriak ateratzen ditugu, ez bakarrik genitaletatik . Nahiz eta genitalek kasu batzuetan ez sentitu, hauek pentsamenduak eta sentimenduak sortarazten dituzte eta horiek sentsazioa gozagarriak dira ere. Fantasia, irudimena, sormena ... ezinbestekoak izaten dira gozatzeko eratan sakontzeko. Gozamena, plazera eta orgasmoa azken finean burmuinean ematen dira, gure gorputzean gauzatzen dira , berdin da zelako gorputza edota ezintasunak ditugun.

Arazoak aulkia geure buruan ipintzen dugunean datoz . Beraz itxi dezagun aulkia gure bizitza errazteko, ez zailagoa egiteko.

Besarkada handi bana.

 

Agurtzane Ormatza

2010, Ekaina 14
Arloa: Jo ta jo