Itsasoko erronkarik handiena
Bost Ozeano belaontzi proba munduan den itsas lehiaketarik garrantzitsuenetariko bat da, baita gogorrena ere. Bertan parte hartzen duten marinelek munduari itzulia eman behar diote inolako konpainiarik gabe. Hori bai, probak iraun bitartean zenbait eskala egiteko aukera izango dute partaideek, ontziak izan ditzakeen arazoak konpondu eta elikagaiez hornitu ahal izateko. Urtero, lehiaketa moduko bat antolatzen da irteera puntua zein izango den erabakitzeko. Proba ikusgarria denez, eta komunikabide ugari erakarri ohi dituenez, urtero hiri asko aurkezten dira haitakoren bat aukeratua izango den itxaropenarekin. Datorren urteko txapelketak ikusmin handiagoa piztu du txapelketak, 25 urte beteko baititu. Urteurrena ospatzeko, antolatzaileek goi mailako edizioa prestatzea pentsatu dute, eta hau ezustekoa, irteera puntu izateko aurkeztu diren 35 hirietatik Bilbo hautatu dute. Horrek esan nahi du 2006ko azaroaren 6an Abrako portua belaontziz eta marinel kementsuz bete egingo dela. Antolatzaileen arabera, proban Britania Handia, Frantzia, Suitza, Espainia, Australia, Zelanda Berria, Ameriketako Estatu Batuak, Japonia zein Kanada herrialdeetatik etorritako 30 lagunek parte hartuko dute. Aspaldiko partez, euskal ordezkaririk ere egon egongo da: Unai Basurko. Bizkaitarra Jose Luis Ugarteren marka hobetzen saiatuko da. Hain zuzen, Getxokoa bi aldiz lehiatu izan da Bost Ozeano proban: 1990ean eta 1994an.
Abenturaz beteriko proba
Marinel bat, belaontzi bat eta 28.000 milla aurretik munduari itzulia emateko. Horra hor Bost Ozeano probaren ezaugarriak. Erraza bezain gogorra, ezta? Munduan “the ultimate solo challenge” bezala da ezaguna, hots, norberak bakarrik bete dezakeen erronkarik handiena. 126 marinelek lortu dute ibilbidea amaieraraino osatzea 1982tik hona antolatu diren sei txapelketetan. Proba antolatzearen ideia marinel batzuei otu zitzaien. Bermuda One-Two proba amaitu berria zuten, eta New Porteko (Rhode Island, AEB) taberna batera jo zuten trago batzuk hartzera. Gau hartan, tabernako musuzapi batean Bost Ozeano izango zenaren ibilbidea eta arauak zirriborratu zuten. Esan bezala, 1982an antolatu zuten lehen aldiz, eta 17 ontzik parte hartu zuten. Txapelketak iraun zituen 159 egunetan une zinez larriak bizi zituzten partaideek, baina horrek, marinelak atsekabetu beharrean adore handiagoa eman zien. Bost Ozeano probak hainbat marinelen ibilbide profesionala pikutara bidali du, baina irabazle suertatu direnen kasuan, heroi izatera pasa dira. Philippe Jeantot, Christophe Augin, Giovanni Soldini, Jean Luc van den Heede, Isabelle Autissier, Bernard Stamm, eta Emma Richards marinelek, adibidez, Historiara igaro dira.