Espazio "birtuala"

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!

Zelan zabiltzate? Animo ba! Konturatu orduko oporretan egongo zarete eta.
Gaurkoan, batxilergoan batez ere, hainbatean agertutako gaia.

"Neskek esaten didate, ea zer gertatzen zaien euren aluan, hobeto esanda baginan, mutil-lagunaren zakila ezinezkoa delako sartzea. Mutilak aldiz ea zer egin behar duen sartzeko, neskei izugarrizko mina ematen diolako eta sarketa azkenean ezinezkoa delako".
Pentsatzen dugun baino gehiagotan gertatzen den auzia da. Gure bizitzaren edozein momentutan gerta daiteke, ez bakarrik lehenengo harreman koitalean. Beharbada une horretan aukera gehiago dauzkagu horrelakoak gertatzeko baina bizitza luzea da eta gorputzak modu anitzak dauzka kezkatzen diona esateko!

Bagina espazio "birtual" antzekoa da. Hau da, ia ezin dugu ikusi, barrurantz baitoa eta iluntsu dago. Bere tamainaz jakin izaten dugu zerbait sartzen dugunean eta ez zehaztasun guztiekin, oso malgua delako eta gehienetan sartzen denaren tamaina hartzen duelako. Bagina muskuluz, giharrez osatuta dago beraz, gure gorputzeko beste gihar moduan funtzionatzen du. Gorputza lasai dagoenean, zabaldu egiten da eta tentsioren bat dagoenean uzkurtu. Baginako giharrak uzkurtzen badira, oso malguak izan arren, edozelako sarketa ia ezinezkoa izango da, beraz mingarria.

Tentsioak mota askotakoak izan daitezke: beldurra, jakineza, lotsa, urduritasuna, bolada txar bat, egoenezina ... gure barnean daudenak eta ez dakizkigunak ... Gainera tentsioak exitazio prozesua etetea dakar eta ondorioz baginan ematen den lubrikazioa ere. 
Dena dela horrelako egoeratan inoiz zuon burua ikusten baldin baduzue hona hemen aholku txiki batzuk:

  • Lasai, arnasa hartu eta ez tematu.
  • Beharbada gaur ez da izango momentua edo eguna.
  • Gorputzak izkina maitagarriak ditu, bagina bat baino ez da!
  • Berba egin zure bikotekidearekin. Zer gertatzen zaizun, zelan bizitzen duzun ... lotsatuta bazaude be, esaiozu!
  • Bakarrik zaudenean zure aluaren laguna izan, begiratu zelakoa den, zelakoa diren baginaren muskuluak ,zerk tentsionatzen dituen eta zerk lasaitzen edota exzitatzen...
  • Bikotekidearekin zaudenean, ikasi eta irakatsi koitoaz aparte dauden beste jokoak.
  • Bion artean ikasi eta irakatsi zelan funtzionatzen duten zuon genitalek, zer daukaten gustuko, zerk errelajatzen dituen...

Animo ba! Besarkada handi bana.

Agurtzane

Agurtzane Hormatza

2010, Urria 12
Arloa: Jo ta jo