Hormetako sugandilak

Jon Ordoñez

kir40_1.jpg


kir40_2.jpg

Udaberrian, eguraldi onarekin, handiagoa da kirola egiteko aukera. Neguko hotza eta euria atzea utzi ondoren, urteko lehen egun beroetan naturarekin harreman zuzena duten kirolak egiteko unea iristen da. Gaur egun, rokodromoei esker, urteko edozein sasoietan eskalatu daiteke; euririk gabeko egunak, ordea, bereziak dira harkaitzak igo nahi dituzten eskalatzaileentzat, horman gora egiteko aukera izateaz gain, naturarekin bat egiteko aukera izaten baitute. Ez dago jakiterik noiz hasi zen gizakia hormak igotzen. Litekeena da bi hanketan oinez ibiltzen ikasi aurretik oztopo bertikalak gainditzeko trebetasuna izatea. Animalia askok dute gaitasun hori, eta katagorriak edo tigreak zuhaitzak igotzen ikustea ikusgarria da. Bada, gainera, harkaitzetako hormak igotzeko ere erabateko erraztasuna duen animalia: sugandila. Orain udaberrian maiz ikusiko dugu eguzkietan berotzen, lau hankak inongo heldulekurik ez duen horma batera itsatsita. Aspaldiko jarduera da gizakiarentzat eskalada. Betidanik izan du mendiak zeharkatu eta gainditzeko beharra, eta horrekin batera, eskalatzekoa. Kirol moduan, ordea, XVIII. mendean sortu zen, 1786. urtean M. G. Paccard eta J. Balmat frantziarrek Mont Blanc mendia igo zutenean. Hasiera batean zientziarekin lotutako jarduera zen, espedizioetakoa, eta helburu horrekin sortu zuten XIX. mende erdian Ingalaterran eskalatzeko lehen elkartea. XX. mendea munduko mendi altuenetara igotzeko mendea izan zen. Mendizaletasunak eta eskaladak beste helburu guztiak atzean utzi eta kirol kutsu garbia hartu zuten, norberak bere buruari jarritako erronka bilakatu ziren. 1953. urtean E. Hellary zeelanda berritarrak eta Tensing Norkey Nepalgo sherpak munduko mendirik altuena igo zuten: Everest.

kir40_3.jpg

 

Euskal Herria, puntako eskalatzaileen sorleku

Euskal Herrian punta-puntako eskalatzaileak daude. Josune Bereziartu eta Pou anaiak munduko eskalatzaile onenetakoak dira, eta mendizaletasunaren bidez ekin zioten hormak igotzeari. Eskalatzen hasteko behar-beharrezkoa da irakasle batekin edo dakien norbaitekin egitea. Lurretik metro batzuk gora egin arren, eskalada kirol oso segurua da arriskuak sahiesteko neurriak hartzen badira. Beti lagunduta joan behar da eskalatzera, eta sokaren korapiloak ondo egiten jakin behar da. Soka bati lotzen zaio eskalatzailea igotzen hasi aurretik, arnesari, eta sokaren beste aldea lagunak lotuko du. Igo ahala, horman aldez aurretik jarrita dauden eraztunetan aseguratzen da, mosketoiarekin. Hartara, irrist eginez gero jarri duen azken asegurotik zintzilik geratuko da. Eskalatzeko sokak gogorrak dira, baina zintzilik geratzean kolpea handia ez izateko elkastizidadea ere badute. 40 metroko luzera dute, baina igoeraren araberakoa da bere neurria. Eskalatzea oinarrizko jarduera bat da gizakiarentzat, baina kirol eskalada ondo ikasteko, baita mugimenduak ere, horretarako prestatutako ikastaro batean parte hartzea komeni da. Hiru eskalada mota daude, eta eskalatzaileak igoko duen oztopoak ezberdintzen ditu. Lehen harkaitz eta elur gaineko eskalada motak zeuden, baina azken hamarkadetan rokodromoko eskalada sortu eta zabaldu da. Rokodromokoa aretoko eskalada da, eta hor gizakiak berak harkaitzak irudikatuz egindako bideak igotzen dituzte eskalatzaileek. Eskalada eguraldiak baldintzatzen duen kirola denez, mugimenduak lantzeko eta entrenatzeko erabiltzen da asko rokodromoko eskalada. Eskalatzeko arropa arina janztea komeni da, izan ere, arintasuna eta elastizidadea behar dira besoak eta hankak jaso eta mugitzeko. Gorputzari eusteko koxkak bilatzen ditu eskalatzaileak harkaitzean, eta horietan hatz puntak sartuz egiten du gora. Igoera errazteko katu oinakderitzaien oinetakoak erabiltzen dira; gomazkoak dira, eta puntan amaitzen dira, gorputzaren indarra hormaren koxketan biltzeko. Izotzetan kranpoiak erabiltzen dira; mendiko botari lotzen zaizkio, eta burnizko puntak ditu irrist ez egiteko. Pioleta puntadun mailu bat da, eta izotzetan sartu eta gorantz indarra egiteko erabiltzen dute. Mendira joaten den aldiko bezala, eskalatzera joateko ere ondo prestatuta joan behar da, eta euria edo hotza egin dezakeela aurreikusten bada, aldatzeko arropa eta euritako xira eramatea komeni da.

 

kir40_4.jpg

 

Natura errespetatuz

Orain dela urte batzuk arte, eskalada gutxi batzuen kirola baino ez zen. Gaur egun, ordea, jende asko erakartzen du, eta ohiko zenbat horma masifikatzen ari direla ohartarazi zuen Bereziartuk Kontaizuri eskainitako elkarrizketa batean. Inork ezin du galarazi eskalatzera joatera, baina masifikazioaren ondorioak murrizteko garrantzitsua da natura erabat errespetatzea. Zaborrik ez uztea izan behar du eskalatzailearen helburuetako bat. Berdin du, aluminiozko papera izan, edo materiala eramateko plastikozko poltsa izan. Harkaitz bat eskalatzeak naturaren zati bat dela sentiarazten dio eskalatzaileari, igotzeko dituen oztopoak gainditzea bere eskuetan dago, eta metro batzuk gora egiterakoan bere txikitasunaz eta naturaren handitasunaz jabetzen da. Hori horrela izango da, hein handi batean, eskalatzeko bideak dauden inguruneak bere horretan mantentzen baditugu.

Egilea:

Jon Ordoñez

 

Jon Ordoñez

2007, Maiatza 01
Arloa: Kirolak