48 orduko bidaia Eskoziara

Jon Ordoñez

kir44_1.jpg


kir44_2.jpg

Orain dela urte batzuk pentsaezina zen Eskoziara edo Europako beste herrialde batera asteburu pasa joatea. Gaur egun, ordea, zenbait hegazkin konpainiek eskaintzen dituzte hegaldi merkeei esker nahi izanez gero merezi du ahaleginak. Ez zuten bitan pentsatu Euskal Herriko errugbi zale askok, eta irailaren 23an Eskozia-Zeelanda Berria partida ikustera joan ziren Edinburgora, Eskoziako hiriburura. Gernikarrak, mundakarrak, baionarrak, donostiarrak... herri eta hiri askotatik joandakoak topatu dituzte Gipuzkoako Goierri eskualdetik joandako zortzi lagunek. Munduko Errugbi Kopa ari dira jokatzen egunotan Frantzian. Kirol horrek Ingalaterran, Irlandan, Eskozian eta Galesen tradizio handia du, ordea, eta nazio horietako selekzioak etxean ari dira jokatzen lehen faseko partidak. Azti ibili behar da horrelakoetan sarrerak erosteko. Internetek jada munduko kirol eta partida garrantzitsuenetarako sarrerak erosteko aukera ematen du, baina guri bezala gainontzeko jende guztiari ere ematen dio aukera, eta saioa lehenbailehen egitea komeni da. Sarrerak eskuan, eta hegaldi merkeak eta ostatua ere internetez lotuta, irailaren 22an larunbata, goizeko 10:00etan abiatu ziren Ordizia, Beasain eta Lazkaoko zortzi lagunak Eskoziarantz. Londresen (Ingalaterra) ordu batzuk itxaron ondoren (Bilbo-Londres eta Londres-Edinburgo bi hegaldi behar zituzten iristeko) gaueko 21:30ean iritsi ziren Eskoziako hiriburura. Partida bezpera izan arren, errugbizaletasuna ageri zuen hiriak. Zeelandarrak barra-barra ziren, eta All Black euren elastikoekin (Dena beltz, Zeelanda Berriko jantzia dena beltza delako) bete zituzten Edinburgoko pub guztiak.

kir44_3.jpg

Igandea eguzkitsu argitu zen, eta goiz-goizetik atera ziren errugbizaleak kalera. Eskoziako eta Euskal Herriko ikurrak soinean (Ordizia Errugbi Elkarteko elastikoa ere bai) Edinburgoko hiri zaharrerantz zuzendu ziren Goierriko zortzi lagunak. Kale nagusia Erret Milia esate diotena da, gaztelutik beherantz alde zaharra zeharkatzen duena. “Nongoak zarete?”, gerturatu zitzaizkien Donostiako bi gizon. Donostiarrak ziren beraiek, eta ikurrinaren koloreak deituta joan ziren eurengana. Bereizgarri horri esker edo euskarari esker zekiten euskaldunak euren artean berri Edinburgon. Nabaria zen Euskal Herritik joandakoak errugbi zaletasuna dagoen eskualdeetakoak zirela. Aho bete hortz utzi zituen, ordea, errugbia zer garrantzitsua den Eskozian. Dendariek eta tabernariek Eskoziako eta Zeelanda Berriko banderekin apaindu zituzten euren erakusleihoak, gaiteroek Eskoziako doinuak jo zituzten sos batzuk eskatuz eta zaleek euren jantziekin girotu zituzten kaleak. Eskoziarren artean batzuk kilt ezaguna jantzi zuten, gizonezkoen gona koadrodun tradizionala Eskozian.

75.000 ikusle

Partida hasteko ordua gerturatu ahala gerturatu ziren zaleak Murrayfield estadiora. 75.000 elkartu ziren partida ikusten, eta kalean jende zutabe zabal eta amaitezina osatu zuten. Giro onean hartu zituzten espaloiak eta errepidea, inguruko tabernak betez, batere liskarrik gabe, bi taldeetako zaleen arteko armonia onean. “Good luck”, esaten zieten zeelandarrek eskoziarrei: “zorte on”. Eta eskoziarrek ikurrina ikusten zutenean: “Are you basque?”.

 

Partida Zeelanda Berriko eta Eskoziako himnoekin hasi zen. Estadioa erabat mututu zen. Ondoren zeelandarrek haka izeneko borroka dantza egin zuten eskoziarren aurrean. Pazifikoko selekzioen artean ohitura dira borroka dantza horiek, eta Zeelanda Berrikoak bezala, dantzatzen dute Samoakoek, Tongakoek eta Fijikoek ere, beste batzuen artean. Haka maorien borrokarako dantza da, eta maoriak herrialde horietako indigenak dira. Partida 0-40 irabazi zuen Zeelanda Berriak. Munduko selekzio onenetakoa da, eta Eskoziak partida irabazteko aukerarik ez zuen izan. Zale zeelandarrek saltoka eta oihuka ospatu zituzten euren selekzioaren entsegu eta transformaketak, eta eskoziarrek euren selekzioaren ezina ikusi zuten. Giroan, ordea, Scotland! eta All Black! animo oihuak paretsu entzun ziren. Munduko Koparen lehen fasea irailean amaitu zen, eta urrian jokatuko dira final-laurdenak, finalerdiak eta finala, azken hori urriaren 20ean, Parisko Saint-Dennis estadioan. Partida amaitu zenean, estadiora joandakoak kontrako bidea egin zuten, etxera bueltan. Errugbi baloiei emandako ostikadak alaitu zuten ibilbidea, eta jendeak txaloekin erantzun zuen ostikoa ona bazen, eta txistuekin txarra bazen. Zelai batean errugbi partida bat ere antolatu zuten zenbait zalek. Goierriko zortzi lagunek bizkarzorroak ostatuan jaso eta aireporturako bidea egin zuten. Euskal Herrira itzultzeko lehenik Dublinera joan behar zuten (Irlanda) eta handik Gasteizera. Astelehen goizerako ziren etxean, eta nekea nabaria zen, baina konpainia, giroa eta ikuskizunagatik merezi izan zuen 48 orduko bidaia azkarra egitea.

Jon Ordoñez

2007, Urria 01
Arloa: Kirolak