Pilotan, lau hormetako kartzela

Kontaizu

kir31_1.jpg


kir31_2.jpg

 

Nork ez du ikusi Segoviako Ihesia filma (Imanol Uribe, 1981)? Nork ez ditu ikusi film horretan ageri diren euskal presoak Segoviako espetxearen horma baten kontra pilota jokatzen? Antzeko burutazioa izan zuten XIX. mendearen hasieran Londresko La Fleet kartzelako presoek. Dirua zor zutelako zeuden gehienak kartzelan, eta espetxealdiko egunak arinago pasatzeko, erraketa batekin pilota bat joz Rackets izeneko jokoa asmatu zuten. Kirol hori izan zen squasharen aitzindari. Rackets-etik eratorri zen gaur egun milioika pertsonek mundu osoan jokatzen duten kirol bizi hori, squasha.

Squasha lau hormen artean jokatzen den kirol bat da, pilotaren antzekoa. Baina nork pentsatuko du barrura sartzean espetxe batean sartzen ari denik? Rackets-ak berehala gainditu zituen La Fleet espetxeko hormak, eta Ingalaterrako eskoletan ezagutu zuten. Harrowko Eskolara 1920. urtean iritsi zen, eta hamar urte geroago squasha sortu zen. Rackets-eko zulatutako pilota batekin jokoa dibertigarriagoa zela ohartu ziren Harrowko ikasleak, pilota horrek aurreko hormarekin kontra indartsu jotzean jokatzeko aukera gehiago sortzen zituela. Horrela sortu zen squasha, gaur egun ezagutzen dugun moduan.

Fisikoki kirol gogorra da squasha. Horrek erakarri zituen Harrowko ikasleak: Rackets-ean ez bezala, pilota aurreko paretatik noiz itzuliko den zain egon beharrean jokalariak berak joan behar du pilotaren bila. Kantxak 12 metro dira luze. Partidak banaka jokatzen badira, 8 metro izaten dira zabal, eta binaka jokatzen badira, 9. Kantxa txiki batean jokatu arren, ordea, asko nekatzen du. Bote gutxi duenez, pilota hilda geratzen da askotan, eta jokalaria batetik bestera mugitzera behartzen du aurkariari itzultzeko. Gainera, erraketarekin indartsu jo behar zaio. Zenbait adituren iritziz, arrisku handiko kirolen artean sartu beharko litzateke, sortzen duen nekeagatik.

Squasha 1864. urtean egin zuten ofiziala. Lehen lau kantxak eraiki zituzten Ingalaterran. Jokoaren araudia erraza da. Aurreko horman hiru arrasto daude. Pilotakada bakoitzean pilotak goiko eta azpiko arrastoen artean jo behar du (pilotan bezala), baina sakatzerakoan, lehen pilotakada horrek goiko eta erdiko arrastoen artean jo behar du pareta. Aurretik esan bezala, pilota oso bihurria da squashean. Bi bote eman aurretik itzuli behar da, baina bote txikia duenez, gogor jo arren, erne egon behar du jokalariak erreakzionatzeko denbora askorik ez baitu izaten. Horrek egiten du hain dibertigarri.

kir31_4.jpg

 

Kantxa osoa hartzen du jokoak. Pilotak lau hormetako edozein jo dezake; soilik aurreko paretako azpiko lerrotik behera jotzen duenean, edo lau hormek goian duten arrastotik gora jotzen duenean da pilotakada txarra. Jokalariak hamaika kolpe ditu bere aurkaria lekuz kanpo uzteko: horma-bikoak, dejadak, atzerakoak… Guztiek balio dute aurkariak pilota bigarren botea jo aurretik itzuli ez dezan. Horregatik, bizia izan behar du jokalariak, pilota non dagoen jakiteaz gain aurkaria non duen ere jakiteko. Kirol osoa da squasha: arloa fisikoaz gain, psikikoa ere lantzen du jokalariak, erreflexuak, atentzioa eta momentu batean erabakiak hartzeko gaitasuna lantzen baitu.

Partida bakoitzak bost set ditu, eta horietako bakoitza bederatzi tantotakoa da. Tantoa soilik pilota sakatu duen jokalariak egin dezake; sakatzaileak pilota galtzen badu, besteak sakea hartuko du baina ez du tantorik zenbatuko, orduan eta berak sakatu ondoren tanto egiten duen arte. Hala ere, txapelketa ofizialetan jokoa gehiegi luzatu ez dadin, galdutako pilotakada guztiak dira tanto, sakatzailea nor izan den kontutan hartu gabe, baina setak hamabost tantotakoak dira. Sakea boterik jo gabe atera behar da, kantxaren atzealdean marraztuta dauden txoko batetik bestera.

Erraketa tenisekoa baino luzeagoa eta estuagoa da. Pilotak gomazkoak dira, barrutik hutsak eta zulo bat dute kolpeekin lehertu ez daitezen. XIX. mendearen amaieran squash kantxak eraikitzeko gomendatzen zieten Amerikako Estatu Batuetan eskolei, pilotak bigunak zirenez, ikasleek kolpeen ondorioz min hartzeko arrisku gutxiago zutelako. Squashak ez du beste kirol batzuk lesionatzeko duten arriskua baino gehiago. Hanketako mugimenduak oso azkarrak direnez, ordea, oinetakoetako lokarriak ondo lotzea komeni da, orkatilak bihurritzeko arriskurik ez izateko.

Kirol dibertigarria da squasha, eta probatzen duenari gustatuko zaio. Hain da dibertigarria askotan jokalaria ez dela jabetzen bere nekeaz. Biharamuneko minak, ordea, beste gauza bat dira. Orduantxe du jokalariak bezperan landu dituen giharren berri: ipurdikoak, besoetakoak, izterretakoak eta bizkarrekoak, batik bat. Giharretako minik ez izateko, amaitu ondoren jokoan galdutako azukrea berreskuratzeko edari freskagarriren bat hartzea onena. Pilota jokoan bezala, hori ere zaindu beharrekoa da.

Jon Ordoñez

kir31_3.jpg

Kontaizu

2006, Uztaila 01
Arloa: Kirolak