Zaunka festa

Jon Ordoñez

kir36_1.jpg


kir36_2.jpg

Urtarrilaren 20an Pirinioetako lera zakur karrera ospetsuena hasteko zen. Elur arazoak direla eta hamabost egun atzeratu da. Pirena izena du, eta 2007an hamazazpigarren aldiz korrituko da. 200 pertsona eta 600 zakur etapaz etapa mugituko dira Kantauri Itsasoa eta Mediterraneoa lotzen dituen mendikatean. Beste urte batzuetan Euskal Herritik abiatu bada ere, Iruñetik zehazki, aurten Espainian, Katalunian, Andorran eta Frantzian soilik entzungo dira zakurren zaunkak.

 

Europako lera zakur garrantzitsuenetako bat da Pirena. 50 gidarik hartuko dute parte; musher esaten zaie horiei. Inork ezin du esan zehazki gizakiak noiz lotu zuen zakur bat lehen aldiz lera bati. Gurpila asmatu aurreko asmakizuna da lera, eta gizakia gizaki denetik erabili ditu animaliak bere mesederako. Gaur egun kirola da, neguko kirol federazioen egituran sartu da eta 2010ean Vancouverko Neguko Oliniar Jokoetan sartu nahi du (Kanada).

Lera baten aztarna zaharrenetakoak Laponiakoak dira. Sami herriaren lurraldea da Laponia, eta Finlandiaren, Norvegiaren, Errusiaren eta Suediaren artean dago banatuta. Samiek kamutnik arrazako zakurrak erabiltzen zituzten lera tiratzeko. Kamutnikak Ipar Poloko otsoaren oinordekoak ziren, ordea, eta horiek zakur nahikoa basatiak zirenez, otzanagoak ziren beste arraza batzuekin nahastu zituzten, huskiak esaterako.

kir36_3.jpg

 

Lera zakurrak oso garrantzitsuak izan dira gizakiarentzat. Garraio modu bat baino gehiago izan da. XIX. mendearen hasieran Alaskako eta Kanadako urre bilatzaileak lera zakurrak erabiltzen zituzten batetik bestera mugitzeko. Espedizio horiek baino garrantzitsuagoak izan ziren, ordea, 100 urte aurretik Ipar eta Hego Polora egin ziren zientzia espedizioak. 2.800 kilometro baino gehiagoko ibilbideak izaten ziren, eta sarri askotan zero azpitik 30 gradu jasaten zituzten. Lera zakurrik gabe, ezinezkoak izango ziren.

 

1925. urtearen inguruan bihurtu ziren lera zakur karrerak kirol, Alaskan, bertakoak botikak eta bizigaiak lortzeko 1.600 kilometroko zeharkaldiak egiten hasi zirenean. Gertaera horren omenez, 1970. hamarkadatik urtero Iditarod izeneko lasterketa jokatzen da, National Eskimo Dog Race Contest, eta ondoren lera zakur feria egiten da. Europan Suitzan hasi ziren lehen lasterketak, 1965. urtearen inguruan.

 

Mushing ere esaten zaie lera zakur karreri. Kanadako koloniar frantziarrek marche esaten zieten zakurrei abiatzeko. Koloniar ingelesek hitza hartu eta mush bihurtu zuten, eta hortik datoz mushing eta musher hitzak. Lera zakur karrerak bi modutara joka daitezke: elur gainea edo lur gainean. Pirenaelur gaineko lera zakurra lasterketa da. 6 eta 12 zakur bitartekoak izan daitezke lerak Pirenan, eta zakur kopuruaren arabera sailkatzen dira.

Pirenan badago lerarik gabeko beste modalitate bat ere. Skijoring esaten zaio, eta horretan gidaria zuzenean lotzen zaie zakurrei eta eski batzuen gainean irristatzen da elurretan; horiek zakur bat edo bi erabiltzen dituzte. Euskal Herriko, Espainiako, Frantziako, Kataluniako, Txekiar Errepublikako, Austriako, Herbehereetako, Suitzako eta Erresuma Batuko partaideek hartzen dute parte Pirinioetako zeharkaldian.

 

Ingurugiroarekin bat

Pirenaren helburua helmugara lehenbailehen iristea bada ere, parte-hartzaile guztiei ingurugiroa zaintzea eta zakurrei minik ez egitea exijitzen zaie. Antolatzaileek parte-hartzaile kopurua mugatzen du, karrera erraldoia izan ez dadin, eta basoan ahalik eta eragin gutxien izan dezan, etapa gehienak Pirinioetako eski estazioetan jokatzen dira. Gainera, sendatzeko jaso diren hainbat hegazti eta ugaztun askatuko dituzte ibilbidean zehar, behin osatu direlarik euren bizimodura itzul daitezen.

Jon Ordoñez

Jon Ordoñez

2007, Urtarrila 01
Arloa: Kirolak