Zelako tamainak!
Kaixo denoi!!
Udako goxotasunaz gozatzen? Uda, sasoi aproposa eguraldiaz, denbora libreaz, lagunaz, bikotekideaz .... gozatzeko.
Arropa gutxika-gutxika gure gorputzetik ihesian doa, azala agerian, eta hainbat konplexu ere!!! Neguan arropak ahalik eta azal gehien estaltzen du eta gure konplexuen arabera jantziko gara.Udan, aldiz, zailagoa da. Gorputzaren edozein atalaren tamaina eta forma nabarmena da, batez ere guretzako, noski! Gure lotsak eta beldurrak gure begietan eta ikusmenean izugarrizko eragina daukate.
"Gorputz perkfektuen ereduek" ez digute bat ere laguntzen gure gorputzaren lagunak izaten; ez da bat ere erraza.
Nerabezaroaren garaia ere ez da oso lagungarria izaten. Gorputza aldatzen doa etengabe, ez dakigu prozesua noiz amaituko den ezta zelako gorputza geratuko zaigun. Jakintasun-ezak inseguritate asko sortzen dizkigu. Lagun talde batean egoteak gauza asko suposatzen du eta gorputzarekin zerikusia ere badauka.Gehienek janzkera eta gorpuzkera antzekoak daukate eta.
Adin horretan, geroxeago ere, lagun eta ikaskideen iritzia, onarpena ... oso inportantea da. Beraz, ez da harritzekoa geure burua besteekin konparatzea eta konparazio horiekin askotan tematuta egotea.
Tamaina eta forma batzuk bereziki buruhauste asko ematen dituzte.
Gorputza osoari begiratuz
Kiloak. Gehiegi edo gutxiegi.
Formak.Sorbaldak handiagoak eta zuzenak, sabela txokolate tableta izatea, ipurdi sagarra modukoa izatea, gerria estua, besoen eta hanken muskuluak markatuta edukitzea.
Zakila eta titiak neurrikoak .Ez lar handi ezta lar txiki ere. Baina aukeran handia txikia baino.
Ilea.Ezertxo ere ez, aukeran inon ere ez, buruan ez bada, noski!
Azala fina eta leuna, garo gabe.
Medikuak esaten duena albo batera utzita, norbera zelan ikusten duen gure gorputza eta zelan sentitzen garen gorputz horretan eragin handia edukiko du gure harreman sozialetan eta baita ere intimitatean.Gero eta deserosoago sentitu, askoz ere gehiago jango dugu edo askoz ere gutxiago. Kirol gehiago edo gutxiago egingo dugu. Egoera horiek, alde batetik ,arazoa mantenduko dute eta aldi berean gero eta suntsituago sentituko gara.
Gero, zailagoa egingo zaigu lagunekin egotea eta zer esanik ez inoren gustukoak garela sinestea ia ezinezkoa bihurtuko da (berdin da mutil edo neska lagunik daukagun ala ez)
Baina animo, hori horrela bada ere, topa ditzagun gure gorputzaz gozatzeko moduak.
1.Pentsatu ea zelako gauzek ateratzen duten zure irribarrea.Eta uda honetan astero saiatu lortzen: lagunaren deia, amaren muxua, mutil lagunaren laztana, aitaren begirada xamurra, koadrilakoekin geratzea, senitarteko batzuekin batzea, igeri egitea, goizean goiz korrika egitea.
2.Izpiluan begiratu zure begi ederrak eta esaiozu zure buruari irribarre zoragarria daukazula.
3.Zure azala poz pozik azalduko zaizu hidratante edo olio berezi bat ematen badiozu, astiro, laztanduz eta sentsazio gozagarrietan murgilduz.
4.Zure gorputza arakatu, ikertu leku gozagarriak bilakatuz.Ziur nago gorputzak sorpresa gozoren bat emango dizula.Ez dago presarik.
5.Inoiz edonork lore bat, piropo bat, esaten badizu sinestu.Zergatik ez? Ez emon zure buruari min gehiago!
6.Zure gorputzeko atal guztiak izendatu, bat ere ahaztu gabe, eta idatzi atal bakoitzari esker zer lortzen duzun.
7.Aurkitu zure gorputzean gustuko duzun zer edo zer, eta zergatik ote den pentsatu.
8.Eman zure gorputzari benetan nahi duena: izerdia, gozamena, arintasuna, ura, barrea,laztana ....
9.Moldea zurekin apurtu zen, kopiek ez dute balio.Orijinalak bakarrik, beraz horixe da erakargarriena.
10.Laztandu zure gorputza, laztandu zure burua, laztandu zure barrena ... Goxotasunez tratatu zurea dena!!
A! eta ez ahaztu, zure begirada eta besteen begirada ez dela berdina.Zuk ikusten duzun atal motz hori askorentzako zoragarria da eta.
Besarkada handi bana