Gorputzarekin jolasean
Aupa denoi,
Zelan zabiltzate ba? Goxo goxo eta bero bero?? Segi horrela ba. Gaurkorako bidean jarri zarete eta. Zeri buruz nabilen? Ba erreza asmatzea, lagunen arteko gorputzaren jolasak aztergai izango ditugu.
Egun behin baino gehiagotan topo egin dut bikote gazteekin eta txorta-lagun gazteekin gorputzarekin jolasean.Pausuz pausu, bakoitzak bere erritmoarekin, bere moduetan lagunarekin bat egitea... Baina nire arreta guztia gero eta gehiagoetan ikusten dudan egoera batek harrapatzen du, edo hobeto esanda sarri kontatzen didazuen bizipen batek.
Egun, beharbada inoiz baino gehiago koitoari buruzko fantasia asko eraikitzen dira.Fantasia, desioa edota gurari horiek beti egon dira, baina egun gainera berdin da ze gaztea zaren edo ze nagusi zaren, koito momentu hori zoragarria izan behar da, partaide biak plazera sentitu, orgasmo bana izan, eta ondo jorratutako koreografia izan behar da. Ezinezkoa guzti hori horrela izatea, gure gorputza ezagutzeak denbora daramalako, gure lagunarena zer esanik ez, elkar komunikatzea ez da txakurraren eztula, jakitea zer eta zelan egin batzuetan asmaezina, gure aldartea oso aldakorra da une horretan ere, desioaren, plazeraren jolasa askotan beldurrarekin eta lotsarekin egiten dute topo.
Bidaia horrelakoa da, emozioak, sentimenduak, sentsazioak, burutazioak …. denak elkarrekin dantzan.
Emozio-sentsazio koktel horrekin ez dakigunez zer egin, sarri gure gorputzarekiko gorrak bihurtzen gara hain deseroso ez sentitzeko. Batzuetan gure gorputzaren sentsazioak ez entzuteko , ez dugu gure gorputzarekin jolasten , are gutxiago beste inoren gorputzarekin. Noizean behin beste lagunekin ausartzen gara baina gureari kasu egin gabe.Sarri koitoa errazten dugu guretzat goxoena edo gustukoena ez izan arren. Baina sarketa errazagoa egiten zaigu bion azalen jokoaren barne galtzea baino, gure jakin ezean murgiltzea baino.
Gazteen artean inplizituki dirauten txorta egitearen araua betetzeak garaikidearen sentsazioa ematen digu eta horrek ondo sentiarazten gaitu. Batzuetan berdin da ez bada izan gozoa, ez badugu guk gura izan duguna egin … Egina dago eta!!
Sarri, gure bikotearekiko emozioak korapilatu egiten zaizkigu: bikotekidea galtzeko beldurra , bera ez mintzeko guraria, lagunak gu umetzat ez hartzeko beldurra, bikotekidearen presioa sentitzea … Askatu gabeko emozio horiek behartuta sentiarazten gaituzte eta guk nahi ez duguna egitera eramaten gaituzte.
Zenbaitentzako erreza egiten zaigulako zakila sartzea, zakila hartzea, zakila barruan geratzea…. lagunak gure gorputz osoa laztantzea baino, lagunaren aurrean biluztea baino, txandak hartzea lagunaren gorputzean plazera sortzearen ikuskizunaz gozatzeko baino, astiro batak bestearengandik masturbazioaren misterioak ikastea baino, gure atzamar puntek zelako musika sortu ditzaketen lagunaren azalean sentitzea baino, gure beldurrarekin bat egitea baino eta bere eskua ipurdiaren gainetik kentzea baino, gure lotsak dakarzkigun kili-kiliarekin barrez lehertzea baino, gure gurarien eskutik lagunaren ahoa hartzea eta gure titietara eramatea baino, gure ezjakintasunekin topo egitea baino …
Gozatzera, gorputzekin bat egitera, emozioak gorpuztera, zuon barrenekin bat egitera … animatzen zaituztet. Ez galdu bidaia hori zer edo zer egin behar duzuelako patxadaz gozatzeko aukera izan dezazuen!!
Besarkada handi bana
agurtzane