Prestatzen, zertarako baina?
Aupa denoi!
Zelan bizitza? Animo eta irribarretxu bat ipini zuon aurpegietan gaurko gaiak merezi du eta. Ni betiko martxan, zuon jakinmina asetu nahian eta zuon zalantzak bideratu gurean.
Dakizuenez gorputzaren bidez gauza asko komunikatzen dugu. Nahi eta nahi ez. Askotan begirada batek gure mingainak baino gehiago dio, gure isiltasunak ere berba egiten du sarri gure solasaldi luzeak baino gehiago. Laguna edo bikotekidea daukagunean gorputzaren komunikazio hau oso inportantea bihurtzen da, are gehiago sentitzen duguna hitzekin adieraztea zaila egiten denenean. Ziuraski behin baino gehiagotan antzeman dute triste zaudela zuk ezer esan gabe, ezta?
Samurtasuna eta gozamena lantzeko ere hainbat jokabide esanguratsuetan murgiltzen gara: laztanak, ukituak, besarkada intentsoak, zurrupadak, muxuak, begiradak, haginkadatxoak... Sarri horrelako jokoek, koitoren presentzia hurbil dagoela pentsaraztera eramaten zaituzte beste helburuak ahaztuz.
Horrelako pentsamoldeak korapilatuta sentiarazten gaitu, egoera deserosoetan sartu arte. Beharbada jolasean gogotsu eta gustura egon izatetik urduri jarri arte, jolas horren ondorengoa ez delako hain gustukoa.
Gazte batzuei entzun dizuet hau esaten: koitoa ez bada egongo ez du merezi inolako jokoetan sartzea, "berotu ezertarako ere ez". Beste askok aldiz koitoa ekiditeko bestelako jokoetan sartzen dira, gura dutelako lagunarekin gozatu ezer ezean geratu baino. Hainbatek jokoak gustukoak izan arren koitoa ez dutenez nahi, edozelako jolas gabe geratzea erabakitzen dute. Azkenik, badaude ere gustura ez egon arren aurrera jarraitzen dutenak…Eta zu?
Pentsamolde estuak gure gozamena baldintzatzeko arriskua dauka. Beste alorretan gertatzen den bezala, lagunaren eta bion gurariak askotan desberdinak izaten dira, jakiekin gertatzen den moduan; batzuei pasta arroza baino gehiago gustatzen zaigu . Orduan , nola bilatu elkarrekin egonez biok gustura egoteko bideak? Hona hemen gomendioak: bakoitzak bere sentsazioei jarraitu, helbururik ez jarri, ikasi eta bakoitzak bere buruarekin gustura egon, lagunari lagundu…. Bazter guztiak gozagarriak, maitagarriak eta jolasgarriak dira. Erotika ondo pasatzeko, elkar ezagutzeko, komunikazioa aberasteko…eremua da.
Batzuetan zer nahi dugun eta zer ez dugun nahi hitzekin adieraztea konplikatuegia bihurtzen da, baina eskuek, begiradek, ukimenek, keinuek…. lagunduko digute komunikazio horretan.
Gorputza da gure bidaide. Egiozue kasu!