Naturaren olatu basatienetan
Surfa zenbaitetan estigma eta topikoen menpean dagoen kirola dugu. Bere nortasuna, beste hainbat jardueratan bezala, komertzialtasun eta merchandising-aren ur sakonetan barneratuta geratu dela ematen du. Horrela, kanpotik ikusita estetika eta jarrera zehatz batekin erlazionatzen den kirola izango litzateke surfa, ikusgarritasunaz haratago hutsa dirudien jarduera. Topikoetatik urrunago joatea inoiz ez dago sobera, eta surfaren kasua, jakina, ez da salbuespen.
Hortarako adibide egokia da Kepa Acero surflariaren kasua. Maiatzaren erdialdean irtengo da Namibiara bidean. Herrialde afrikarra izango da “5 olatu, 5 kontinente” erronkaren lehen jomuga. Getxoztarraren helburua mundu guztian zehar dauden olatu ezkutuak aurkitzea da, zenbaitetan inoiz surfeatu ez direnak, eta bertan olatu horiek bereak egitea. Namibiaren ondoren, Indonesiako Panaitan irla, Australia, Chileko Patagonia eta Mundaka etorriko dira. Azken olatu hau, harrigarri bezain sinbolikoa da. Azken finean, mundu zabalean ibili ondoren, sustraien eta nongotasunaren garrantzia azpimarratu nahi du Acerok.
Kirol jarduera huts gisa uler daiteke kirolari bizkaitarraren erronka hau. Izan ere, zenbait erreferente ditu buruan proiektuaren hastapenak. Nabariena, Pou anaia eskalatzaileak; “5 olatu 5 kontinente” izenak era esanguratsuan omentzen ditu arabarrak. Hortaz gainera, bakarrik kirol arrakasta lortzearen helburuak Unai Basuko nabigatzailearen oihartzunak dakarzkigula dirudi. Baina beste kirol batzuen eragin periferikoetaz gainera, surfaren esentzia bera berreskuratzea bilatzen du Kepa Acerok. Hastapeneko surflari bakarti eta erromantikoaren tradizioa berreskuratzea azken finean. Gizakia naturaren alderdi basatienaren aurka lehiatzearen lirismoa dastatzea da, hain zuzen, surflariak bilatzen duena.
Baina beste irakurketa bat ere bideratu daiteke, kirol esparruarekiko bateragarri dena. Beste ezeren gainetik bidaia planteatzen baitu kirolariak, munduan barrena hainbat toki eta kultura ezagutzeko eta uztartzeko parada. Txapelketetatik duela urte batzuetatik erretiratuta bizi da Kepa Acero, eta bere ibilbidean leku ugari ezagutu baditu ere, bidaia arin eta azalekoak izaten ziren beti. Tokian tokiko berezitasunak ulertzen uzten ez zituzten bidaiak. Horregatik, abentura honetan, kirol esparruak gizarte eremuari ere heltzen dio.
Hilabete honen erdialdean hasiko du, esan bezala, bere buruari planteatu dion desafio hau Kepa Acerok. Zenbait hilabete iraungo dituen bidaia izango da. Surflariak Namibiarako joaneko bidaia txartela baino ez duela erosi aitortzen du. Abentura onetan bezala, bidea ibili ahala eraikitzen joango baita.