Gorputzari buelta ematen

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!!

 

Zelan zabiltzate? Aspertuta, agobiatuta, lanpetuta, maiteminduta, triste …. Animoak denontzako!!


Aurrekoan ikastaroan, iragarkien bonbardaketari buruz egon ginen hitz egiten. Dieta mirarigarriak,zelulitisaren kontrako kremak, arropa zoragarriak gure gorputza ederragoa izateko, gorputzaren ilearen kontrako gerra (hankak, lepoa, bularra…), sabela zapalak edota txokolate" tableta" antzekoak, titiak tente, gerri estuak, ipurdi gogorrak "granny smith" sagarren antzekoak, garo gabeko azal fina eta beltzarana, hagin zuriak, ezpain potoloak, bularra zabala, sorbalda sendoak, berna amaiezinak, irribarre distiratsua …

 

Eta gehienok paso egin nahian. Baina.. ez da hain erreza.

Daukagun gorputzarekin gustura egotea, maitatzea eta benetan konplexu barik bizitzea posible izan daiteke? Egia esateko neuk ere ez dakit eta barkatu, baina beharbada zuon adinetan zailagoa da, oraindik ez dakizuelako daukazuen gorputza “amaituta” dagoen ala ez.

 

Bizi garen gizarte honetan bidea ez da bat ere erosoa. Bizitzaren edozein alorretan perfekzioa azpimarratzen da, batzuek araututako perfekzioa noski.Testuinguru horretan konplexu gabe egotea sinestezina bihurtzen da. Baina, nahiz eta konplexuak erabat ez kendu,  gure burua edota gorputza ez zigortzea lortu dezakegu eta gehiago estimatzea.

 

Nola? Gure gorputzak merezi duen tartea eskainiz. Denok, edo gehienok, argi daukagu gure gorputza zaintzea inportantea dela eta bakoitzak bere neurrian zerbait egiten du gorputza osasuntsu, garbi eta lirain mantentzeko.

 

Ikastolak, familiak, osasun zientzietako adituak, kirolariak, lagunak … denek esaten digute zer egin: dieta osasungarri bat, kirola, gure buruari mezu positiboak bidaltzea … gogoan edukitzeko modukoak, ezta?

 

Nik gaurkoan gorputza bera dakarkizuet!

 

Gure gorputza maitatzeko giltza, gorputza berak dauka. Gure azalak eta bost zentzuek lagunduko gaituzte bide honetan. Adi egon behar dugu, benetan arreta zuzena eta goxoa eskainiz. Denbora hartzea ezinbestekoa da. Medikoak esanez gero kasu egingo zenioke ezta?

 

Gure gorputzera hurbiltzeko modu desberdinak daude. Bakoitzak aurkitu behar du berea. Hona hemen modu desberdin bat:

 

Ukimena, entzumena, ikusmena, dastamena eta usaimena izango dira gure bidaideak. Gidari hauek irakatsiko digute zelan ezagutu gure gorputza.

Begiak itxi eta usaindu zure gorputzaren usaina dutxatu berri eta barruraino sartu freskotasun goxo hori. Arnas sakona hartu eta  zure gorputza nola lasaitzen den nabaritu; laztandu zure azala presarik gabe eta iragarri zelan zabaltzen den; entzun ahoa zelan zabaltzen den gustukoa den zerbait asmatzen duenean; masaiatu zure ipurdia pastela izango balitz bezala;  behatzeei argazkia atera; kilikiliak egin gerribuelta potolo horretan; gozatu dutxako urak zure azala ferekatzen duenean. Orain zabaldu begiak eta begiratu berriro ere zure gorputza baina oraingoan zentzuek emandako informazioarekin.

 

Gure gorputzarekin hobeto sentitzeko ezinbestekoa da gorputzaren kontzientzia hartzea: zelan mugitzen den, zelan gorritzen den, zelan lasaitzen den, zelako azala daukan, zelako erreakzioak dituen, zer gustatzen zaion eta zer ez, zelako mugak dituen, zer esaten digun gose denean, edo beldurra duenean, edo lotsatuta ….

 

Gutaz daukagun irudia askoz ere osoagoa eta ederragoa izango da eta.

 

Beraz gorputzaren koloreetan igeri egin dezagun!

Agurtzane Hormatza

2011, Otsaila 10
Arloa: Jo ta jo