Pilota, airean

Jon Ordoñez

kir43_1.jpg


kir43_2.jpg

Nork ez du hartu inoiz pilota bat eta, lurrera erori gabe, airean behin eta berriz ukitu? Pertsona bat bakarrik horretan jolasten denean jolas erraza da. Bi pertsona aritzen direnean zailagoa da. Pertsona asko elkartzen direnean nahastu egiten da jolasa, eta taldeak antolatzen dituztenean, joko bihurtzen da jolasa. Boleibola 1895. urtean sortu zen. Mintonette izeneko jolasa izan zuen aitzindari, eta 1964. urtean Olinpiar Jokoetan sartu zen. Tenisean bezala, alderik alde zabaltzen den sare batek erdibitzen du pista, eta pistaren zati horietako bakoitzean talde bana kokatzen da. Talde bakoitza sei jokalarik osatzen dute, eta pilota txandaka joz pasatzen dute kontrarioaren aldera. Tantoetara jokatzen da boleibola, eta pilota beste aldera pasatzea lortzen ez duenak galtzen du tantoa. Hiru ukitu ditu talde bakoitzak horretarako. Pilota esku batekin edo biekin jo daiteke, baina ezin da eskutan atxiki. Pilota lurrera erortzen bada edo pistatik kanpo botatzen bada, tantoa beste taldearentzat izango da.

kir43_3.jpg

Sakea txandakatu egiten dute bi taldeek, baina jokaldi bakoitzean sakatu duenak soilik egin dezake tanto; taldeetako batek pilota sakatu eta tanto egiten ez badu, aurkariak sakatzeko eskubidea irabazten du, baina ez du tanto egiten. 15 tanto zenbatzen dituen taldeak seta egiten du, eta hiru setera iristen den lehen taldeak partida irabazten du. Jokalariak euren aldean sakabanatzen dira, aurkariak pilota pasatzen dienean, lurrera erori ez dadin. Hiruk aurrean jokatzen dute, saretik gertu, eta beste hiruak atzealdean. Jokalarien arteko koordinazioa beharrezkoa da, lehen ukituan batek pilota jaso dezan, bigarrenean beste batek eraso egiteko prestatu dezan, eta hirugarrenean jokalari horretako azkenak sarearen gainetik pasa dezan. Jokaldi hori ondo antolatu behar da. Tantoa ez galtzeko abilezia eta azkartasuna behar dituzte jokalariek. Beldurrik gabe botatzen dira lurrera maiz, itxuraz jaso ezina den pilota jasotzera. Horregatik, belauneko babesak jartzen dituzte, min ez hartzeko. Boleibolak, ordea, badu min hartzeko kuidado gutxiago duen beste modalitate bat, ordea: hondartza-boleibola.

 

Hondartzan, hanka hutsik

Bere izenak dioen bezala, hondartzan jokatzen da hondartza-boleibola. Hondar gainean jokatzen da, eta pista boleibolekoa baino txikiagoa da. Taldeak bi edo lau jokalarik osatzen dituzte, eta hanka hutsik jokatzen dute. Pilotak boleibolekoak baino presio gehiago du, horrela gehiago pisatzen du eta haizeak gutxiago mugitzen du. Hondartza-boleibolean ere jokatu zuten Atenasko Olinpiar Jokoetan. Txapelketa profesionalak ikusteko ere oso entretenigarriak dira, izan ere, jokaldi bat eta bestearen artean musika jartzen du DJ batek eta jendeak dantza egiten du harmailetan. Antolaketa soilagoarekin, hala ere, jokalari profesionalek bezain beste goza daiteke. Hondartzan boleibolean aritzeko ez da asko behar. Hondartzan jokatzeko nahikoa da pilota bat eduki eta pista zein izango den oinarekin hondarretan markatu. Alderik alde soka bat zintzilikatzeko aukera badago, hobeto, baina sokarik gabe ere joka daiteke. Taldeak antolatu, parekatu, eta pilota airera bota besterik ez da egin behar. Hondarretan jokatzea oso nekagarria da, ordea, eta eguzkiak bete-betean jotzen badu, komenigarria da tarteka atseden bat hartu eta ura edatea. Jon Ordoñez

 

Jon Ordoñez

2007, Abuztua 01
Arloa: Kirolak