Bola txinatarrak

Agurtzane Hormatza
Aupa denoi!
 
Oporrekin gozatzen?
 
Gaurkoan bolatxoak dauzkagu aztergai. Antza denez modan jarri dira berriro ere, Kataluniako enpresa batek farmazietan saltzeko aukera eman baitu. Orain arte batez ere sex-shopetan saltzen ziren eta farmazietan saltzen zituztenak baginarako  konoak ziren, helburu antzekoarekin baina. Hori dela eta irratietan eta egunkarietan berria bolo bolo dabil.
 
Bola hauen lehen aztarnak Neolitikotik datoz, baina urte franko gerorago arte ez zen jakin hauen erabilera zehatzik. Japoniako Feudal sasoian kondaira bat zabaldu zen. Honela esaten zuen: "orduko sasoiko enperadore baten erotikarako grina hain eutsiezina zenez, amoranteen baginen barruan marfilez egindako bolak sartzen zizkiela. Euren ustez bolak sartuz gero emakumeak prest egongo ziren enperadoreak behar izaten zituenerako". Baina beharbada ez zuten asmatu hain ondo, neskon harreman erotikoak izateko grina bola txinatar batzuek ez baitute pizten!!
 
Baina zer dira? Zelan funtzionatzen dute?
 
Silikonaz estalirik dauden bi bolatxo dira (batzuetan bakarra ere izan daiteke) kordel batekin lotuta.Bola bakoitzak pisutsuagoa eta txikiagoa den beste bat dauka barruan, beraz, lekua daukate libre mugitzeko. Bola hauek bagina barruan sartzen dira, baginako muskuluek lotzen dituzte eta neskok ibiltzen hasten garenean barruko bolak mugitzen dira handiago den bolaren kontra talka eginez. Mugimendu horiek plazergarriak izan daitezkeen bibrazioak sortzen dituzte.
 
Zertarako erabiltzen dira?
 
Alde terapeutikoa: emakumeok menopausia eta erditu osteko aroan pelbiseko muskuluak leundu eta bigundu egiten zaizkigu, horregatik batzuetan txiza-jarioak ohikoak bihurtzen dira. Gure pelbiseko soroa indartzeko, askotan, fisioterapeuta bat behar izaten dugu eta gerorago bola txinatarrak erabili ditzakegu. Gure baginak bolak oratu egin behar ditu baginatik kanpora ez jausteko. Eusteko behar dugun indar horiek gure muskuluetan eragin osasuntsua eta zuzena edukiko dute.
 
Alde erotikoa: bolatxoei eusteko egiten dugun indarrak eta bolatxoen mugimenduen bibrazioak sarri, plazergarriak diren sentsazioak sortarazten dituzte. Emakume batzuen bagina erelubrikatzen da. Beraz, gure gorputzak ezagutzeko modu bat izan daiteke eta gure intimitatea garatzeko ere aldean daramatzagula inork ere ez luke jakingo eta. Dena den, dibertigarria izan daiteken jokoa da.
 
Ikusten duzuenez, erotikaz gozatzeko osagarrien mundua zaharra bezain zabala da; egun aspaldian asmatutakoa baino ez dugu borobiltzen, eta hori ere ahal denean.
 
Ondo pasa eta gozatu uda zoragarri honetan!
 

Agurtzane Hormatza

2010, Ekaina 25
Arloa: Jo ta jo