Elurraren zain
Elurra iritsi da. Apurka-apurka, goi mendiak zuriz estaltzen hasi dira. Eguraldi iragarleek diotenez, aurtengo neguan elurra maramara egingo du. Eskiak eta ohola prestatzen hasteko garaia da. Urte sasoi zehatz bateko kirola izan arren, Euskal Herrian eskiatzeko zaletasun handia dago. Abenduko lehen asteburutik Aste Santura arte, milaka eskiatzaile abiatzen dira Euskal Herritik kanpora, elurraren bila.
Euskal Herria menditsua den arren, eskiatzeko propio prestatutako leku askorik ez dago. Lau eski estazio daude soilik, Pirinioetan, eta laurak nordikoak dira. Eski nordikoa (fondokoa) orain dela 2.000 urte iparraldeko herrialde hotzetan egiten zuten eskiaren oinordekoa da. XIX. mendera arte herri batetik bestera, ehizara edo gerrara joateko erabiltzen zen, baina harrez gero dibertitzeko erabiltzen hasi ziren. Aldapa asko ez dagoen ordeketan egiten da, eta maila eta adin guztietarako pistak aurki daitezke, azkarrak eta pasiatzekoak. Gainera, azpiegitura handirik behar ez duenez, naturarekin bat egiten du erabat. Euskal Herrian dauden lau estazioak hauek dira:
Aralar
(0034)948391010
Abodi
(0034)948-394002
Irati(0033)559285129
LarraBelagua (0034)948-394002
Horiez gain, Okzitaniako Pirinioetan badaude gertu dauden beste bi estazio ere:
Somport 0(0033)559360021
Port d’Espagne
0(0033)562926127
Baina eski modalitate ezagunena alpinoa da, aldapan behera jaisten dena. Euskal Herrian ez dago alpinoan aritzeko estaziorik, eta zaleek inguruko estazioetara jotzen dute. Asko daude aukeran, eta eskiatzera joan aurretik, bakoitza zer egoeratan dagoen jakitea komeni da. Kirol gozagarria da eskia. Haurrak eta helduak aritu daitezke, hasiberriak eta beteranoak. Baina mendira joateko bezala, elurretara joateko ere ondo prestatu behar da, nahiz eta azpiegitura handiko eski estazio batera joan.
Askotan eguzkia egiten duen arren, oso tenperatura hotzak izaten dira estazioetan; beroki egoki batez gain, eskularruak eta bururako txanoa eramatea derrigorrezkoa da. Gainera, elurraren eraginez eguzki izpiak bidertu egiten dira, eta azala eta begiak asko zaindu behar dira; eguzkitik babesteko krema, ezpainak ez erretzeko barra eta eguzkitik babesteko betaurrekoak ezin dira falta etxetik ateratzerakoan.
Urtero bezala, eski denboraldia azaroaren azken astebukaeran hasi da. Eguraldiak agintzen du, ordea, noiz irekitzen diren pistak. Denboraldi hau ona izango omen da. Berrikuntzak izan dira estazio guztietan. Nabarmentzekoak dira Formigalen eta Astunen (Espainian) egin dituzten Snow Park berriak.
Elurra ez baita soilik eski nordikoa eta alpinoa. Azken urteetan asko ugaritu da snowboarda. Surfeko oholaren tankerako elurretarako ohola hartu, eta mendian behera jaistea da snowboarda, elurra olatua balitz bezala. Gainera, elurraz gozatzeko modu gehiago ere badaude, besteak beste, big foot-ak (oina baino pixka bat handiagoak diren eski txikiak) eta elurretan pasiatzeko erraketak. Eta, nola ez, betiko lera edo plastikozko zakua. Elurraz gozatzeko ez dago urrun joan beharrik; zuriz janzten direnean gure herrietako aldapak pista ezin hobeak bihur ditzakegu.
Eski estazio bat aukeratzeko orduan, irekita edo itxita dagoen jakiteaz gain, zenbateko elurra dagoen jakitea komeni da. Baita errepideen egoera ere. Telefonoz edo internetez, estazio guztiek ematen dute eguneko partea. Horrekin batera, txartelaren salneurria ere kontsulta daiteke. Eskiatzea ez da merkea. Egun bateko txartelak 25 eta 40 euro artean balio du. Txartel hori gabe, ezin dira estazioko instalakuntzak erabili, alegia, pista goialdera igotzeko igogailuak. Euskal Herritik gertuen dauden alpino estazioak hauek dira:
Espainiako Pirinioak
Candanchu (0034)974373192
Astun (0034)974-373034
Formigal (0034)974490049
Panticosa (0034)974-487248
Cerler (0034)974551012
Espainiako Iberiar Mendikatea
Ezkarai (0034)902350236
Kataluniako Pirinioak
Boi Taull (0034)902-304430
Baqueira Beret (0034)973639025
PortAine (0034)973-627607
Masella (0034)972890053
La Molina (0034)972-892164
Andorrako Pirinioak
PalArinsal eta Ordino-Arcalis 376-737014
Grandvalira 376848851
Okzitaniako Pirinioak
Arette-La Pierre St. Martin 0(0033)559-662009
Gourette 0(0033)559051217
Cauterets 0(0033)562925050
Luz Ardiden 0(0033)562-928064
Bareges-La Mongie 0(0033)562-921615
Piau-Engaly 0(0033)562-396169
St. Lary-Soulan 0(0033)562-394929
Jon Ordoñez