Zaldunen duten kirol basatia

Kontaizu

kir12_01.jpg


kir12_02.jpg

Esaerak dio errugbya dela zaldunek jokatzen duten kirol basatia. Jarduera basatia dela ez du inork zalantzan jartzen, ubeldurez josita amaitzen baitute jokalariek partida bakoitza –hezurren bat hautsi egiten ez dutenean-. Eta zaldunen kontuak ere badu bere azalpena: antzina, aitonen semeek, euren gizontasuna adierazteko, oso gogokoak zituzten indarra eta estrategia biltzen zituzten jarduerak praktikatzea. Baina nondik dator errugbya? Zeinek asmatu zuen gaur egun hainbeste zale mugitzen dituen kirola? Antropologo gehienek uste dute errugbya, beste zenbait kirolen antzera, greziarrek asmatu zutela. Baina gaur egun errugbyak duen araudia zeinek finkatu zuen azaltzeko orduan, adituak ez dira ados jartzen. Batzuek diotenez, Frantzia genuke errugby garaikidearen “aita”. Antzina, herrialde horretako zenbait zonaldetan kirol xelebre bat praktikatzen zuten, zeinetan parte-hartzaileek, bi taldetan banaturik, pelota baten jabetzagatik lehian aritzen ziren. Beste batzuen aburuz, errugbya Ingalaterrako Rugby eskolako ikasle batek, William Webb Ellisek, asmatu zuen 1823an. Modu nahiko bitxian asmatu ere. Klase kide batzuekin futbolean ari zela, Ellisek baloiari bi eskuekin oratu zion. Jakina, gainerako ikasleak berehala hasi ziren esaten hori tranpa zela, futbolean baloiari hankekin eman behar zitzaiola. Alabaina, batzuei Ellisen ideia gustatu zitzaien, eta hortik abiaturik kirol berri bat sortu zuten. Dena den, azken hipotesi horren inguruan zalantza handiak daude, izan ere ordurako ezagunak ziren XV. mendean zehar beste herrialde batzuetan –Eskozian eta Irlandan, esate baterako- eskuak erabilita praktikatzen ziren kirolak, errugbya izango zenaren oso antzekoak zirenak.

kir12_03.jpg

Kontuak kontu, XIX. mende amaierarako errugbya kirol osoa zen, eta haren praktika gehien sustatzen zuten herrialdeek –Eskoziak, Irlandak, Ingalaterrak, Galesek eta Frantziak- Bost Nazioetako Txapelketa sortzea erabaki zuten. Hurrengo urratsa, kirola Olinpiar Jokuetara eramatea izan zen -1908an gertatu zen hori-, baina atletismoarekin eta futbolarekin konparatuta, errugbyak ez zuen ikusmin handirik piztu. XIX. mende erdialdean errugbya Amerikako Estatu Batuetara iritsi zen, baina ordurako futbolak –han futbol arruntari soccer deitzen diote- arraskata handia zuela-eta bazterturik geratu zen. Dena den, handik gutxira errugbyaren eta futbolaren nahasketatik kirol berri bat sortu zuten, Futbol Amerikarra delakoa. Horretan jokatzeko arauak Harvardeko unibertsitateko ikasle batzuek finkatu zituzten, 1870. Lehen partida, berriz, 1874an jokatu zuten. Kirolari seriotasun bat emate aldera, Europan 1871an Rugby Football Union (RFU) delakoa eratu zuten, zeinak kirolaren araudiari batasun bat emateaz gain errugbyaren interesak defendatzeaz arduratu zen. XX. mendeko bigarren erdialdean, errugbyan jokatzeko modua hobetze aldera, teknika dezente agertu ziren. Hasieran erabili ziren pelotak nahiko biribilak ziren, baina denborarekin euren forma luzatzen joanz en gaur egun duten itxura hartuz.

kir12_04.jpg

Urteen poderioz, munduko herrialde gehienetara zabaldu zen errugbyaren praktika. 1954an, Europako herri gehienetan txapelketa ofizialak antolatu zituzten, eta, urteek aurrera egin ahala, kirola profesionalizatzera iritsi zen. Bestetik, 1987an lehendabiziko Munduko Txapelketa antolatu zuten Zeelanda Berrian. Finalera Zeelanda Berria bera eta Frantzia iritsi ziren, eta lehenengoek eraman zuten kopa. Bigarren Munduko kopa lau urte geroago egin zuten, Frantzia eta Britania Handia artean. Orduko hartan, finalean Australiak aise garaitu zuen Ingalaterra.

Bazenekien…

herrialde batzuetan errugbya erlijio baten modukoa dela? Horren adibide garbia dugu Zeelanda Berria. Hango selekzioa All Blacks bezala da ezagun, jokalariak goitik behera beltzez jantzita doazelako. Partida bati ekin aurretik, All Blackseko kideek –maorien, irlako lehen biztanleen ondorengoak dira gehienak- Haka delakoa interpretatzen dute, doinuak, oihuak, jauziak eta gestu oldarkorrak nahasten dituen kantua.

Kontaizu

2004, Azaroa 01
Arloa: Kirolak