Kanpaiak jotzen eta esnerik ez?

Agurtzane Hormatza

Kaixo denoi!

Zelan zabiltzate oporretan?...zelako inbidia oraindik lanean gaudenenontzako baina tira zuok gozatu daukazuenarekin.

Azken boladan Lea Artibai aldetik nabil gazteekin lanean. Paraje ederrak eta kontu goxoak beste askorekin partekatzeko. Gozagarria izaten da zuon kezkak entzutea, zuokin irtenbideren bat bilatzea eta zuon lasaitasun aurpegia ikustea kontu bat baino gehiago argitzen dugunean.

Gaurkoan horrelako baten agertu zen istoriotxo bat: Zelan da ba kanpaiak jotzea eta inoiz ere ez inolako semenik ez ateratzea?

Gozamenaren fisiologia eta semen- isurketaren edo eiakulazioaren fisiologia askotan bat egin arren prozesu bi dira.

Gozamenarena jaiotzen garenetik izaten da, gero eta ikerketa gehiago daude baieztatzen dutenek jaio baino lehenago ere ematen dela.

Gure gorputzaren azala errezeptorez josita dago Krauss- Fingerren errezeptoreak, horiek mina eta plazera antzematen dute, beraz gozatzeko eta mina hartzeko gaitasuna hortxe gure esku.

Umetan gure gorputza laztantzea, ukitzea, lamizkatzea, haginkatzea … modu oso eraginkorra da gure gorputzaz jabetzeko, gu nor garen ere jakiteko, gure sentsazioen munduan murgiltzeko eta sentsazioak bereizten ikasteko … Itzelezko ikasketa bidaia egiten dugu. Bidaia horretan gauza asko ikasten ditugu, gure bizitzarako oso garrantzitsuak izango direnak, gu bizi-irauteko be.


Horien artean harremanetan jartzea, maitasuna garatzea, konplizidadeak sortzea, konfiantza sakontzea, plazeraren bideak zeintzuk diren jakitea …. Ez da kontu makala. Gaurkoan zuon galderarekin bat doanari bidea emango diogu.

Umetan ikasketa bidaia horretan ikasten dugu gure gorputzaren atal batzuk laztantzerakoan sentsazio batzuk hartzen ditugula eta beste atal batzuetan gauza bera egin arren bestelakoak. Umetan txikiak gara baina tuntunak ez!, eta berehala ikasten dugu gozamena zelan bideratu eta mina saihestu.

Neskato eta mutiltxo batzuek txikitan hasitako plazeraren bidea hil arte jorratzen dute. Beste batzuk aldiz txikitakoa uzten dute eta nerabezaroan berreskuratzen dute .

Berdin da ze bide aukeratu duzuen baina nerabeak zaretenean kanpaiak jotzen badituzue, konturatuko zarete hain “ezaguna den” semena batzuei ez zaizuela irteten eta besteei aldiz bai. Horrelako desberdintasunen azalpena burmuinak dauka. Hura delako ugaltzeko prozesuaren arduraduna.

Hau da, nerabezaroan nesken zein mutilen garapenean burmuinak erabakitzen du zein den momentu egokiena ugaltze-prozesua hasteko.Orduan burmuinak agintzen die mutilen barrabilei espermatozoideak noiz sortu, eta nesken obulutegiei noiz obuluak garatu.

Hortik aurrera neskek hilekoa izango dute eta mutilek semena. Hortik aurrera nesken hilekoa gutxi gora behera hilabetean behin izango da. Hortik aurrera mutilen hazia-isurtzea eman litzateke kanpaiak jotzerakoan edota gauez lotan zaudetenean norbera konturatu gabe.

Baina ez ahaztu gozamena, plazera eta orgasmoa ez direla zertan isurketarekin bat etorri behar, sarri mekanismo bi horiek bat egiten badute be.

Besarkada handi bana

Agurtzane

Agurtzane Hormatza

2013, Martxoa 24
Arloa: Jo ta jo