Guifi.net EH

Gure komunikatzeko ahalmena biderkatzeko duten gaitasunagatik eta batez ere pertsonen arteko harremanak sortzeko duten gaitasunak sareak gero eta garrantzitsuagoak dira. Saretaz ari garenean denoi Internet etortzen zaigu burura, baina beste sare mota batzuk ere badaude. Guifi.net horietan berezia da, Interneteko sarbideaz gain, beste zerbitzu batzuk ematen ditu, baina gainera azpiegitura erabiltzaileona da eta sarearen irekitasuna, neutraltasuna eta askatasuna bermatzen dira.

Guifi.net telekomunikazio eta zerbitzu sare sozial autogestionatua denez, ezagutzan eta teknologia oinarri dituen jendarte justuago bat eraikitzeko elementu estrategikoa da.

Guifi.net horizontalki antolaturiko proiektu ireki eta parte-hartzailea da. Guifi.net guztiona da, norbanako indibidual nahiz kolektibo, enpresa, administrazio eta unibertsitateak biltzen ditu bere baitan, besteak beste.

Parekideen arteko interkonexio akordioetan oinarritzen den telekomunikazio sare ireki, aske eta neutral bat osatzen du. Non parte hartzaile bakoitzak bere antena erabiliz sarera konektatzean, sarea hedatzen duen eta beste guztiekin konektatzen den.

Sare honek Euskal Herrian zehar izango duen hedapenaz arduratzeko Guifi.net Euskal Herria lan taldea sortu da. Talde lokal hau komunikazio askean interesaturiko pertsonez osatutako eta Guifi.net sarearen hedapena Euskal Herrian bultzatzeko beharrezko esfortzuak koordinatzeko espazio irekia da.

Proiektua posta zerrenda baten bidez koordinatzen da. Bertako bi partaidek Guifi.net-en izan duten partaidetza eta proiektu honen nondik-norakoak kontatzeko elkarrizketatu ditugu. Hau da beraiekin izandako elkarrizketaren laburpena.

Ales Zabala

guifieh-ales

  • Guifi.net EHko partaidea

  • Irunen bizi den den hacktibista eta Gisa Elkartearen sortzaileetako bat.

  • Guifi.net barnean Arabako Barron herrian egingo den proiektuan murgilduta.

Zein da zure inplikazioa Guifi EH proiektuan?

Irun inguruan bizi naiz orain eta bertan proiektuaren inguruko gauzak egiten saiatzen gara. Nahiz eta proiektu garrantzitsuena orain Arabako Barron herrian egin nahi duguna izan. Hala ere, kotxez bi ordu inguruan edozein tokitara mugitzeko aukera izan ohi dugu gauzak egiteko.

Kontatu diezaguzu Barronen egin behar duzuen proiektu horri buruzko zehaztapen gehiago.

Oso herri txikia da 15-20 biztanle dituena. Ez da telefono linea, ezta ADSLa iristen, bi etxeetan bakarrik dute Internet TRAC bidez. Horrek kontzeju mailan Interneteko sarbide partekatu bat jartzeko ideia ekarri zuen. Era horretan, kontzejuko etxeraino iritsiko zen linea bat jartzeko aukera izateko telefono konpainiak presionatzeko aukera handiagoa izango zutelakoan.

Zein dira proiektuaren inguruan gehien interesatzen zaizkizun puntuak ikuspuntu tekniko, baina batez ere sozialetik, lan militante hau aurrera eramateko.

Batez ere puntu garrantzitsu bakar bat dago, beste guztiak ñabardurak dira. Internet neutral eta murriztapen arbitrariorik gabeko bat izateko Guifi.net proiektuak ematen digun aukera da garrantzitsuena. Ni behintzat sinistuta nago, garrantzitsua dela pertsonen arteko komunikazioa eta komunikazio sareak egon behar dutela; gaur egun daudenak edo politizatuak edo enpresa pribatuen esku daude. Guifi.net-ek gure sareen kontrola izateko ahalmena ematen digu, hortik gure lana egiten jarraitu ahal izateko.

Asier Garaialde

guifieh-asier

  • Guifi.net EHko partaidea

  • Hondarribian bizi den ekintzailea, emergentzia sareetan eta irratizaleen munduan interes berezia duena.

  • Guifi.net barnean Oreretako Gaztaño auzoko proiektuan murgilduta beste batzuen artean.

 

Zein da zure inplikazioa Guifi EH proiektuan?

Proiektuan ez dut paper zehatzik, proiektuaren beraren zale bat naiz. Guifi.net proiektuko sarea eta filosofia zabaltzen saiatzen naiz nire ingurune geografikoan, Euskal Herrian alegia. Guifi.net EH proiektuaren barnean dauden beste dinamizatzaile, zale, gogotsu bat naiz.

Gipuzkoa ingurukoa izanda bertan garatzen ari diren proiektuen berri izango duzu. Zein dira proiektu honen egoera eta etorkizuneko garapena inguru horretan?

Gipuzkoako zonalde horretan eta batez ere niri dagokidanez, ipar-ekialdea eta Nafarroako iparraldean orain arte batez ere Guifi.net proiektuaren zabalpena eta “ebangelizazioa” izan da nagusi. Instalazio praktikoak egin baino, orain arte proiektua deskribatu, jendea animatu eta proiektuak suposa dezakeena azaltzen joan gara. Batez ere, orain dela 10-15 urte egondako haririk gabeko komunitateetako jendearekin.

Zein dira proiektuaren inguruan gehien interesatzen zaizkizun puntuak ikuspuntu tekniko, baina batez ere sozialetik, lan militante hau aurrera eramateko.

Niri bi aldeetatik interesatzen zait, alde tekniko zein sozialetik. Alde teknikotik, telekomunikazioen zale bezala, esperimentatzeko eta ikasteko proiektuak daukan potentziala dela eta. Irratizale bezala, komunikazio teknologiak eta telekomunikazioak zale amorratua izan naiz beti.

Baina arlo teknologikoaz baino, Guifi.net moduko proiektuek duten arlo soziala interesatzen zait bereziki. Ezin dugu Guifi.net proiektura mugatu, munduko beste hainbat tokietan antzeko filosofia duten sareak daudelako, baina Espainiako Estatuan Guifi.net da mota honetako sare sozialen eredua.

Batez ere, hasieran Internetek zuen izaera berreskuratzen du. Kontrolik eta mugarik teknologiko edo komertzialik gabeko, berdinen artean konektatzeko aukera ematen duen sarea hain zuzen ere. Gaur egun Internet erabat komertziala izatera pasa da. Bakarrik ekonomikoki interesgarria den zonaldeetara zabaltzen da. Hornitzaile eta zerbitzu emaileen esku daudelako gertatzen da hori. Horregatik zonalde urbano edo landa eremuren batean ekonomikoki bideragarria edo interesgarria ez den zonalde bat badago, Internet gabe, konektatzeko aukera hori gabe gelditzen dira.

Guifi.net-ek aldiz hori ahalbidetzen du. Egituraketa horizontal bat erabiliz eta koste oso baxuekin, edozein herritar konektatu daitekeen sareak sortzen ditu. Sare horretan bertan, Internetera jo gabe barnean zerbitzuak ezartzeko aukera ematen du; horietako batzuk beharbada interes komertzialengatik inoiz egingo ez zirenak.

Azkenik, Guifi.net telekomunikazio eta zerbitzu sare sozial autogestionatua denez, ezagutzan eta teknologia oinarri dituen jendarte justuago bat eraikitzeko elementu estrategikoa dela uste dut.

Gorka Julio

2011, Azaroa 28
Arloa: Berba Bi