Gorputza, laguna edo arerioa?
Aupa denoi!
Zelan gabiltza? Lanpetuta azterketak gainean daudelako? Arnasa apur bat har ezazue, eta interneteko lehio honetan geratu, zerbait gura dizuet xuxurlatu belarrietara...
Zenbatetan begiratzen duzue zuon gorputza ispiluan? Zenbat aldiz etxetik irten baino lehen begiratzen duzue ea zelan geratzen zaizkizuen praka horiek? eta mini gona berri hori? zer esanik ez ilea!! batzuentzat gorputzeko kuttunena. Zenbatetan aukeratzen duzue arropa zuon edertasuna azpimarratzeko edota zuoi ez zaizuena gustatzen tapatzeko edota " look" ona izateko? Badaude ere arropaz paso egiten dutenak, edo behintzat hori esaten dutenak. Ispiluaren aurrean oso denbora gutxi ematen dutenak ere badaude , are gehiago, ispilutik ihesean dabiltzala ematen du. Ez daude bat ere gustora euren gorputzarekin eta ispiluan begiratzeak ere lotsatu, beldurtu edo tristetu egiten ditu.
Ez da bat ere erraza gure gorputzarekin pozik egotea, are gutxiago gure gizarte honetan. Eredu estetikoak gero eta zorrotzagoak dira, neskentzako zein mutilentzako. Gero eta gazteagoenen artean kontsumismo ustelean oinarritutako ereduak finkatzen dira . Nerabetasunean gainera, zuok sano ondo dakizuen moduan, gorputzaren aldaketak nabarmenak dira. Neska eta mutil bakoitzak erloju bat dauka, genetika konkretu bat eta horiek ezin du inork aldatu. Beraz, hainbat gauza ez daude zuon eskuetan, lasai. Egoera honek sortzen duen egonezina ez da bat ere makala izaten.
Nagusiei oso zaila egiten zaigu gure gorputzarekin pozik egotea eta urte batzuk daramatzagu elkarrekin....imajina dezaket zuontzako zer den.
Zelan egon gaitezke pozik gure gorputza nolakoa izango den ez badakigu? Titiak horrela geratuko zaizkit? Ahots hau behin betikoa izango da? Aitaren altuera izango dut? Ipurdia noiz borobilduko zait? Zakilaren tamaina aldatuko zait ? Hilekoa noizko? Bekokian dauzkadan garoak noizarte? Eta ile koipetsu hau?
Animo gazteak, natura ez dabil txantxetan zuokin eta. Berak ere behar izaten du bere denbora gauzak bere lekuan ipintzeko. Beharbada zuoi gauza bera gertatzen zaizue, hau da, denbora beharko duzue. Zertarako? Zuon gorputzean gauzatzen diran aldaketak barneratzeko, estimatzeko eta behar den moduan onartzeko. Naturaren erritmoari jarraituz gero ziur asko sano lasaiago ibiliko ginela.
Zuok imajina:
Lehenengo aldaketak izan aurretik gehienok nahiko pozik eta gustura zaudete zuon gorputzarekin: kiroletan, aisialdiko ekintzetan, koadrilan ...gorputza ta zuek bat zarete. Gorputz horretan bizi zarete eta gainera gehienetan nahi duzuena egiteko balio zaizue. Azken finean zuen gorputza zeuk zarete. Honez gain, etorriko zaizkizuen aldaketen inguruko informazioa jasotzen duzue, zuen estualdia baretzeko ezinbestekoa. Arnasa eta pazientzia har itzazue, ba!, aldaketak ez baitaude zuen esku baina bai horiek nola kudeatu.
- Aldaketak hasten direnean, animoak eman eta gertatzen zaizuen konta iezaiozu norbaiteri.
- Lagunekin gora beherak konpartitu, denok natzera ibiliko baitzarete.
- Arropari daukan garrantzia soilik eman. Eroso sentitzea, gustora, zu zeu izatea....hori da garrantzitsuena.
- Gorputzarekin lotura berreskuratu; presarik gabe gorputza zaindu beharra jakin (krema edota olioa...)
- Ispiluaren aurrean jartzen bazara ahalegindu gorputz osoa begiratzen. Ikerkuntza sailan sartu eta ea zer topatzen duzun!
- Ahalegindu zure burua ondo tratatzen, ez izen gaiztoa zure gorputzarekin.
Ligatzea edo harremanak bideratzea zailagoa izango da pozik ez bagaude baina ziur nago naturari bere lana egiten behar duen denbora uzten badiogu, amaitu orduko prest egongo zaretela, gu nagusiok baino hobe, zuon edertasunarekin gozatzeko.
Besarkada handi bana