Itsasoaren besarkadaren aurka lehian

Iker Zabala

Ziur asko aurkezpenik ere behar ez dute, baina Iker Martinez eta Xabier Fernandez euskal belaren kirolaririk nabarmenenak dira. Atenas 2004an urrezko dominaren irabazleak 49ers modalitate horren barnean, Pekin 2008an zilarrezkoa eskuratu zuten, eta munduko txapeldun hiru aldiz izan dira gipuzkoarrak. Marka izugarriak dira ezbairik gabe, edozeinek nahikoa izango luke ziur asko, eta arrakasta zerrenda loditzeko horren ondo egiten dutenean jardutea izango lukete helburu, munduko txapelketa gehiago lortzeko asmoz, edo joko olimpikoetako liburuan orri gehiago idazteko intentzioz. Baina erronka berriak bilatzea da lehen mailako kirolariaren ezaugarri. Horrela, bikote euskaldunak abentura gogorrari eman zioten hastapen iazko gabon zahar egunean. Barcelona World Race txapelketa dugu, duela pare bat aste bukatu zena eta bi regatistak bigarren postu ezin duinago batetan sailkatuta utziz.

kirolak_11_02_27

 

Lau urterik behin ospatzen den txapelketa da... edo hori da asmoa, 2011ko hau bigarren edizioa baita lehiaketa ezin gogorrago honentzat. Bi kide soilen tripulazioa duten itsasuntziek baino ezin dezakete parte hartu. Orotara 25.000 itsas mila baino gehiago zeharkatu beharko dituzte beraz lehiakideek Bartzelonatik irten eta hiriburu kataluniarrera berriz ere iritsiko diren arte. Munduko lurmutur nabarmenenak inguratuko dituzte (Esperantza Onarena, Leeuwin eta Hornos), Cook-eko itsasartea tartean zehazkatuz, eta Antartida estriborrean utziz.

 

Baina bi lagunak ez dira inolaz ere abenturaz ase. Oraindik ere badaukate munduan barrena eta itsasoaren gainean ibiltzeko gogoa eta indarra. Horrela, bukatu berri duten bidai luzearen nekea ezabatu ondoren Volvo Ocean Race lasterketan murgilduko dira. Munduari beste bira bat, kasu hontan eskalak baimentzen dituen lehiaketan. Telefonica taldeko itsasuntzi hortako kide izango ditugu beraz, Iker Fernandez patroi izango dela. Erabaki arriskatua bezala epaitu dute askok, izan ere, ez da ahaztu behar 2012ko ekainean hasiko diren Londresko joko olinpikoak ere badaudela etorkizunean. Bikote gipuzkoarrak ez du oraindik ere bere partehartzea baieztatu zita olinpikoan, izan ere, denboraz juxtu samar ibiliko dira. Alacanten azaroak 5ean hasiko den txapelketa honek hilabete ugari iraungo ditu, azkenik ekainaren 3an Galway-en bukatuko den arte. Egun hortan burutuko du Ikerrek bere hirugarren munduko itzulia eta Xabierrek laugarrena. Garaile izango diren edo ez oraindik ere galdera ikurpean jarri beharko genuke. Halere, halakoetan gertatzen den bezala, bidea iriste puntua baino askoz ere garrantzitsuagoa da. Garaipenak traszendentzia galtzen duelako naturaren mugak horren era muturrekoan bilatzen direnean.

Iker Zabala

2011, Apirila 30
Arloa: Kirolak