HIESA, GIB ETA GU

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi:

Zelan zabiltzate? Web gunehonetan HIESA eta GIB-ari buruz idatzi nuen lehen aldia orain dela ia zortzi urte izango dira. Zorionez gauza asko aldatu izan dira harrezkero baina tamalez oraindik behin eta berriro errepikatu behar ditugu hainbat eta hainbat gauza, zoritxarrez batzuek ez dira aldatu eta.

Abenduaren 1ean betiko moduan, gure gizartean horrelako datak badauzkagu eta, HIESA- GIB gaixotasunekin bizi duten pertsonak eta euren senitarteak gogoan edukitzeko, guzti horrek dakartenari buruz hausnarketarako, eskubideak aldarriketarako, denon baitan aldaketarako sugarra pizteko

... eguna bihurtu da.

Gazteen eta ez hain gazteen artean lanean nabilenean, edo kalean nire belarriak paretan ditudanean konturatzen naiz hiesari buruzko informazioa ez dela oso argia edo erraz ahaztu egiten dugula. Beraz, pentsatu izan dut baliogarria izango zela gaurkoan informazioa zehaztea:

H.I.E.S.A

Hartutako: edonork bere bizitzaren zehar hartutako birusa da, ez da heredatzen Inmuno-Eskasia(ren): gure sistema inmunologikoaren ahultzea

SindromeaA: sintoma askoren multzoa.

HIESA GIBak (=VIH. Giza Inmuno- Eskasiaren Birusa) sorturiko infekzioa da.

Gaixotasun honen ezaugarri inportanteena da organismoak defentsarako berez duen sistema, hau da sistema inmunologikoa hondatzen dela. Birusak bereziki atakatzen ditu T4 linfozitoak, hauek dira gure sistema inmunologikoaren "zuzendariak". Behin birusa "sartu" zelularen kode genetikoan bere lepotik ugaltzen da. Momentu horretan pertsona hori gibduna da(=seropositiva) baina oraindik ez du Hiesarik pairatzen, baina pertsona horiek zabaldu dezakete giba besteen artean.

Birusa oso arin garatzen bada T4 linfozitoak honda ditzake eta orduan sistemak "zuzendari" barik ez du inolako eraginkortasunik. Honen ondorioz agertzen diren infekzioak edota min-bizi prozesuak ohiko tratamenduekin oso zaila dira sendatzea. Gorputza ahul dagoenean eta defentsa gutxi duenean agertzen dira infekzio hauek, infekzio "oportunistak" deiturikoak, gaixotasunaren lesio handienak sortarazteko.

Azken urteetan , erretrobirusaren kontrako tratamenduetan egindako aurrerapenak direla eta, lortu da birusaren erasoa geldiaraztea, infekzioaren progresioa nabarmen atzeratuz. GIBak eragindako infekzioa daukaten pertsonak gero eta urte gehiago bizi dira sintomarik gabe, edo sintoma oso txikiekin.

GIBa organismotik at oso gutxi irauten da bizirik, bizitzeko odolean sartu behar du. Horretarako garraio bat behar du, hori alde batetik baina beste aldetik ere garraioak ate bat behar du sartzeko.

Zelan BAI zabaldu dezakegu?

Garraio "onak" biruserako : Odola, baginaren mukiak eta semena.

Sartzeko ateak: Sexu jokabide batzuk, tresna kutsatuak, transfusioak eta haurdunaldian fetoari.

- Gure odolean birusa badago eta gure genitaletako mukiek eta beste batenak nahastu ezkero. Genitaletan dauzkagun mukiak(baginan, zakilaren buruan...) oso hauskorrak dira, eta horien bidez oso erraz pasatzen da birusa semenara edota baginaren beste mukietara eta hortik odolera. Arrisku handiagoa da uzki-koitoa praktikatu ezkero uzkiko mukia askoz ere hauskorragoa delako bestea baino. Lagunaren genitaletako mukiak ahoaren bidez pasatzen badira gure barrenera sartzeko ere arriskua dago.

- Kutsatutako tresnak konpartitzeagatik: gure odolean birusa badago eta nire odola beste baten odolarekin nahasten bada orratzak edota xiringen bidez.

- Ama haurdun fetuari: Amak birusa odolean badauka haurdunaldia fetoari pasa.Egun badaude hainbat teknika ama gib-a edukita be fetoarengan ez edukitzeko inolako eraginik.

- Odol transfusioetan: Birusdun odola pertsona batek besteari pasatzea transfusioaren bidez.Gure herrian odola eta odoletatik datozen beste substantziak kontrolatuta daude.

Zelan EZ da zabaltzen?

- Guk aurrerago aipatutako sexu jokabide arriskutsuetan nahi badugu jardun, erabil dezagun latexezko tresnak, adibidez kondoia edo femidoia.

- Gure sexu harremanetan erabil dezakegu gure imajinazioa gure gorputzak edozertarako balio du eta: muxuak, laztanak, mihiaren ferekak, masturbazioak....

- Xiringak edota horrelakoak(piercing-ak) erabili behar baditugu ,esterilizatu erabili baino lehenago.

- Transfusioak gaur egun kontrolatuta daude.

- Gure eguneroko harremanetan ez da birusa kutsatzen . Guk birusa eduki ezkero inor ez da kutsatuko eguneroko bizitzan gurekin daudelako.

Ez zabaltzearen ardura guztiona da. Batzuk GIBa daukate eta ez dakite, beste batzuk badakite. Batzuek berba egingo dute euren egoerari buruz besteak aldiz ez, BAINA denon ardura da gure burua zaintzea!!!

Gaur egun ez dago tratamendurik gaixotasuna erabat sendatzeko. Hainbat eta hainbat farmako daude gaixotasunari aurre egiteko, baina ondorio latza asko ere badakarte HIESA-rekin edo GIB-arekin bizitzen diren pertsonentzako.

Dena dela bai daudela egin dezakegun hainbat gauza aurre egiteko eta bata da informazioa eskuratzea eta gure bizitzan arduratsu erabiltzea, eta ez dakigunean zer egin eskatu laguntza!

Gu hemendik gabiltza eta.

Besarkada handi bana,

Agurtzane

Agurtzane Hormatza

2012, Azaroa 29
Arloa: Jo ta jo