Haitzean gora
Bilatzen jarri, eta, beste hainbat kirolekin gertatzen den bezala, nekez lortuko genuke eskaladaren jatorria zehaztea. Baina haren nondik norakoez ideia bat egin dezagun, esan daiteke mendetan zehar gizakiak lurralde berriak konkistatzeko grinari, eta haietara iristeko erabilitako teknikari, eskalatzeari berari, loturik dagoela. Txiki-txikitatik, gizaki guztiok erakusten dugu eskalatzeko trebetasuna, bi hanken gainean ondo ibiltzen ikastearekin batera baztertu egiten den trebetasuna, bide batez esanda. Alabaina, praktika ezak eskalatzeko ahalmena nolabait ‘lozorroan’ utz badezake ere, ez dugu inoiz erabat galduko, gizakiaren oinarrizko instituetako bat baita, beldurrak eragindako dardarak edo goseak akuilaturiko elikagai bilaketa diren bezala. Dena den, memento batean gizakiaren berezko dohain izatetik kirol jarduera bilakatzera igaro zen eskalada. Hortik aurrera gizakia plazer hutsez eskalatzeari ekin zion, hormen zailtasunean bere burua gainditzeko modua bilatuz. Erregistraturik dagoen lehen eskalada saioa 1786koa da, eta Mont Blancen gauzatu zen hura. XIX. mendean, berriz, Emil Zsigmonndyk eskaladari buruzko estreinako liburua idatzi zuen, baina Friedich Benesch austriarra izan zen haitzean egindako eskaladan aurki zitezkeen zailtasun graduak mailakatzen lehena. Neurri batean, gaur egun erabiltzen diren graduak Beneschi zor dizkiogu. Eskalada, kirol gisa, 1980. hamarkadaren erdialdera hasi zen ospea hartzen. Haren praktika dezente zabaldu zen munduan, baita Euskal Herrian. Hain zuzen, hemendik eskalatzaile paregabeak atera dira: Pou anaiak, Leire Agirre, Patxi Arozena, Patxi Usobiaga, Rikar Otegi, Josune Bereziartu bera…
Eskaladaren barruan hainbat kategoria daude:
* Kanpoko eskalada:
Naturak eragindako higadura prozesuaren ondorioz, haitzean euskarri ‘naturalak’ –sarguneak zein irtenueneak- ageri dira, eta haietaz baliatzen da eskalatzailea horman gora egiteko. Horrelakoetan, normalean, eskuak eta oinak bakarrik erabiltzen ditu eskalatzeko.
* Barruko eskalada:
Arrakalak dituen hormetan praktikatu ohi da. Arrakala horiek esku zein oinen euskarri gisa erabiltzen dira. Gorputza, eskuak eta oinak erabiltzen dira horman gora egiteko.
* Kirol eskalada:
Modalitate honetan eskalatzailearen helburua zailtasun gradurik altuenera iristea da, eta, horretarako, ez du zertan gailurrik egin behar. Eskalatzeko, hormak dituen euskarri eta arrakala naturalez baliatzen da. Zailtasun graduak batetik bederatzira neurtzen dira, gradu bakoitzaren barruan azpikategoriak –letrekin eta “+” zeinuarekin adierazita- aurkitzen direlarik.
* Eskalada artifiziala:
Babesgarriekin zein gora egiten laguntzen duten bestelako tresnekin –nylonez egindako eskaileratxoak, esate baterako- egindako eskalada.
* Horma handian egindako eskalada:
500 metroko desnibela gainditzea izaten da modalitate honen helburua, eta, normalean, bi egun behar izaten dira haiek betetzeko.
* Izotzean egindako eskalada:
Izotz geruzekin estalita dauden labarrak eskalatzean datza. Horrelakoetan, oinetako eta tresna egokiak behar dira.
* Eskalada mistoa:
Izotz geruzekin estalita dauden eremuak eta harrizko azalerak tartekatu egiten dira. Kategoriatik kategoriara, eskaladan erabilitako teknikak ez dira gehiegi aldatzen. Haiek menperatzea ezinbestekoa da gorputzak oreka manten dezan, baita erorketak saihesteko ere. Era berean, ekipaia egokia eramatea behar-beharrezkoa da eskaladan aritu ahal izateko: arnesa, katu oinak deituriko zapatak, sokak, mosketoiak… Eskaladan interesaturik bazaude, Desnivel aldizkariaren web orrian Euskal Herrian diren eskalada eskola guztien datu zehatzak aurkituko dituzu. Atari horretan bertan kirol honi buruzko erreportaje zein elkarrizketa interesgarriak irakurri ahal izango dituzu. Baina etxean bertan eskaladaren inguruan esaten dena jakin gura baduzu, hona hemen bi helbide: www.mendikoweb.com, eta www.eskalada.net. Igoera on!
Argazkiak: www.eskala.net