Kontu barriak zahar

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi,

Zelan zabiltzate? Betiko martxan imajinatzen dut, gehienok parean. Lehenik eta behin eskerrak eman behar dizkizuet zuok emandako informazioagatik, zuon zalantzak nirekin konpartitzeagatik … batzuetan ez bazaizue oso erreza egiten be. Niretzako horrelakoak oso lagungarriak dira, alde batetik zuon kezken muinei heltzen banaiz gero zuoi laguntzeko errazago daukadalako, eta bestetik zuon errealitatea hobeto ezagutzen laguntzen didazuelako.

eskerrikasko

Hau dela eta zuon kontutxo batekin natorkizue.

Neska mutilen harremanen inguruan asko idatzi izan dugu eta idatziko dugu. Gaurkoan azken urteotan harreman horien inguruan ematen diren aldaketatxo bati buruz berba gura dizuet. Adina … nesken adina, mutilen adina.Ez da ezelako tontakeria. Sarri bien arteko adin desberdintasuna arazoa bihurtu daiteke eta.

Orain dela gutxi arte, neska-mutil bikote gehienetan mutila izaten zen zaharragoa neska baino. Orain aldiz gero eta ohikoa bihurtzen ari da kontrakoa. Ez da nagusien kontua soilik, ezta pentsatu ere. Gero eta bikote gaztetxo gehiago daude, eta zuon artean gero eta gehiago zarete neska zaharragoa dena mutila baino. Neskak 15, mutila 13, edo 14 eta 12, 18 eta 15 … Denetarikoa. Anitza bizitza lakoa.

Kontua argi dago ez dela adin arteko diferentzia , nor den zaharragoa edo gazteagoa …, maitasunak edo lagunarekin gustura egoteak ez dauka adinik eta.


Baina oso interesgarria iruditzen zait azkeneko hamarkadan ematen ari den aldaketa hau. Alde batetik lehen tabu modukoa zena neska zaharragoak mutil gazteagoekin ibiltzea orain gero eta ageriagokoa da, nagusien harremanetan zein gazteen artean. Bestetik , aukera paregabea ematen digu gure lagunaren lekuan jartzeko.

Hau da, sarri neskengandik entzun izan dut mutilek gura zutela alor erotikoan pausu batzuk eman eta neskek ez; neskentzako “mutil lagunak arinegi joaten ei ziren” eta mutilek ez zuten ulertzen nesken ezezkoa. Orain aldiz neska askok dinoe mutil lagunek ez dutela eurekin “enroilatu gura” , eta euren mutil lagunek dinoe “ neska lagunak arinegi doazela”.

Egia esan kasu bakoitzari espazio eta denbora eskainiz gero ikusiko genuke aldagai asko hartu beharko genituzkeela kontuan harremanaren gora beherak ulertzeko eta aztertzeko. Gaurkoan detaile txiki bat baino ez dizuet ekarri gura.

Zelako adibide gozagarria bata bestearen lekuan jartzeko, desioen munduan bakoitzak bere erritmoa daukala erakusteko, bion desioei bidea emateko, gure gorputzak bere prozesua behar duela barneko desioarekin bat egiteko.

Gurari desberdinak izatea ez du esan nahi laguna ez dela desiragarria, hanka sartzearekin be ikasten da , ados jartzea zaila izateak ez duela esan ezinezkoa izango denik, edo elkar ez dugunik maite; bi pertsona batzea zoragarria bezain korapilatsua da.

Badakit idatzi dudan guzti hori oso polita dela eta itxuraz erreza dela bideratzea. Baina laguna gustukoa daukagunean, maite dugunean, ez dakigunean zer egin edo zer pentsatu, laguna galtzearen beldur garenean, gutaz berba egiteak lotsatu egiten gaituenean … Bidea ez da hain erraza ez!! Baino nork kontatu dizue harremanen mundua erraza izango zenik, albokoa gu maite arren eta guk bera be??

Ze korapilatsuak diren batzuetan lagun arteko harremanak, neba-arrebekin, aita-amarekin, euren artean ….kontuan hartu!

Bidea bion artean, denon artean egiten dugu bakoitzak harremanaren adreilu bat ipintzen du eraikuntza horretan … zein da zurea?

Besarkada handi bana

agurtzane

 

Agurtzane Hormatza

2013, Martxoa 01
Arloa: Jo ta jo