Eskia ez da bakarra
Hasi dira goi mendiak zuritzen, eta hainbat hilabetez gorderik egon ondoren, eskiak ateratzeko garaia da. Ertzak zorroztu, argizariz igurtzi, eta elurretan irristatzeko unea da. Negua iritsi orduko hainbat zaleren ahotan dabil eskia, baina ezaguna izanagatik, ezagutzeko asko duen kirola oraindik ere. Eskia ez da soilik maldan baten gainaldean jarri eta beherantz irristatzea. Eskia eskiekin praktikatzen den kirola da, eta aldaparekin edo gabe, hainbat modalitate eskaintzen ditu. Gutxienez badaude hiru modalitate klasiko eta horiei denborarekin sorteen diren berriak gehitu behar zaizkio, esate baterako, snowboarda eta eski librea.
Eski alpinoa:
Eskia modalitate nagusiena da Euskal Herrian. Alpeetan sortu zen XIX. mendearen erdialdean, eta aldapan behera praktikatzen da. Horregatik eski alpinoko pistak aldapan gora igotzeko igogailuak izaten dituzte, kirol jarduera errazteko. Eski estazioetan pistak koloretan sailkatuta egoten dira, jaitsieraren zailtasuna zehazteko: berdeak, urdinak, gorriak eta beltzak. Eski alpinoan ikasteko gomendagarria izaten da ikastaroren batean izena ematea. Erortzeko beldurra galdu, eta abiadura kontrolatzen ikasten da lehenik, moteldu nahi denean eskien aurreko puntak gerturatuz. Oinen joko horretan oinarrituz, alde batera eta bestera biratzen ikasten da ondoren, eta horiek jakindakoak, gutxi-asko, tirriki-tarraka, jaisten ikasten da. Jaisteaz gain igogailuak erabiltzen ere ezinbestekoa da eski alpinoan. Eski alpinoa modalitate erosoena dela esan daiteke. Jaitsi bakarrik egiten da, eta abiaduraz gozatzeko aukera paregabea ematen du. Eskiatzea, ordea, ez da soilik aldapa behera jarri eta pista amaitu arte itsu-itsuan jaistea. Jaitsieratan ere eskiatzeko teknika bat dago, eta orduan eta hobea izan teknika, orduan ez hobea izango da eskia. Gainera, Pirinioetan modalitate nagusiena denez, eski estazioak lepo betetzen dira neguan, eta eskiatzaileak jakin behar du pistan besteak errespetatzen eta kontuz eskiatzen. 1924. urtetik Olinpiar Jokoetako kirola da eskia, eta bai gizonezkoek baita emakumezkoek ere parte hartzen dute. Ahalik eta azkarren jaistea helburua duten probak jaitsierakoak izaten dira, eta teknika hobesten dutenak slalom-ekoak. Jaitsierako lehen karrera 1911. urtean jokatu zen Suitzan, eta slalom-ekoa 1922an, Suitzan hori ere.
Eski nordikoa:
Eski modalitateetan zaharrean da eski nordikoa. Izenak ageri duen moduan, Europa iparraldeko herrialdeetan du sorlekua. Eskiak elurretan batetik bestera joateko tresnak ziren, ehizan edo borrokan aritzeko, eta Norvegian eta Suedian erabiltzen ziren batik bat. Indusketa arkeologikoei esker jakina da eskiak orain dela 5.000 urte gutxienez erabiltzen zituela gizakiak. 1773. urtean eskiaren lehen arauak idatzi zituzten Norvegian, eta XIX. mendearen erdialdean eski nordikoko lehen karrerak jokatu ziren. Bi modalitate hartzen ditu bere baitan eski nordikoak: jauziak eta iraupen eskia. Lehenengoan helburua ahalik eta jauzi handiena ematea izaten da, tranpolin edo jauzi-ohol baten laguntzarekin. Bigarrenean helburua elurraren gainean irristatzea da, ibiltzea. Eski alpinoan ez bezala, iraupen eskian ez da aldaparik izaten eta eskiatzaileak berak bere indarrarekin osatua behar izaten du ibilbidea. Neketsuagoa izan arren, eskiaz beste patxada batekin gozatzeko aukera ematen du, elurtutako paraje zoragarriei erreparatuz. Gainera, eski estazioak ez dira alpinoan bezala masifikatzen, eta beste giro bat sortzen du horrek ere. Iraupen eskiko ibilbidea laua izaten da, eta tarteka ere izaten du aldapa gora eta aldapa behera. Tokian tokiko teknika landu behar du eskiatzaileak bere esfortzua hobeto baliatzeko. Horretarako makilak lagun izango ditu. Eskiak alpinoan baino estuagoak izaten dira, eta aldapan gora atzerantz ez joateko ezkata batzuk izaten ditu beheko aldean. Lasterketak 5 eta 50 kilometro bitartekoak izaten dira.
Mendiko eskia:
Mendiko eskiak antzekotasun gehiago ditu mendizaletasunarekin eskiarekin baino. Mendizaleak mendian gora eta behera egiten duen bezala egiten du mendiko eskiatzaileak ere, baina elur gainean. Behar denean jarri eta kentzen ditu eskiak. Esfortzu fisiko handia eskatzen du mendiko eskiak, eta sasoi onean egotea. Gaitasun fisikoez gain, ordea, psikikoak ere behar dira, mendi elurtuetan aritzeak arriskua baitu (elur-jauziak eta behe-lainoa, besteak beste), eta arriskuez jabetu eta erabaki zuzenak hartu behar baitira. Eski estazioetatik kanpo aritzen da mendiko eskiatzailea. Bere helburua gailurrera iristea da. Mendiko eskiak alpinismoarekin zer ikusi handia du, eta mendiko teknikak lagungarriagoak zaizkio eski pistetakoak baino. Kirol gogorra da eta jende gutxik praktikatzen du. Horregatik Euskal Mendizale Federazioak Mendiko Eski ikastaro batzuk antolatu ditu, gazteenen artean kirol hau ezagutarazi eta selekzio bat osatzeko. 1897an burutu zen Alpeetako lehenengo zeharkaldi handia eskiekin, Berner Oberland zeharkaldia (Suitza), eta 1903an Chamonix-Zermatt (Frantzia eta Suitza) zeharkaldi famatua. Gaur egun biak dira mendiko eskiaren ibilbide klasikoak. Euskal Herrian, duela bizpahiru hamarkada hasi zen zenbait mendizale neguan Pirinioetako mendietan eskiekin igoerak egiten.
Egilea:
Jon Ordoñez