Bataiorik onena

Iker Zabala

Askotan aipatzen da krisialdi ekonomiekoetako ondoriorik lazgarrienetarikoa berritasunaren krisialdia ere badela. Baliabideak ez dauden heinean, arrisku eta ausardiarako argudioak txikitu egiten direla dirudi, eta estandarizazioaren tendentzia aspergarrian barneratzen gara ondorioz.

 

Zorionez, joera horietatik ihes egiten duten proposamenak baditugu eta garai hauetan horren bitxiak diren lehen edizioak ere izaten dira batzutan. Horren adibide Bilbon azaldu zen postal berezi eta insolitoa, kirol ekimen entzutetsu bilakatu baitzen bapatean momenturarte inongo traszendentziarik izan ez zuen disziplina. Larunbat goiza zen. Bilboko ibai ingurutik pasatzen zen jendeak jakinminez begiratzen zion ertzetan zegoen jendeari. Bainujantziak zituzten, eta itxuraren arabera ibaira sartzeko asmotan zeudela ematen zuen. Gehiegi ziren tankera hontan zebiltzanak zoro koadrila bat izateko. Orotara 477 ziren. Bilboko lehen Triatloi txapelketako partaideak. Proba hasi zenerako, 40.000 pertsona inguru zeudela kalkulatzen da, lasterketa jarraitzen eta ikuskizunaz gozatzen. Izan ere, Bilboko Nerbioi ibai hori, ehundaka igelariz bete zen, estanpa ezin ederragoa eratuz. Jakina, proba hau lasterketaren atal bat baino ez zen, gero etorri ziren bizikletaren tartea, eta baita korrika egin beharreko gunea ere. Guztira 110 kilometro hiru disziplinak batuta, proba gogor honen barnean. Jada publikoak amua irentsita zeukan eta ibaian ikusiriko ikuskizun ederrak proba osoa jarraitzera eraman zuen. Horrela, antolakuntzak ezarritako pantaila erraldoi horietan egin zuen denaren jarraipena, eta zirrara sentitu zuen kirolariekin batera.

kirolak_11_06_03

 

Zoragarri hasi zen egunak halere, bukaera are bereziagoa izan zuela esan genezake, izan ere, bi euskaldun gailendu ziren helmugan. Mundu mailan arrakastak lortuta ohituta dauden atzerritarren artean, Mikel Elgezabal eta Virginia Berasategiren izenak inposatu ziren, eta biek ere erakustaldi aparta burutu zuten. Egunaren borobiltze adierazgarriena izan zen.

 

Lehen edizioa izan zela esateak bigarren bat egongo dela ematen du aditzera. Argi geratu zen Bilboko zalegoak triatloiarekiko izan zuen jarrera. Azken finean, gauzak ezezagunak ezagutzen diren arte bakarrik dira ezezagun. Eta larunbat hark Bilboren eta triatloiaren arteko uztartzea suposatu zuenaren sentsazioa gelditu zen hiriburu bizkaitarrean.

Iker Zabala

2011, Ekaina 03
Arloa: Kirolak