Kondoia, etsai edo lagun?

Agurtzane Hormatza

Zelan,zelan,zelan? Bai atzera be kondoiarekin bueltaka.

Kondoiaren erabilera dela eta, bi korronte sumatu izan dut azkenaldi honetan. Alde batetik gazteen artean gero eta aurreiritzi eta beldur gutxiago behar den momentuan erabiltzeko, nahiz eta gehienetan kondoiari buruzko ezjakintasunari lotutako hainbat mito faltsu egon. Beste alde batetik erabileraren jaitsiera esperientzi ezkor batzuen ostean.

Hona hemen pista batzuk kondoia etsaia baino lagun bihurtzeko:

- Kondoiak lagunduko digu gura ditugun joko erotikoak lasaitasunez jorratzeko. Kondoiaren erabilerarekin saihestuko dugulako hainbat ezbehar: genitalen bidez transmititutako gaixotasunak eta nahi gabeko haurdunaldiak. Beraz, laguntzailea.

- Egun dauden kondoien materiala, latex kasu gehienetan, oso fina eta kalitate onekoa da. Beraz sarketan ez dugu nabarituko, ez batak ez besteak! Joko erotikoan gaudela, askotan, mito faltsuak gure arreta hartzen du. Momentu horretan gure burmuina ta gorputza goxotasunean egon beharrean kondoian desbideratuta dago. Egia esateko kondoia ez da gure jokoa baino goxoagoa. Beraz erraza izango da gure momentu hori nolabait apurtzea. Baina adi egon, uste faltsua izan da gu beste leku batera eraman gaituena eta ez kondoia!

- Gure jokoetan kondoia berria bada,seguru asko hainbat gauza zailak izango dira, adibidez noiz atera, noiz ipini, zelan ipini... Beste hainbat gauza moduan  hasieran zalantzak agertzea ohikoena izaten da. PARTEKATUTAKO UMOREA ezinbesteko laguna da gure bidea errazteko.

- Kondoia gure bizitzan ezaguna izateak asko lagunduko digu. Hau da, inoiz erabili baino lehenago, lagunarekin edo geure kabuz bat edukitzea, begiratzea, ikustea edota erabilera asmatzea,ukitzea .....ondo legoke. Seguruenik jakin badakizue hainbat motatako kondoiak daudela, koloreak, formak, zaporeak... ikertzea ez legoke gaizki egongo, eh?! Probokatzen dizkiguten sentsazioaz edota burutazioaz berba egitea ere lasaigarria bezain kitzikagarria den joko bat da. Kondoia gure laguna bihurtu nahi badugu lehenago ondo ezagutu beharko dugu gero behar dugunean naturaltasunez ateratzeko.

- Kondoia erraz ipintzeko zakila tente eta gogor edukitzea lagungarria da. Sarri kondoia ipintzen hasten garenean zakilaren tinkotasuna bigundu egiten da. Gure jokoan urduritasunak bere bidea egin du. Zelan ez! Edozelako hasieratan larritasuna agertzen da, horrelakoetan ere.Imajina dezakezue zuon gainean bi lagunen lau begi oso adi egoteak zelako eragina edukiko zuen? Bai, ezta? Ba orduan imajina zelan egongo den zakila!

Sarri pentsatzen dugu kondoiak berak, materiak eragin duela zakilaren jaitsiera,eta horrela ez da .Gu, bikotekideok, lagunok, gure urduritasunak, espektatibak ... eragin dute jaitsiera. Beraz lasai, arnasa hartu eta beste egun baterako utzi edota bestelako jolas gozagarrietan murgildu.

Kondoia lagun baliogarria izateko laguna bihurtu behar dugu!

 

Agurtzane Hormatza

2011, Uztaila 29
Arloa: Jo ta jo