Errebotetik bueltan datorren sakea
Egun Euskal Herriaren eremuan zesta puntak duen oihartzuna ikusita kontatuko baligute nonbait kirol honek frontoiak betetzen dituela, zesta puntalariak figura errespetatu eta goraipatuak direla, eta jarduerak adierazten duen zailtasunak txalo zaparrada izugarriak biltzen dituela, agian sinistea kostatuko litzaiguke. Bada, hala gertatzen da, eta ez da munduko bazter txiki batetako kasua, izan ere, zesta puntak traszendentzia aipagarria dauka Estatu Batuetako hainbat hiritan, Mexikon, Cuban edo Hego Amerikako herrialde askotan.Zesta punta, xistera... hainbat dira Euskal Herrian ematen zaizkion izenak, bertatik urruti Jai Alai hitz ederrak erabiltzen dira euskal frontoi kirol zaharrenari adiera emateko.
Euskal Herriaren eremuan begirunea suposatzen bazaio ere,bigarren maila batetan geratzen da gainontzeko kirolen itzalpean, frontoiaren kirolen artean ere, eskupilotak duen eraginak zanpatzen du nolabait. Eta bertan sortzen diren zestapuntalariak, paradoxikoa badirudi ere, itsasoa gurutzatzera behartuta daude ibilbidea garatzeko. Aintzinako artzain euskaldunen antzera, haiek bezala zaharkituta geratu den kontzeptu hori erabiltzen dute: "Ameriketara joango naiz zesta puntara jokatzeko..."
Bertatik urrun erabiltzen diren ohiturak kirolaren sustraiarekin erkatu nahiean, udan zehar ekitaldi berezia antolatu dute "Bilbo Jai Alai" ekitaldiaren bitartez. 10 gauetan zehar Bilboko Deportivo clubean eta Plentziako Jai Alai pilotalekuan, zesta punta txapelketak antolatu dira. Amerikar erara gainera, kinielen formatoa hautatu baita. Zortzi bikotek hartzen dute parte, eta tanto bakar batetan erabakitzen da nork jarraitzen duen kantxan. Horrela, bikote guztiak daude gurpil hortan sartuta eta belada bukatu orduko bikote bakoitzak eginiko tantuak zenbatzen dira garailea erabakitzeko. Eta ikutu amerikano hau ez da soilik apustuak arintzeko erabiltzen den kirol formatoan nabaritzen; kirola ikuskizun bilakatu nahi duten argi jokoz, musikaz eta publikoaren parte hartzea bilatzen duten lehiaketak ere planteatzen dira tartean.
Dena ere, munduko kirol azkarrena bezala ezagutua den jardueraren garrantzia aldarrikatzeko. Bere garaian galdu zuen publiko horrekin konektatzea lortuko duen edo ez oraindik ere airean dago. Edozein kasutan, jai alai honen ikuskizunaz gozatzeko aukera bertan dago.