Uretan plast!

Jon Ordoñez

kir41_1.jpg


kir41_2.jpg

Uda ez da bakarrik eguzkia hartzeko edo mendira igotzeko. Uraren freskotasunean murgiltzeko gonbitea luzatzen du eguraldi onaren berotasunak, eta horregatik urteko sasoi hori oso egokia da uretan egiten diren kiroletan aritzeko. Hondartzako zaratatik eta mendiko izerditik urrun, Euskal Herriko kostak aukera ematen du ur azpian dagoena arakatzeko. Nahikoa da horretarako portua daukan herri batean zer enpresak ematen duen aukera galdetzea. Arduradunari arretaz entzun, arnasa hartu eta plast! Bi itsaspekaritza mota daude. Apnea (apnoia, grezieraz arnasarik gabe) izenekoan batere laguntzarik gabe urperatzen da urpekaria, aurretik ahalik eta arnas gehien hartuz, berriro arnasa hartzera atera behar duen arte. Scuba izenekoan (ingelesez, Self Contained Underwater Breathing Aparatus), airez betetako botila bat eramaten du itsaspekariak bizkarrean, eta horri esker behin eta berriz ur azalera atera gabe buzeatu dezake. Bi mota horiek kirol itsaspekaritzari dagozkio, eta bietan gehienez ur azpitik 40 metro jaitsi daiteke. Uretan murgiltzeko modurik arruntena eta zaharrena apnea da. Mundu guztiko hainbat kulturetan ohikoa da uretan sartzea elikagaiak (arrainak, krustazeoak...) edo beste baliabide batzuk lortzeko (perlak, koralak, itsas belarrak...). Uretan sartzeko berez ez da behar ezer berezirik (arnasa hartzea ez ahaztu!), baina kirol jarduera bat den aldetik apneak badu gutxieneko materiala: betaurrekoak, oinetako hegalak, arnasarako hodia (snorkel esaten zaio ingelesez), pisua ur azpian errazago mantentzeko (gorputzak gora egiten du berez ur azpian), eta behar izanez gero neoprenozko jantzi berezia.

kir41_3.jpg

Scubari dagokionez, oinarrizko gauza horiez gain, airedun botila gehitzen zaio. Komenigarria izaten da, gainera, bi neurgailu eramatea: ur azalerara dauden metroak neurtzeko, eta botilan zenbat aire dagoen neurtzeko. Kirol urpekaritza ez da arrisku handiko kirola, segurua da berez. Ardura handiz aritu behar da, ordea, gizakiaren tokia lur gainean dagoela ahaztu gabe. Uretan sartu aurretik prestaketa egoki bat jaso behar da, materiala ondo ezagutu eta segurtasun neurriak zeintzuk diren gogoratu. Herrialde batzuetan buzeatzeko titulua lortu behar da uretan sartu aurretik. Aipatutako materialaz gain badaude lagungarriak izan daitezkeen beste batzuk:

Labana

: Beharrezkoa da hainbat herrialdetan, urpekariarentzat oztopo izan daitezkeen sokak edo sareak mozteko.

Linterna

: gauez beharrezkoa da, eta egunez argi gutxi dagoen lekuak ikusten balio du, esate baterako, harkaitz azpiak.

Soka

: urpekariak zer norabide jarraitu duen gogoratzeko balio du, batez ere, ur azpian espeleologia egiten dutenek eramaten dute.

 

kir41_4.jpg

 

Bozina

: hotsaren bidez beste urpekari baten arreta bereganatzeko.

Arbela

: ur azpian urpekariek elkarren artean komunikatu ahal izan dezaten. Azken 50 urteetan zabalkunde handia izan du itsaspekaritzak, eta hein handi batean telebistako dokumentalei zor dio fama hori. Jacques-Yves Cousteau ozeanografo frantziarra da itsaspeko dokumentalak egin dituztenen artean ezagunena. Frantzian jaioa (1910-1997), itsasoa eta itsasoko bizidunak gehien ikertu zituen pertsonetako bat da. Berak eta Emile Gagnan-ek asmatu zuten airea daraman botila (Scuban erabiltzen dena), eta Aqua-lung izena jarri zioten, itsas-birika. Modu horretan bihurtu zuten urpekaritza kirol, ur azpian aritzeko askatasuna eman ziotelako. Calypso itsasontzian zeharkatu zituen Cousteauk itsaso guztiak, eta bere grabaketak mundu osora zabaldu zituen. Itsasoaren kontaminazioaz ohartarazi zuen lehen zientzialarietako bat izan zen, eta itsasoarekiko zuen maitasuna ingurugiro hori babesteko lan bilakatu zen. Bere lanarekin hiru Oscar irabazi zituen, eta hainbat sari eta domina eman zizkioten. Natura maite zuen, eta berak “tekniko ozeanografoa” zela esaten zuen. Itsasoa “kontinente urdina” zen bere hitzetan.

Jon Ordoñez

 

Jon Ordoñez

2007, Ekaina 01
Arloa: Kirolak