Urte eta erdiko gaixoaldia

Jon Ordoñez

kir23_1.jpg


kir23_2.jpg

 

Gaixo dago Mundakako olatua. Surflariek oso ondo ezagutzen dute Mundakako kostan (Bizkaia) ezkerretik eskuinera jausten den itsas olatua. Urte sasoi honetan izaten du olatuak indar gehien, baina aurten makal ari da. Surflariek badakite. Orain dela sei hilabete ontziola batetik itsasontzi bat ateratzeko ur azpiko hondarra mugitu zuten, eta harrezkero olatuak handitasuna galdu du.

Olatua ez da behin betiko desagertu, baina. Itsasoa apurka-apurka mugitzen hasi da traba egiten dion hondarra, ur azpiko hondoa lehen zegoen egoerara itzuliz. Urriaren erdialdean olatuak erakutsi zuen ez dagoela hilda, sendatuko dela, eta surfa egiteko aukera aparta eskaini zuen, beste urte batzuetan bezala.

Itxaropena badago. Euskal Herriko Unibertsitateak egin duen ikerketa baten arabera, beste urtebete beharko du itsasoak hondarra lekuz aldatzeko. Orduan, urte eta erdiko gaixoaldiaren ondoren, bere handitasuna berreskuratuko du Mundakako olatuak.

Olatua ez galtzea garrantzitsua da. Euskal Herrian surfa egiteko hondartza asko dago, besteak beste, Miarritze (Lapurdi), Angelu (Lapurdi), Sopela (Bizkaia) eta Zarautz (Gipuzkoa). Hondartza gehienetan bi norabideko olatuak aurki daitezke: eskuinetik ezkerrera doazenak eta ezkerretik eskuinera doazenak (banaketa hori lurretik itsasorantz begiratuz egiten da).

Mundakako olatua, ordea, berezia da. Ezker olatua da, eskuinerantz egiten duena. Europako ezker olatu onena da, eta munduko hamar onenen artean dago. Hiru ezaugarri berezi ditu: luzera, forma eta tamaina.

-Olatu luzea da Mundakakoa, eta behin gainera igotzen direnean surflariek denbora gehiagoz egin dezakete surfa.

-Hodi forma perfektua dauka. Olatu batek izan dezakeen formarik dotoreena da, eta surflariek oso gustukua dute.

-Handia da olatua. 6 edo 7 metro har ditzake, eta hori Euskal Herrian ez da arrunta. Egon badaude tamaina horretakoak, baina handia eta luzea izateaz gain, olatuak surfeagarria izan behar du. Hondartza askotan itsaso zakarra dagoenean izaten dute olatuek tamaina hori, eta ezin izaten da surfean aritu. Mundakan, ordea, kostak hondartza babesten duenez itsasoa bareago egoten da, nahiz eta olatu handiak egon.

kir23_3.jpg

 

Hego haizea egiten duen garaia izaten da surfa egiteko onena, itsasoa bare dagoelako. Baina olatu handiak itsasoa harrotzen denean sortzen dira. Ipar haizea hobea da horregatik. Hondartzak irekiak badira, ordea, arriskutsua izan daiteke ipar haizearekin itsasoratzea.

Kirol arriskutsua da surfa. Kolpeak har daitezke, olatuak emandakoak, oholaren kontra hartutakoak edo beste surflari batekin tupust eginda. Euskal Herrian hondartza gehienak hondarrezko hondoa dutenez horren kontra jotzea ez da hain arriskutsua. Baina Hawaiin (Amerikako Estatu Batuetan) adibidez hondoa koralezkoa da, eta kolpe larriak har daitezke.

Surfa Hawaiin sortu zen. Arrantzaleek olatuak erabiltzen zituzten lana bukatutakoan hondartzara itzultzeko. 1920. urtean Duke Kahanamoku printzipeak lehen elkartea sortu zuen, Waikikin, eta harrezkero mundu osora zabaldu da surfa. Europan Euskal Herria izan zen surfaren sorleku; Miarritze, hain zuzen ere.

Jende askok bestela pentsatzen badu ere, surfa ez da soilik udako kirola. Gaur egun hotzetik babesteko dauden jantzi bereziekin ia urte guztian egin daiteke. Euskal Herrian uda sasoi txarra izaten da surfa egiteko. Ipar haizerik ez da egoten, eta olatuak txikiak dira. Surfa egiten ikasi nahi duenarentzat da hori garai aproposa. Euskal Herrian hondartza guztietan daude surf eskolak, eta Bizkaian eta Gipuzkoan eskolan ere ikas daiteke. Udazkena eta negua, berriz, surfean ez dakienarentzat arriskutsuak izan daitezke, olatuak handiak direlako; surfa egiten dakienaren txanda da.

 

Mundakan bezala, Euskal Herrian badaude beren ezaugarriengatik bereziak diren olatu gehiago ere. Barrikako Me–akos hondartzakoa Hawaiiko olatuen antzekoa da. Harrizko hondoa du, eta olatuak garbiagoak dira. Getxoko La Galeako olatua ere maila handikoa da. Munduko olatu onenak, ordea, Hego Hemisferioan daude. Hawaiikoak oso handiak izaten dira, Australiakoak oso luzeak eta Indonesiakoak basatiagoak.

 

Euskal Herriko Surf Federazioa

Telefono zenbakia: (0034) 94-4735125

Posta elektronikoa: ehsf@euskalsurf.com

Webgunea: www.euskalsurf.com

Jon Ordoñez

2005, Azaroa 01
Arloa: Kirolak