Transak etabar

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi,

Zelan zabiltzate azkenengo bolada honetan? Gu betiko martxan. Orain dela aste pare bat zuotariko batzuekin elkartu nintzen, sexualitateaz, erotikaz eta sexuaz jarduteko. Beti bezala hainbat galdera eta zalantza mahai gainean jarri ziren, baita denetariko esperientziak azaldu ere. Baina askotan gertatu izan zaigun moduan gai bati buruz hitz egiten hasten garenean gero eta gehiago jakinez gero, gero eta gehiago jakin nahi duzue. Gero eta gehiago nahasten zarete eta momentu horretan konturatzen zarete oraindik baduzuela zer esan eta zer galdetu.

Kasu honetan solasean genbiltzanean zelako hika-mika sortu zen. Hona hemen gertatutako: "transexualak emakumeak izan nahi duten gizonak dira","gizon homosexualak trabestiak dira horregatik janzten dira emakume moduan", "neska homosexualak benetan gizonak dira"... Hauek guztiak entzun ondoren, askoren nahasia handia denez kontzeptuen gaineko pintzelada batzuk ematea pentsatu dut.

1. Identitatea: zer naizen, mutila edo neska. Hori da nire muina, umetokian gaudenetik eta hil arte ematen den prozesua,sexuazio prozesua deitzen dena. Neska/emakume edo mutil/gizon bakoitzak bere modua du neskatoa edo mutila izateko, hainbat modu, ñabardura, desberdintasun, antzekotasun... nahi duen edo behar duen moduekin bizitzeko, azaltzeko, izateko. Ni emakumea sentitzen naiz, emakumea naiz.Beraz transexuala dena oso argi dauka zer den, adibidez emakumea, baina bere gorputzak(gizona) ez du bat egiten bere identitatearekin(emakumea).

2. Desioa: zeintzuk ditut gustuko, norenganako bideratzen dut nire desioa. Neskak edota mutilak gustukoak izateak, eta nola bideratzen dugun desio hori ez gaitu emakumeagoak edo gizonagoak egiten. Bakarrik esaten digu zeinek ditugun gustuko.

3. Nola: beste kontu bat izango da emakumeak edo gizonak izanda,eta, emakumeak edota gizonak gustukoak izanda zer nahi dugun egin gure bilakaera kitzikagarria izateko. Kasu honetan hainbat emakume edota gizonentzako , printzipioz,beste sexuari dagokion arropa janztea (kuleroak, galtzontziloak, gorbatak, gonak ...) oso kitzigarria, gozagarria, jolasgarria ... , iruditzen zaie eta joko horretan murgiltzen dira . Janzkeraren joko hori trabestismoaren alorrean sartzen dugu.

Gozatu egizu! zarena zara eta berdin da zeinek dituzun gustuko edota zer janzten duzun egoera gozagarria izateko!!!

Agurtzane Hormatza

2010, Abendua 17
Arloa: Jo ta jo