Txangozaletasuna eta orientazioa

Jon Ordoñez

kir46_1


kir46_2.jpg

Txangozaletasunaren eta orientazio lasterketen artean bakarra da ezberdintasun nagusia. Bi kirol horiek komunean dute naturarekiko harremana, eta lehiak soilik bereizten ditu bata bestearengandik. Altxorraren bila jolasean egiten den moduan, orientazioan helmugara lehenbailehen iristeko lehiatzen dira parte-hartzaileak. Orientazioa indarra hartzen ari da Euskal Herrian, eta pixkanaka ari dira kirol klubak osatzen, batik bat, mendi taldeen babesean.

Txangozaletasuna

Txangoak egitea berezkoa du gizakiak, baina kirol moduan (edo aisialdiko aukera moduan) XIX. mendean sortu zen. Industrializazioa bete-betean zegoen orduan Ingalaterran, eta lantegietako ordutegien eta hirietako jende pilaketaren aurrean hasi zen zabaltzen mendian txangoak egiteko ohitura. Irteeran horietan ez dago lehiarik, eta bakoitzak bere buruarekin duen erronka bakarrik izaten da presente. Hori dela eta, norberak bere neurrira egokitzen diren ibilbideak prestatzen dituenez, edozein adinetako pertsonek egin ditzake txangoak Txangoak bi modutan egin daitezke. Batetik aurretik adierazitako bideetan zehar, eta bestetik aurretik zehaztu gabe dauden bideetan. Adierazitakoak ohikoak izaten dira parke naturaletan eta luzera handiko basabideetan, eta txangozaletasuna senderismoari eta mendizaletasunari lotzen zaie. GR bideak egokiak dira horretarako, eta Euskal Herrian horiek nonahi aurki daitezke. Txangozaleak aurretik zehaztuta dauden bideak saihesten dituenean, une bakoitzean erabakitzen du nondik egin aurrera, bere interesaren arabera. Leku ezezagunetan egiten dira txangoak kasu horietan, eta ingurunearen ezagutza, maparen erabilera eta arriskuak gutxitzeko neurriak ezinbestekoak dira.

 

kir46_3.jpg

Txango bat egin aurretik, zer eraman ondo erabaki beharreko kontua da, pisu gehiegi ez eramateko baina faltan ezer ez izateko. Telefono mugikorra eramatea, esate baterako, komenigarria da, hainbat lekutan estaldurarik izaten ez duten arren, estaldura duenean oso lagungarri izan daitekeelako. Txangozalearen jantzia urtearen sasoiari eta eguraldiari egokitu beharko zaio. Erosoa eta arina izan behar du, eta euritarako zamarraren bat eramatea komeni izateaz gain, badaezpada, aldatzeko jantzia ere eraman behar da, izerdia lehortu ondoren janzteko. Oinetakoak mendikoak izan behar dute. Gaua bidean pasatu behar badu, txangozaleak lotarako zakua ere eraman behar du.

Orientazio lasterketak

Txangoetan oinarrituta, orientazio lasterketak XX. mendean sortu ziren, Europa iparraldean. Bi punturen arteko lasterketa da. Parte hartzaileek ez dute ibilbidea ezagutzen, eta mapa batekin eta iparrorratz batekin aurkitu behar dute helmuga. Azken finean, lehia tarteko, txango bat da. Orientazio ona izatea ezin bestekoa da, parte-hartzaileak okertu ez daitezen eta bidea bilatzen denborarik galdu ez dezaten. Sena, planoa irakurtzeko teknika izatea, ibilbideak marrazten jakitea, eta sasoi onean egotea ezinbesteko baldintzak dira honetan ondo aritzeko. Lasterketaren luzera adinaren arabera zehazten da. Gizonezkoen artekoak 11 eta 15 kilometro bitartean izaten dituzte, eta emakumezkoenak, zortzi. Gazte mailan 3 eta 5 kilometro artekoak izaten dira. Lehen lasterketa 1901. urtean jokatu ziren herrialde Eskandinaviarretan. Hala ere, Bigarren Mundu Gerran zabaldu zen kirola, lehenik Europa iparraldean eta ondoren Europa osoan. 1961. urtean Nazioarteko Orientazio Federazioa sortu zen, eta bost urte geroago munduko txapelketa jokatu zen lehen aldiz. Orienteering esaten diote ingelesez. Euskal Herrian orientazio lasterketen sustatzaile nagusienetako bat Jesus de la Fuente bizkaitarra izan zen. 1990eko hamarkadan Baliza Torneoa antolatu zen, eta hori izan zen gaur egun Hego Euskal Herrian jokatzen den Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako kluben arteko txapelketaren aitzindari (www.orientazioa.com. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoaren ere hainbat orientazio talde daude.

 

kir46_4.gif

Orientazio lasterketak banaka edo taldeka jokatu daitezke. Taldeka egiten denean txandaka. Etapaka ere jokatzen dira, eta kasu horietan lasterketak egun bat baino gehiago irauten du. Orientazio probatan parte-hartzaileak banaka edo taldeka ateratzen dira; erlojupeko lasterketa izaten da. Hasi aurretik antolatzaileek bide orri bat banatzen diete kirolariei, bideko hainbat azalpenekin eta derrigor pasatu behar dituzten kontrolen jakingarriekin. Kirolariak balizak aurkitzen ditu bidean eta batetik bestera pasatzeko bide egoki eta azkarrena zein den erabaki behar du.

Egilea:

Jon Ordoñez

 

Jon Ordoñez

2007, Abendua 01
Arloa: Kirolak