Bizkaian saskibaloia gori-gori
Ez du futbolak beste pribilegiorik, komunikabideetan duen presentzia nahiko murritza da, baina horrek ez du esan nahi existitzen ez denik. Hain zuzen, Bizkaian saskibaloi zaletasuna bizi-bizirik dago. Eta ez da gaur egungo kontua, aspaldikoa baizik. Euskal Herriko saskibaloiaz berba egiterakoan, Gasteizko Tau Baskonia etortzen zaigu burura, hura baita ACB-n dabilen euskal talde bakarra. Alabaina, garai batean Bilboko talde bat ibili zen saskibaloiaren elitean borrokan: Caja Bilbao zuen izena, eta sasoi hartan Euskal Herriko zein estatuko saskibaloian erreferentzia garrantzitsuetako bat izan zen. Talde baten iraupenerako publikoaren sostengua ezinbestekoa den arren, zaletasunak ez du dena konpontzen. Goi-mailako lehiaketetan parte hartu ahal izateko, talde batek gutxieneko aurrekontu bat behar du. Eta, hain zuzen, horixe zen Caja Bilbaori falta zitzaiona. 1991. urtean, ACB-ko kategoria galtzearekin batera krisia areagotu egin zen, eta handik gutxira taldeak agur esango zuen. Caja Bilbaotik gertu ibilitako zenbait zalek Bilbao Patronato taldea sortzea erabaki zuten, baina luze jo gabe egitasmoak porrot egingo zuen. Dena den, esaeraren arabera, birritan saiatu denak beti du hirugarren aukera bat. Kasu honetan, halaxe gertatu da. 2000ko martxoaren 16an, Bilbao Basket estreinako urratsak eman zituen. Helburua: Bizkaiko saskibaloia elitera bueltatzea.
Lehen denboraldia sortu berria zen LEB-2 kategorian hasi zuen taldeak, eta neke handiz mailari eustea lortu zuen. Bilbao Basketeko zuzendaritzak argi zeukan taldeak igoera postuengatik borrokatu behar zuela, eta bigarren denboraldiari begira zenbait erabaki garrantzitsu hartuko zituen: batetik, plantilla goitik behera eraldatu zuten (aurreko taldetik hiru jokalari bakarrik mantenduko zituzten), eta, bestetik, Bilbon aski ezaguna den entrenatzailea fitxatuko zuten, Txus Vidorreta. Caja Bilbaon jokatu ez ezik, 1992 eta 1997. urte bitartean Bilbao Patronato entrenatu zuen Vidorretak. Hortik Askartza Claretera igaro zen (97-98 denboraldian), eta Bilbao Basketera iritsi aurretik La Palma taldearekin (98-01) lan egin zuen. Beraz, Bizkaiko saskibaloia sakonki ezagutzen zuen. Egiazki, Bilbao Basketen sartu eta berehala sumatuko zen bere eragina. Lehen denboraldian, taldeak LEB-2ko Kopa irabazteaz gain LEB-1 kategoriara igotzea lortuko zuen. Hurrengo urtean, berriz, Espainiako Printzearen kopan txapeldun ordea izan zen.
Hirugarren denboraldia bete du aurten Bilbao Basketek, eta erronkei begira ez dabil batere makal. Indartsu hasi zuen liga (une honetan ligan hirugarren postuan dago, beraz, ACBrako txartela eskuratzetik geroz eta gertuago dago), eta Kopan, nahiz eta txapeldun atera ez bikain jokatu zuen. Bilboko zaleak inoiz baino gertuago ditu taldeak, eta aurrerantzean ere egoera hori mantentzea espero dute jokalariek zein zuzendaritzako kideek. Caja Bilbaok eta Bilbao Patronatok bezala, Bilbao Basketek Casillako pabilioian jokatzen ditu partiduak. Gaur egun, 1.324 bazkide ditu eta 1.200.000 euro inguruko aurrekontua. Taldearen web orri ofiziala ondoko hauxe duzue:www.bizkaia-bizkaialde.net/Bilbaobasket Bilbao Basketek jarraitzaile ugari ditu, horren adibide dira sarean aurki ditzakezuen gune ez-ofizialak: www.bilbaobasket.com www.arrakis.es/~lfboo/bilbaobasket Bestetik, Euskal herriko eta Bizkaiko saskibaloiaren berri eduki nahi baduzue, ondoko helbideak kontsulta ditzakezue. Bizkaiko Saskibaloi Federazioa: www.fvizbaloncesto.com Euskal Herriko Saskibaoi Federazioa: www.basketbasko.com Duela gutxi, saskibaloiari buruzko albisteak jasotzen dituen ataria zabaldu zuten. Helbidea ondokoa da: www.basketbizkaia.com