Nire ama lesbiana da

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!

Zelan zaudete? Oporraldiarekin jada gozatzen? Hondartza, hiria, mendia, erreka, herria ...denak leku ederrak oporretan egonez gero.

Gaurkoan dakarkizuen gaia ez da bat ere kontu berria; homosexualitatea heterosexualitatea bezain zaharra da. Gure sexualitatea andreok eta gizonak munduan agertu ginenetik existitzen da.Beste kontu bat da zelan historikoki kultura eta gizarte bakoitzak jorratu, bizi, kudeatu, landu ..., izan duen sexualitatea.

Azken hamarkadan izugarrizko aldaketa egon da jarreretan nahiz eta homosexualitatearekiko oraindik bide luzea daukagun arren.Argi dago ez dela inportantea nor daukagun gustuko -neska edota mutila- gu nor garen baino.Argi dago, askotan, berba egin dugula norberaren homosexualitateari buruz, zuek laguntzeko helburuarekin, zuon sexualitatea modu aske eta gozagarri batean garatu dezazuen.

Baina ikastaroetan konturatu naiz ikasle askorentzat norberaren sexualitatearekiko lanketa prozesua gero eta errazagoa dela, baina gurasoena onartzea kostatu egiten dela; ez kezkatu, belaunaldi guztien arazoa da eta! Kontua da, batzuetan areagotzen dela gurasoak homosexualak direnean.

Ama bi, aita bi ... eta zer?

Ama bi edo aita bi dauzkazuenok eta orain gazteak zaretenok seguru asko jada bide luzea egin duzuela. Denetariko boladak igaroko zenituzten besteen begirada harrituen aurrean familiaren oreka mantentzeko. Baina ziur, denboraren poderioz, bizi zareten hiriko auzoan edo herri txikian, beste familia bat baino ez izaten lortu izan duzuela. Lan guzti horrek bere fruituak ematen ditu,nerabezarora heltzerakoan, zuon inguru-gunea zaindu eta garatu izan duzuelako.

Horrek ez du esan nahi garai honetan egoera desberdin batzuei ez diezuela aurre egin behar izango. Zergatik? Nerabezaroan, dakizuenez, galdera piloa datozelako eta erantzun gutxi, norberaren desioa deiadarka dabilelako, eta oso egonkorra eta segurua zena ere kolokan jartzen dugulako.

Hau dena, are zailagoa egingo zaizue gustura zaudeten testuingurua aldatzen baldin bada, adibidez, beste herri batera bizitzen joan behar duzuelako edo ikastetxe berri batera DBH ikasten zoaztelako.

Aldaketak dena den, beti dira aukera bat! Trantsizio garaia ez bada erreza ere, kontuan izan egoera berriek gure abileziak eta ordura arte ikasitakoa guztia ere ateratzen dutela. Beraz seguru nago egoera berri horiei aurre egiteko behar duzuen tresneria edukiko duzuela.

Dena den ez ahaztu jakin badakizuena, jende guztiak ez duela ulertzen bizitza zuk ulertzen duzun moduan.Batez ere bizitzaren ereduak edo bizitzeko erak oso desberdinak direnean eta batak bestearekin talka egiten duenean. Orduan, askotan, aurrean daukagunaren moduak, nahi barik, deseroso sentiarazten gaituzte, gure moduak kolokan jarri arte.

Ezjakintasunak beldurra pizten du eta beldurrak askotan erasoa ekartzen du, beraz, erasoak onartezinak badira ere argi euki zuok(Danel, Ane, Jone, Jurgi ... ) ez zaretela beldurgarriak ezta arraroak ere, zuok islatzen duzuen aniztasuna baino ez zarete.

Klabe horrek beharbada lagunduko dizuete erasotik urruntzen edota esan beharrekoa modu zentzudun batean esaten. Mina hartu baldin baduzue ez utzi zuon barrenean usteltzen, zuon konfiantzazko lagunen batekin berba egin askatzeko eta egoerari ere buelta emateko.

Zorte on eta goza dezagun uda honetan ere!

Agurtzane

Agurtzane Hormatza

2012, Ekaina 29
Arloa: Jo ta jo