Pilota, pil-pilean

Jon Ordoñez

kir26_1.jpg


kir26_2.jpg

Frontoi bat marraztea gauza erraza da. Pentsatzen hasi bezain laster, horma bat eta txapa bat irudikatzen dugu. Espazio laukizuzena da frontoia. Pilota joko gehienak gaur egun hormaren kontra jokatzen dira: esku-huska, zesta-punta, pala, erremontea... Badira, ordea, aurkariaren kontra aurrez aurre jokatzen diren pilota jokoak: errebotea, paxaka, laxoa, joko garbi, luzez luze... Pilota noiz eta nola sortu zen ez dago garbi. Dituen joko mota guztien artetik, aurrez aurre jokatzen diren horiek dira zaharrenak, hormarik gabekoak. Aralarreko belardietan, esate baterako, oraindik ere badaude garai bateko artzainek mendian jokatzen zuten pilota jokoko frontoiak. Horiek ere espazio laukizuzenak dira, harri batzuekin eta marka batzuekin sortuak. Tenisaren tankerako jokoa zen. Joko zaharra izanik ere, euskal kirol, joko eta jolas guztien artean gaur egun indar gehien duena da pilota. Garai berrietara egokitu da, profesionalizatu egin dute, frontoiak berdez margotu dituzte eta telebistak tarte bat gorde dio aste-bukaerako programazioan. Ahoz aho dabilen gaia da pilota, gaur egungoa. Pil-pilean dago, eta horren adierazgarri da berriki pilotaren inguruan, gazteleraz, argitaratu diren bi liburu. Batak iraganaz hitz egiten du: Pelota Vasca, un ritual, una estética, Olatz Gonzalez Abrisketarena. Besteak etorkizunerako oinarri izan behar du: Entrenamiento escolar de pelota mano, I±igo Gallaga eta Mikel Etxegiarena.

kir26_3.jpg

 

Pelota Vasca, un ritual, una estética

: Olatz Gonzalez Abrisketa bilbotarrak antropologiaren ikuspuntua hartuz aztertu du pilotaren funtsa. Pentsalari eta idazle askoren iritziz pilota joko bat baino zerbait gehiago da. Barojaren hitzetan euskal joko nagusia da pilota. Humboldtek zioen euskaldunen festa nagusia dela. Oteizak euskaldunen eta espazioaren arteko harremanean kokatzen zuen. Bere liburuan Gonzalez Abrisketak dio pilota erabakigarria izan zela euskaldunok gure kontzientzia sortu eta mantentzeko. Hiru zati ditu liburuak. Lehenengoan pilota jokoak eta historia biltzen ditu. Bigarrenean pilota fenomeno sozial bezala aztertzen du: "Pilotak batasuna ematen dio herriari, bi alderen arteko borroka dago, baina horren gainetik herri guztia elkartuta egotea da garrantzitsuena". Hirugarrenean pilotak duen esanahi kulturala lantzen du: "Zintzo jokatu ezazu, plaza epaile da beti". Liburuaren arabera, pilota XVI. mendean bilakatu zen komunitate baten errituala, Ganboatar eta Oinaztarren arteko gerren ondoren, hiriak indartzen hasi zirenean. Pilotan bi taldeak ezberdintzeko koloreak, gorria eta urdina, gerran bi bandoek elkar bereizteko erabiltzen zituztenak omen ziren. Gerra horietan bezala, pilota partidetan herria zatitu egiten dela kontatzen du Gonzalez Abrisketak, baina amaitu orduko elkartzen dela berriro, eta irabazlearen ukabilak batasun hori irudikatzen duela. Kontua da, XIX. mendean aurrez aurre jokatzen ziren pilota jokoak gainbeheran etorri zirela. Hormaren kontra jokatzen diren pilota jokoak nagusitzen hasi ziren. Horietan leku gutxiago behar da jokatzeko, eta taldeak txikiagoak dira. XIX. mendean etorkizuna badute oraindik hormaren kontrako pilota joko horiek. I±igo Gallaga eta Mikel Etxegiak Bizkaiko pilotaren etorkizuna bermatu nahi duen liburua argitaratu dute.

Entrenamiento escolar de pelota mano

: Pilota irakasleei zuzendutako liburua da. Irakaskuntza prozesua antolatu dute. Bost irakaskuntza maila daude, eta bakoitzean ariketa ezberdinak proposatzen dira. "Bizkaian harrobi ona dago, baina haurrak eskola orduetan bakarrik aritzen dira pilotan. Nafarroan egun guztia pasatzen dute jokoan", dio Etxegiak. Hala ere, herri kirolekin gertatzen den bezala, pilotarentzat onena eskolako gaitegian sartzea litzatekeela gaineratzen du, umeei zein joko dauden erakutsi eta dibertitu daitezen. Horretan lan handia dago gaur egun, emakumezkoekin. Nahiz eta orain arte pilota gizonezkoetara soilik mugatu den, pixkanaka badira horretan hasi diren emakumezkoak ere, eta garrantzitsua litzateke horientzat ere erakargarri egitea.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

2006, Otsaila 01
Arloa: Kirolak