Hiru egun eta hainbat ordu, Montmelon

Jon Ordoñez

kir51_1.jpg


kir51_2.jpg

Kirol ekitaldi handi guztietan ikus daiteke denetarik, eta apirileko azken asteburuan Bartzelonako zirkuituan ere ez zen bitxikeriarik falta izan. 132.000 pertsona bildu ziren 1 Formulako auto karrera ikusteko, gehienak Fernando Alonso Renaulteko gidariaren jarraitzaileak. Non nahi ikus zitezkeen bere izena zeramaten txanoak eta alkandorak. Gidari espainiarrak, ordea, motorra hautsi zuen, eta Kimmi Raikkonen, Ferrariko gidari finlandiarrak, irabazi zuen. Bartzelonako zirkuitua Montmelo izeneko herrian dago. Goiz goizetik sortu ziren auto ilara handiak, eta pelouse-ko sarrera zutenek, zenbakitu gabekoa, goizeko seietatik hasi ziren lekua hartzen. Pelouse-a zelai txiki batzuk dira, lurrean esertzeko, eta karrera ondo ikusteko komeni izaten da goiz hartzea lekua. Toailak, maindireak… edozerk balio du. Ez da leku erosoa, baina bai giro ona izaten den tokia. 1 Formulara goiz iristeak hainbat abantaila ditu, eta karrera ikusteko leku ona hartzeaz gain, autoa uzteko leku ona aukeratzea abantaila horietako beste bat da. Ikusleak goiz guztian zehar pixkanaka iristen diren arren, 1 Formulako lasterketa amaitzen denean denak batera atera ohi dira, eta auto ilarak hiru ordukoak izaten dira. Parets herria hogei minutura dago oinez, eta askok hor uzten dute autoa. Apirilaren 27an goiz guztian etengabekoa izan zen zirkuiturantz oinez zihoan jende oldea. Kataluniarrez gain, espainiarrak, frantziarrak, italiarrak, ingelesak eta Europako leku guztietako jendea ikus zitekeen Montmeloko zirkuituan, eta tartean nola ez, baita euskal herritarrak ere. Ikurrina batzuk eta Athleticeko elastiko ugari zegoen pelouse-an, baita Nihaten izena zeraman Realeko bat edo Osasunazale beste bat ere. Gehien, ordea, Asturiastik (Espainia) iritsitako Alonsoren jarraitzaileak nabarmendu ziren. Gaitaren musika entzun zitekeen, eta gaitari horietako batek egurrezko oinetakoak zituen jantzita: bat Renaultena eta beste Ferrarirena.

kir51_3.jpg

1 Formula ez da soilik igandeko karrera. Lekua hartu dutenek ordu luzeei aurre egiteko modua bilatzen dute, eta ohikoena hamaiketakoa eta bazkaria egitea da. Eguzkiak gogor jo zuen asteburu guztian, eta ondoezik ez sentitzeko garrantzitsua da ura edatea. Erosketak egiteko karrotxoen gainean hozkailua jarri, izotza sartu, eta edari eta janari freskoa bermatu zuten modu horretan milaka eta milaka lagunek. Ohikoa izaten da, gainera, norberak aldamenekoarekin guzti hori partekatzea, baita ezinbestekoa den eguzkitarako krema ere. Baina 1 Formula ez da lasterketa bakarrik. Ostiralean autoak frogatzera ateratzen dira gidariak, bi aldiz, eta froga horiek ere, test-ak, ikusgarriak izaten dira. Larunbatean beste froga bat egiten dute, eta eguneko bigarrenean zirkuitu horretan azkarrena nor den erabakitzen dute; irteeran horrena izango da aurreko postua, pole position-a, eta horren atzean kokatuko dira besteak bezperan egindako denboren arabera, azkarrenak aurrean. 1 Formulan ezin daiteke esan inor motela denik, ezta azkena ere, izan ere, autoek 300 km/h.-tik gorako abiadura hartzen dute. Autoen joan-etorria ikusgarria da, itzuliz itzuli, eta zirkuituan karrera guztia ondo jarraitu ahal izateko pantaila erraldoiak daude. Bartzelonan Kovalainen finlandiarrak izan zuen istripuak soilik eten zuen giroa harmailetan. 240 km/h-ko abiaduran zihoala pneumatikoetako bat zulatu eta hormaren kontra jo zen. Zorionez, gaur egun gidarien segurtasuna oso handia da, eta bi egun geroago jada ospitaletik kanpo zegoen Kovalainen. Aitortu behar da zirkuituek eta autogileek lan handia egin dutela, eta ehun kilometro baino gehiagoko lasterketak ehuneneko batzuen aldearekin erabakitzen badira ere, segurtasunaren arloan ere aurrerapenak izugarriak direla. Motor oso indartsuak erabiltzen dituzte autoek, eta autoaren forma hegazkin baten moduan aireratu ez dadin prestatuta dago, azkar aritzeko prestatuta izateaz gain. Motorren hotsa handia da, eta ikusleek belarriak babesteko tapoiak behar izaten dituzte. Oso eraginkorrak dira tapoiak. Jantzi ezean, motorren hotsak min egin dezake belarrietan, batez ere zuzen guneetan, izan ere, azkenean etengabekoa da autoen joan etorria, eta urrutikoak ere gertu entzuten dira. Karrera 14:00etan hasi zen Montmelon, eta ordu eta erdi geroago amaitu zen. Gora-behera ugari izan ziren, Alonso eta Kovalainen erretiratzeaz gain, gidari gehiagok ere utzi zutelako karrera. Ferrarizaleek, ordea, gogoz ospatu zuten Raikkonenen garaipena. Koadrodun bandera altxatzeko unean, maindireak eta hozkailuak jaso, eta poliki-poliki etxera itzultzeko unea iritsi zen. Karreren denbora amaituta, errepidearen denbora hasi zen.

Egilea:

Jon Ordoñez

 

 

Jon Ordoñez

2008, Maiatza 01
Arloa: Kirolak