Eztabaidarako

Jon Ordoñez

kir52_1.jpg


kir52_2.jpg

Kirol profesionala gaur egun ikuskizun bat da. Kirolariengan pentsatzen dugunean, kirolari profesionalen izen eta aurpegiak etortzen zaizkigu burura. XIX. mendean kirola aisialdirako aukera bihurtu zen, baina gaur egun kirol profesionalak zerikusi handiagoa du antzinako kulturetan zuen kontzeptuarekin, XIX. mendean zuenarekin baino: alegia, lehia da, ikuskizuna eta borroka. Kirol profesionalak azken urteetan eman duen jauziarekin gizarteari dagokio une honetan kirola zer izan behar duen eta zer ez duen izan behar esatea. Gizonezkoen futbola da gaur egun kirolaren ikur nagusia Euskal Herrian, saskibaloiaren, txirrindularitzaren, eskubaloiaren eta errugbiarekin aurretik, eta kirola egitea osasuntsua eta dibertigarria dela esaten badugu ere, ezin esan dezakegu hori kirol profesionalaz; beste gauza bat da. Kontua ez da futbola gutxiestea edo gaur egun den bezala ez lukeela izan behar esatea, baizik eta kirol profesionala eta aisialdikoa bereiztea. Kirol profesionalak aspaldi utzi zion amateur izateari, eta gaur egun kirolaren kontzeptuarekin lotzen ez ditugun arazoak ditu: dopinga, milioi askotako kontratuak, babesleak, talde aldatzeak, zor handia… Emaitzei lotuta dago kirol profesionala gaur egun inoiz baino gehiago, eta horrek askotan etsipena eta ekar dezake. Horiek ez datoz bat kirolak orain gutxi arte zuen esanahiarekin. Ahaztu dezagun kirol profesionala, kontratu batekin kirola egiten duten kirolariak. Zer geratzen zaigu? Bada geratzen da mendia, eskolako kirola, eskola amaitu ondorengo partidak, lagunen arteko squash jokoak, spinning ikastaroak, herriko edo auzoko areto futbol txapelketa, pilota eskola, larunbat eta igande goizeko txirrindulariak, lanetik atera eta entrenatzera joaten den kirolaria, partida jokatzeko asteburua noiz iritsi sentitzen den irrika… Kirolari batengan pentsatzean gutxitan pentsatzen dugu bizilagunarengan, tartean behin kirol poltsa bat eskuan ikusten dugun horrengan.

kir52_3.jpg

“Kirola gustatzen zaizu?”, norbaitek galdetzen duenean kirola ikustea gustatzen ote zaigun galdetzen ari zaigu maiz. Ezin dugu ahaztu, ordea, kirol profesionalaren oinarrian kirol amateurra dagoela… edo agian ez? Oinarrian al dago benetan? Gogoetarako gaia da, izan ere, orain dela gutxi arte bi kontzeptu horiek lotuta egon diren arren, agian gaur egun, ez daude guk uste bezain lotuta. Zenbat dira berdintasunak eta zenbat ezberdintasunak? Hedabideek ematen dizkiguten datuen arabera, gazteek goiz uzten diote kirola egiteari, batez ere emakumezkoek. Kirol profesionalak gizartean duen presentzia, ordea, gaur egun inoiz baino handiagoa da, batik bat telebistan. Miresten eta animatzen ditugun horiek kirola egiten badute, zergatik ez dugu bada guk egiten? Etorkizunean kirolaz hitz egiten dugunean beste ikur batzuk bilatu beharko ditugulakoan nago, batez ere kirol profesionalaren eta amateurraren arteko bereizketa nabarmenagoa bada (Amerikako Estatu Batuetan gertatzen da jada, liga itxiak dira eta frankizia moduan egiten dute lan taldeek). Etorkizunean (eta hau da eztabaidarako ekarri nahi dudana) kirol profesionalaz eta amateurraz hitz egitean bi gauza ezberdinez hitz egiten ari garela aritu beharko dugu, ez oinarrian ezta muturrean ere antzik ez dutenak. Kirol profesionalak bere bidea segiko du, orain egiten duen bezala, eta amateurra profesionalaren itzaletik aterako da. Kirola aisialdirako aukera bat izaten jarraitzea nahi badugu, kirol afizionatuen elkarteak hartu beharko ditugu ikur, kirol zaleak, oinez, korrika, bizikletarekin, erraketa edo baloi batekin izerdi pixka bat atera nahi dutenak, osasuntsua delako, dibertigarria delako. Gogoeta egitea inoiz ez da alferrik, eta denborak esango du zer bide hartzen duen kirolak eta bide bera jarraitzen ote duen gizarteak. Kirola ikuskizuna eta lehia baino gehiago da, eta oker handia litzateke gizarteak azken bi mendeetan egin dituenak lorpenak XXI. mendean galtzea. Kirol amateurretik profesionaltasunera salto egitea lortu dute kirolari batzuek; gehienok, ordea, kirol profesional horretatik kirol amateurrera egin behar dugu salto orain. Eta horretarako bi gauza ezberdin direla barneratu behar dugu lehenik. PD: Espainiako Lehen Mailako futbol taldeak euren klubetako bigarren taldeekin beste liga bat, itxia, sortzea aztertzen ari dira, Bigarren A Mailako, Bigarren B Mailako eta Hirugarren Mailako taldeengandik bereizia. Ingalaterran ere horrela egiten da. Harrobia hobeto landuko dutela diote bultzatzaileek, eta azpiko maila horietako taldeek gehiago nabarmendu ahal izango dutela. Hori da, azken finean, eztabaidatu behar dena.

 

Egilea:

Jon Ordoñez

 

Jon Ordoñez

2008, Ekaina 01
Arloa: Kirolak